Ba ote dakixu? | 2025eko Azaroaren 20a
Robert Badinter (2/3)
Gilen Bacho
Gerla bukatu zelarik, Robert Badinterrek, bizirik atera ziren deportatuen egoera berrietan ikusiz, bere aita ez zela berriz itzuliko ulertu zuen. Halere, beti esperantza atxiki zuen: ”Ez duzularik zure burasoa hilik ikusia, idei bat egoiten da, kontzepzio bat, sufrimendu bat. Baina dolua ez da egiten. Luzaz, nire aita berriz agertuko zela amets egin dut.”
“Halabeharrez, ez bokazioz”
Ikasle dirdiratsua, Robert Badinter soziologia unibertsitatean sartu zen. Urte bateko diru laguntza lortu zuen eta Columbia unibertsitatera abiatu, non Einsenhower jenerala ikusi zuen. Parisera berriz itzuli eta, zuzenbide unibertsitatean sartu zen eta 1952an, doktoregoa lortu zuen. Bi urte aitzin, 1950ean, 22 urterekin, abokatu profesioaren gaitasun agiria lortu zuen “halabeharrez, eta ez bokazioz”. Bere lehen esperientziarentzat, ez zuen kausa handirik defendatu baina “justiziazko komedia” deskubritu zuen, laido edo bereizteko gutun faltsuak idatziz. Baina, laster, ospe handiko abokatu batekin lan egin zuen, Henry Torresekin. Torresek erretreta hartu zuelarik 1956an, Badinterrek klientela berri bat atxeman behar zuen. Orduan, egile eskubideen kasuetan berezitu zen, zinemagile eta aktore famatuak defendatuz (Jules Dassin, Charlie Chaplin, Brigitte Bardot, Sylvie Vartan, Coco Chanel...). 1966an, bigarren ezkontzan, Elisabeth Bleustein-Blanchet idazlearekin ezkondu zen. Ber urtean, Jean-Denis Bredin abokatuarekin partzuer jarri zen. Badinterrek sozietate, prentsa eta egile eskubideak bere gain hartu zituen. 1973an, François Mitterranden defentsa hartu zuen eta harreman berezi bat sortu zen bi gizonen artean. De Gaulle jeneralaren ilobak lider sozialista difamazioz akusatu zuen. Auzialdia justu parlamentuko hauteskundeen aitzinttoan erori zen baina Badinterrek prozedura akats zenbait erabili zituen auzialdia hauteskundeen ondotik egiteko. Badinter Alderdi Sozialistako kide bilakatu zen eta, 1976an, Mitterrandek “libertateen karta” idaztea eskatu zion.
“Lamaren klaska idorra”
Baina, Badinter gusturago zen Amnesty International edo giza eskubideen Ligan eta sustut abokatu gisa. Segitzen zituen dosier gehienak negozio zuzenbideari lotuak ziren baina bere fama zuzenbide penaleko afera zenbaiti esker eraiki zen. 1972an, Badinterrek Roger Bontems, hiltze-konplize izateaz akusatua zen. Claude Buffet-rekin jende bahiketa eraman zuen, Clairvaux-ko presondegian, zeinean zaindari eta erizain bat hil izan ziren. Baina Buffet-ek zituen hil eta ez Bontems-ek. Horretako, Badinterrek Bontems-en burua salbatuko zuela pentsatu zuen, Bontems-i erran zion bezala: “Aterako zizte, Bontems. – Segur, abokatu jauna?- Absolutuki.” Bontems heriotzara kondenatua izan zen, 1972ko ekainean, baina Badinter Pompidou presidenteak Bontems barkatuko zuela segur zen. Baina, ez zen hori iragan, eta azaroko goiz hotz batez, Santé presondegiaren korralean, Bontems gillotinara eramana izan zen. Badinter hor zen eta, L’Execution (Grasset, 1973) bere liburuan kontatu zuen bezala, ez zuen sekula ahantziko “lamaren klaska idorra geldigailuaren kontra”. Memento horretatik goiti, heriotza kondenaren ezeztapenaren aldeko borroka bere biziko kausa bihurtu zen.










