Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2025eko Azaroaren 20a
Heriotze - Hiru sortze - Petizio - Herriko Etxearen aldizkaria - Pilota
Heriotze
Anttoneneko Kattin Landart (Carriquiry sortua) zendu da 89 urtetan. Aitzineko asteazkenean iragan dira ehorzketak, Baigorriko elizan. Doluminak familiari.
Hiru sortze
Plazer bat da holako berrien aipatzea, bakan gertatzen baitira. Hiru sortze ukan ditugu herrian edo herriari lotuak, zonbait egun barne: Ioritz sortu da Yaissa Arreguy Rey eta Antton Haristoyren familian. Ez dugu dudatzen Idairak jakinen duela anaia ttipiaz arduratzen.
Otikorene Okilanberroko Maider Dolosore eta Julen lagunak ongietorria egin diote heien lehen haurrari, Estebe deitu duten muttikoari.
Goresmenak ere Germieta Etxeberriko Argia Olçomendy eta Battitt Pecoitz aintzildarrari, neskatxa sortu baitzaiote, Joana eman diote izena.
Petizio
Petizio bat Baigorrin dabila egun hauetan, Etchebarren anderearen sustenguz. Berriki arte, “France services” egiturarentzat lan egiten zuen herriko Postan bainan Hazparneko zerbitzura igorria izan da. Hauxe dio mezuak: “Baigorriko eta Garaziko ibarretako jendeek ez dakigu zer gertatu den eta ez dugu ulertzen. Etchebarren anderearen laguntza eta profesionaltasuna gozaturik, orain gure kexua bikoizten da ikusiz nolako disfuntzioak izan diren, ixilka partitzera bortxatu duten Etchebarren anderearen joaitearen ondorioz. Ez dugu egoera hau onartzen, badakigu bere lana maite zuela eta ongi senditzen zela Baigorrin. Ekartzen zaukun laguntza alimalekoa zen eta denetarik estimatua. Petizio hunen bidez, Postako karguduneri galdatzen diotegu Etchebarren anderea berriz Baigorriko Postara itzul dadin eta bere lana baldintza onetan eta trabarik gabe eremaiteko ahala ukan dezan”.
Etchebarren andereari sustengua azkartuz doa. Joan den igandean, petizioak bazituen jadanik kasik 850 sinadura edo izenpedura bilduak.
Herriko Etxearen aldizkaria
Baigorriko harat-hunaten berri emaiten duen kaseta etxera heldu zauku. Huntan emanak diren artikuluen artean, galdeketa bat atzemaiten da Bortzirietako laku edo aintziraz. Bereziki, huntaz zer dakigun, han ibiltzen girenez eta tokia nola apaila ditaikeen gure ustez. Euskal Herriko CPIE egiturak kudeatzen du lan hau.
Bestalde, badira ere xehetasunak adinekoak etxean atxikitzeko zerbitzu berriaz, egiten ari diren obretaz (besteak beste “Larrazkena” erretreta etxean eta Kurutxetako lantegi gune xedean) eta jitekoak diren xantierretaz.
Gero, nahas mahas,hilerriko parte zaharraren berriz eraikitzea, Herriko Etxeak daraman elektrika fotovoltaikoa sortzeko proiektua, hirigintza plan berria, Errobi errekako uholdeeri buru egiteko programa, “Zubikonkorra” elkarte berria eta beste...
Ehun urtetan berriki joan zaukun Marie Jeanne Arambel ere omentzen du aldizkariak.
Pilota
Igande arratsaldean, lehen mailako bi partida jokatu dira Baigorriko trinketean.
David Barrenetche-Andoni Larre (Zaharrer Segi) 40/Maxime Etcheverry-Cyril Haristoy (Denek bat) 22.
Eneko Ibarrola-Amaiur Jauregi (Zaharrer Segi) 37/Gregory Agirre-Jean Philippe Benesse (Urruñarrak) 40.











