Herriz Herri - Sara (L) | 2025eko Azaroaren 20a
Sarako Izarra Pilota - Jondoni Martine - Eguberriko merkatua - Pilota - Errugbia
Sarako Izarra Pilota
Hazilaren 14an arratsarekin lezeetako gelan iragan da biltzar nagusia, 50 bat jende presente ziren. Guy Mounho lehendakariak deneri ongietorria egin die eta urteko bilana eman du. 20 final jokatu dituzte, eta 14 irabazi, 5 Euskal Herri batzordean, 4 Frantziako txapelgoan, 4 Union Basquen bai eta Euskal Selekzioan bat. Orotara 90 pilotari badira, partidak Sarako eta Amotzeko trinketetan egiten dituzte, ezkerparetan Azkainen eta errebotekoak plazakoa eta Omordikoa ere polikiroldegian. Partida anitzetan Jakes Iriarte izaten dute juje, hezitzaileak esku-huskan Pantxoa Olazagazti, Daniel eta Mattin Mariluz, xisteran Guy Mounho. Txapelduneri eman dizkiete txeke bana. Gero mintzatu dira udako manifestazioneez, ongi aritu direla bertze elkarteekin. Bruno Martin diruzainak eman ditu kontuak, lan anitz egin behar dela bainan manifestazione horiek diru laguntza handia ekartzen dutela erran du, bai ere Herriko Etxetik, lantegietatik eta borondate onezko anitzetatik, hortako kontuak positiboan dituzte. Lehendakariak eskertzen ditu pilotariak, bere bulegokoak, entrenatzaileak eta buraso guziak. Guy lehendakariak egin du abisu bat, baduela 14 urte bulegoak hartu zuela pilotako elkartearen kudeantza eta orain aspertuak direla eta uzten dutela beren kargua, beraz izan dira bozak bulego berriarentzat. Ondotik izan da pintxo eta edateko denentzat, haur eta heldu, dena umore onean.
Bulego berria: lehendakaria: Denis Endara, sekretarioak: Maite Goyeneche, Aurelie Behotegui, diruzaina:Fançois Chaulet, kideak: Tapia Xavier, Arribillaga Eneko, Jauregui Iñaki, Lekuona Aritz, Munho Guy, Iribarren Unai, Sancinena Jakes, Indaburu Gaelle eta Urrutia Borda Edurne.
Jondoni Martine
Beteranoen eguna izigarri ongi iragan da. Meza, loreak eman bi hilarrietan, aperitifa Herriko Etxeak ofreitua eta ondotik bazkaria Pikasarri jatetxean. Jean Jacque sukaldariak, jateko onak eginak zituen, 21 bazkaltiarrak izigarri kontent agertu dira eta eskertu dute Jean Jacques. Heldu den urte arte.
Eguberriko merkatua
Hazilaren 29an larunbatarekin iraganen da, San Josepe eskolak antolaturik (9:00-18:00), Lur Berri gelan. Hor izanen dira, herriko lantegiak, beren gauza ederrekin, izanen da ere jateko eta edateko. Izanen da joko bat 8 urtez goitiko haurrentzat, egun guzian, interesatua denak izena eman behar du hazilaren 25a aitzin, parte hartzea 10€.
Igandean, hazilaren 30ean (9:00-16:00), selauru hustea, beti Lur Berri gelan, xehetasunak eta izen ematea: apel.sare@gmail.com, hor ere egun guzian jateko eta edatekoa bertan.
Pilota esku-huska trinketean
Lehen mailan: Iribarren Unai-Lecuona Aritz galtzaile 17-40 urruñarren kontra. Larrechea Peio-Etcheverry Unai irabazle 40-25 Noizbait-en kontra. 2. mailan: Etxeberri Pacheco Manex-Zozaya Eñaut irabazle 40-29 Airetik-en kontra. 4. mailan: Alfaro Ellande-Jauregui Iñaki galtzaile 25-40 Mauleren kontra. Fagoaga Eneko-Errandoea Xan irabazle 40-25 Goizeko Izarraren kontra. Gazteak: Alduntzin Kaiet-Marin Imaz Eneko irabazle 40-15 Denek Bat-en kontra. Zabaleta Huerta Auritz-Larrañaga Ekhi galtzaile 00-40 Senpereren kontra. Gaztetxoak: Goyeneche Mikel-Sanjurjo Behoteguy Jon irabazle 40-34 Kanboren kontra. Jauregui Peio-Lopes Kepa irabazle 40-26 Amikuzeren kontra. Kimuak: Babace Leizagoien Oihan-Zabaleta Orhi irabazle 40-14 Senpereren kontra. Lafitte Mattin-Lefranc Koskarat Gilen irabazle 40-38 Senpereren kontra. Andueza Agirre Peio-Bareyre Battit irabazle 40-00 Kapito Harriren kontra. Umetxoak: Delgado Apeztegia Maialen-Iturbide Petti irabazle 20-07 Senpereren kontra.
Errugbia
Saran, Sarak irabazi du 49-07 Asasp Arroren kontra. Heldu den igandean, Sara Theze-ren kontra ariko da (15:00).











