Orotarik | 2025eko Azaroaren 20a
Kukumarro
Xarles Videgain
Bardozeko mintzatzeko manera (1/2)
Badu zonbait urte Bardozen egun berezia antolatzen dutela “xarnegu” deitzen diren jendeen inguruan.
Frantziako unibertsitatean lehen aldiz euskarari buruzko katedra onartua izan zelarik postu handi hartan izendatua izan zen erakaslea René Lafon deitzen zen. 14ko gerlan soldadu izan zen, eta 39-45eko gerla denboran kurtsoak eman zituen preso kide zituen euskaldun lagunekin euskal mintzairaren inguruan. Euskarazko aditzak ximenki ikertu zituen bere tesian bai eta ere euskarazko idazle handiak hala nola Etxepare, Leizarraga eta Oihenart. Lehena izan zen Bardozeko euskararen ezaugarriak agerian utzi zituena.
Atlasaren kondu, inkestak egiten han ibili nintzelarik, mintzatu nintzen bardoztar zonbaitekin: Leonie Berhocoirigoin anderea, (erresistentziako medaila eman zioten), Marie-Jeanne Garat Pomirou, Edouard Dechessary, Anna Damestoy eta Léon Larroudé. Inkesta batzu han egin nituen Martin Haase Alemaniako lagunarekin, hura berdin gaskoinez edo euskaraz ari baitzen, biak ikasirik, xarnegu bilakaturik. M. Haase harritua egon zen Edouard Dechessary alemanez mintzatu zitzaiolarik eta gehiago dena Haaseren aitaren alemaniera mota bera (Pomerianakoa) eman zuen gure bardoztarra han egon baitzen preso.
Goazen aitzina. René Lafonek ohartarazi zuen Bardozen ü noiztenka egiten zela Amikuzen eta Zuberoan bezala. Egia erran, ez nuen sobera sinesten: ü hori ez zuten berehala eman haiekin mintzatzen hasi nintzelarik. Alabainan norbait mintzo delarik beste euskalki bat ematen duenaren aitzinean bere mintzaira alda lezake eta ahalaz kukutzen bereziki ditu bere mintzatzeko manera bereziak. Bardozen konparazione, “amiñi bat”, “kotxia”, “apur bat” hitzen ordez, “xapo bat” erraiten da. Jakizu “xapo bat” hori ez nuela berehala entzun ez eta ere delako ü. Bainan emeki emeki konfiantza hartzen badute, ohartzen dira ene lana ez dela haien mintzatzeko jujatzea, haztatzea edo gutiestea. Eta etxean bezala hasten dira mintzatzen, herriko ezaugarriak eta delako ü hori barne emanez.
Ondorioz, egia da Bardozen ü erraiten dela hitz laburretan; thü (ez thu), üsü (ez usu) baina ere azerü eta ez azeri, bülüzgorri, eta ez buluzgorri, güsü eta ez gisu. Erraxü ere bai. Barka xehetasunetan sartzen balin banaiz. Erraxü hortan Bardozek Zuberotik eta Behenafarretik hartzen du, ezen Zuberoan zü baizik ez da erraiten eta ez xü salbu Lohitzüne aldean. Baxenafarroan edo zu edo xu, ez zü ez xü. Bardozek, lapurtarra izanik ere, bietarik hartzen du eta erraxü hibridoa erabiltzen du, mugan delako frogatuz.
(Segida heldu den astean)











