Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Azaroaren 20a
Kultur proposamena - Euskararen urtaroa - Zinegin - “Eguneko arantza” liburua - Otxaldek 50 urte
Kultur proposamena
Herriko Sozial Zentroak, Baionako Scène Nationale-arekin elkarturik, hiru ikusgarritara joaitea proposatzen die herriko erretretatuei prezio berezian. 54€-tan ondoko hiru emanaldi hauetara joan daiteke:
“Démocratie!” Baionako antzokian, abenduaren 7an (17:00), “Gernika” dantza ikusgarria Bilaka konpainiak emanik, Lauga gelan, otsailaren 22an (17:00) eta Akitania Berriko Ganbara Orkestraren musikaldia, Angeluko Quintaou gelan (17:00).
Sozial zentroak izen emaitea eta garraioa segurtatzen ditu eta interesatuak abisatzen ditu behar orduan. Xehetasun gehiagoren jakiteko 05-59-70-29-07ra deitu behar da.
Euskararen urtaroa
Euskal Elkargoak apailatu kanpainaren karietara, “Plisti Plasta” kontzertu-dantzaldia emanen da azaroaren 22an (10:00) Pierre Espil mediatekan. Alabena konpainiak du ikusgarri parte hartzaile hori proposatzen. 2 eta 7 urte artean duten haurrei zuzendua zaie eta 40 minutu irauten du. Tokiak aitzinetik atxiki behar dira mediatekara maila igorriz edo telefonatuz.
Beti kanpaina horren barne, Ezkia Ikastolak Ttattola gaztetxera luzatzen du gomita hau:
Azaroaren 26an (19:30) “Adriene Bergson-Johnson” antzerkia Itzuli konpainiak emanik.
“Coaching kolektibo ariketa horrek, texastar enpresariaren konferentziak, euskal kultura folkloretik atera eta ispilu berezi baten aurrean ezarriko du ikuslea...”
Zazpietarik goiti eta ikusgarriaren ondotik aperitifa hartzen ahalko da. Prezio librean.
Zinegin
Jadanik aipatua dugun Zinegin festibala azaroaren 20tik 23ra iraganen da Haritz Barne gelan. Gelan ikusiko diren filmez gain hara zer izanen den ere: larunbatean (9:30) “Fablabean” urririk, Adur Larrearen animazio bat, larunbatean beti, Ttattola gaztetxean (21:30) kontzertuak: Alba zine kontzertua, Ke Lepo & Felix Bluff eta Panda Valium, igandean (10:00) zine tailerra haurrendako Haritz Barnen.
GaineratekoaZinegin gunean ikus daiteke.
“Eguneko arantza” liburua
Eric Fotorinok zuen liburu hori idatzi frantsesez (“La pêche du jour”) duela zonbait urte. Liburu hortan Mediterraneo aldean immigranteei egina zaien harrera aipatzen du molde berezian... bainan deus egiten eta begiak hesten dituztenak ere aipatzen ditu. Bada bi gogoetaren egitekoa!
Itxaro Bordak liburu hori euskaratua du. Hazparne Inguruko Irakurle Taldeak liburu horren zati bat irakurtzea deliberatu du, musikak lagundurik.
Azaroaren 27an arratsaldez lizeo eta kolegioetako gazte batzuen aitzinean emanen du eta arratsean (20:30) Haritz Barnen orori idekia den emanaldia izanen da.
Antolatzailea Bidekoekin/Solidarité elkartea da.
Bestalde biharamunean (19:30), emanaldi bera eskainiko da Baionan Bil Xokon, hau Etorkinekin/Diakiterekin muntatua delarik.
Irakurleak Txomin Hegi eta Janine Urruty dira. Musika eta kantuan Pantxix Bidart ariko da.
Otxaldek 50 urte
Otxalde taldearen urtemuga ospatzeko, taldeak gomita luzatzen dauku Hazparnera, Mendeala kiroldegira, azaroaren 29an. Talo eta ostatu Beskoitzeko ikastolaren alde (18:30), Gaitamik txarangak animazioa segurtatuz. KontzertuaOtxalderekin batera (20:30), gomita andana bat entzun eta ikusteko parada izanen da. Pestak segituko du Gaitamik txarangaren soinuarekin eta Beskoitzeko Ikastolako talo eta ostatu goxoekin (22:30). Txartelak 12€-tan Helloassogunean baita Lurra Hazparneko saltegian eta Beskoitzeko tabako dendan.











