Gure Hitza | 2025eko Azaroaren 20a
3919
Menane Oxandabaratz
Azaroaren 25a mundu osoan emazteek jasaiten duten bortizkerien kontrako eguna da. Emazteak, gehienetan bikotekidearen basakeriarengatik zaurituak edota erailak dira. Edozein klase sozialetako milaka biktima kontatuak dira. Gehienetan, nehork jakin gabean familietan gertatzen dira. Ipar Euskal Herriko zenbaki ofizialik ez bada, Frantziako estatuan urte hasieratik 137 feminizidio kontatu dira eta Hego Euskal Herrian errana denez bi emaztetik bat hunkia da.
Emazteen kontrako indarkeriak mundu osoan iraunkorra izaiten segitzen du. Oraino zenbaitzuk kontsideratzen dute familiaren arazo pertsonala dela. Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea denen ardura da, bortizkeria kasuak salatzea premiazkoa da. Biktimak diren emazteak prozedura desberdinetan lagunduak izan behar dira, informazio eta harrera guneak plantan jarri behar dira.
Sexu-indarkeria, mehatxupean eta pertsonaren baimenik gabe egiten da, erasotzaileengandik gehienetan ukatua da. Ezin onartua da omen jendarte zibilizatu batean, beti emazteak zapalduak, zanpatuak, bortxatuak eta erailak izan daitezen. Gugandik hurbil ala munduko beste puntan, emazte batzuk beren bikote lagunarengandik indarkeria psikologikoa eta fisikoa jasan behar dute. Gizon horiek emaztea menpekotasun egoeran atxikitzen dute. Erasotuak diren biktimak laidoen eta mehatxupean bizi dira, beldurra eta umiliazioa jasanez.
Indarkeria fisikoa zaurietan edo kolpeetan ikus daiteke, baina zenbait aldiz gordea da. Emazteek ez dute bizi dutena aipatzen, ez dute nahi jakina izan dadin. Ahalke dira, hobendun sentitzen dira. Bizi duten barneko sufrikarioarekin bizi behar dute. Kolpeak, erredurak, etxetik ateratzeko debekuak eta bahiketak jasan behar dituzte, beren autoestimua galtzen dutela.
Emazte migratzaileak ere indarkeriaren biktimak dira.Jasandako bortizkeria aitortzea zaila zaie. Ezin dute beren burua defendatu, ez baitute egonaldi baimenik, salaketa aurkezten badute kanporatzeko arriskuan dira. Atzerritar gisa, zaila da abokatu baten ordaintzea eta ondorioz defendatua izaitea. Ihes abian diren emazte horiek ezkontzera behartuak dira, mutilazio genitalak eta esklabotasuna jasan behar dute, aldi bat gehiago indarkeriaren biktimak dira.
Beti ona da gogoratzea lanjerean diren emazteek, 7 egunez, gau ala egun, 3919 zenbakira deitzen ahal dutela. Aditu profesionalek beharretan diren emazteak entzunen eta lagunduko dituzte.










