Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Azaroaren 20a

Lapurdi 1609 elkartearen omenaldia - Liburua Familian igandean - Arranoen Begia tailerraren erakusketa - Euskal Herriko “Comedy Club” - San Martin ongi ospaturik - Eskubaloiaren paella

HartzaKantuz taldea Inharrian artisauen egunean
HartzaKantuz%20taldea%20Inharrian%20artisauen%20egunean

Lapurdi 1609 elkartearen omenaldia

Azaroaren 25a dago emazteek pairatzen dituzten indarkerien aurkako nazioarteko eguna. Karia hortara, Lapurdi 1609 elkarteak omenaldia antolatua du 1609ko sorginkeriaren kontrako auzien biktimei buruz, hauetan emazteak gehienak. Astearte arratsaldean (18:00), omenaldiaren diskurtsoa Nestor Bazterretxearen “Oroit Mina” obraren saihetsean, baita biktimen izenekin beteriko plakaren ezartzea. Jarraian aurreskua eta bertsoak. Segipena iraganen da Larreko aretoan (18:45), zintzur bustitze batekin, baita mutxikoak Ithourria plazan. Asisko Urmenetaren euskarazko film dokumentalak “Sorgina, banaiz” emanen dio bukaera ekitaldiari (20:00).

Liburua Familianigandean

Ohargabean, 10. edizioaren txanda hor dugu, irakurleen plazerarendako, Larreko kulturgunean, azaroaren 23an (9:30-18:30). Hastapenean, nehork ez zuen asmatua ekitaldi hunek holako iraupena ukanen zuela. 10 urte berantago, abentura eder honetan parte hartu duten guziak, eginiko bideaz harro egon daitezke. Aurten gaitzeko programa dugu, ekitaldiaren izarrak izanen direlarik bi idazle ongi ezagunak, Itxaro Borda eta Jean Sauvaire senpertarra. Gela handian aurki daitezke argitaletxe frango eta autore asko eta asko. Atarian, mintzaldiak eta eztabaidak, (11:00) euskarazko autoreen presentaketa, 15:00etan aldiz frantsesezko idazleak.Lehen estaian ikuskizunak, erreserbatzea komeni dago, (10:30) “Flipluf” Alabena konpainiak emanik, euskaraz, urte batetik 8 urtera. “La Catcheuse et le Danseur” Manœuvre konpainiaren eskutik (11:30). “Loratzen” euskarazko emanaldia Bat Egin konpainiaren eskutik (15:30), dantza, antzerkia, musika eta kanta. Eszenatoki handian “Timaka” Dorient Kalyren frantsesezko kontakizunak (17:00). Gozatzeko parada ezin hobea.

Arranoen Begia tailerraren erakusketa

Hemengo argazkilarien obrak ikusgai dira azaroaren 24tik abenduaren 4ra, Larreko kulturguneko sarreran. Argazki tailerreko kide bakoitzak bere hautuzko eta gai inguruko bospasei argazki erakusten ditu, Telethonaren karietara.

Euskal Herriko “Comedy Club”

Larreko antzokian, Aryton Gomes, Richard Sabak, Elies, Morgan Meli, frantziar 4 umoristek beren unibertsoak erakustera gomitatzen gaituzte. Duela ez aspaldi hiri handietan ematen ziren ikuskizunak, orain kanpainako bidea hartuz geroz sekulako arrakasta ari dira biltzen. Gaurko, beharrezko irriaren terapia azaldua zauku, azaroaren 28an (19:15 eta 21:15). Nola ikusgarri hunek jendalde ederra biltzen duen, egin lehenbailehen erreserba: https://www.en-pays-basque.fr.

San Martin ongi ospaturik

Betidanik entzun eta usu frogatu dugu, San Martinetako uda, aurten hala gertatu da, gaitzeko egun eguzkitsu eta epelarekin. Bi hitzordu nagusi, batetik XX. mendeko bi gerla handietako hilen oroitarrian betiko elkarretaratze jendetsua iragan da mezatik landa, ondotik zintzur bustitzea Herriko Etxean. Aldiz Ibarrungo Inharria baserrian artisau-artisten besta antolatua zen, Arbaso elkartearen eskutik. Honen lehendakaria biziki kontent agertu da, usaian baino parte hartzaile gehiago ikusi dutelakoan, artisauen baita ikusleen aldetik. Giro ongi animatua, herritar kantari gazte taldeak HartzaKantuz euskal errepertorioko kantu zahar eta modernoen nahasketa polita eskaini du. Berezitasunetan, Erdi Aroko jantziekin arotzak animaturiko tailerra haurrekin, erakutsiz nola fabrikatuak ziren garai bateko armak, hauetan ezpatak. Janarietan, betiko ardi gasna, eztiarekin eginiko gozokiak baita mamiak eta bertze, sabelen baita gogoen asetzeko.

Eskubaloiaren paella

Larreko atarian, azaroaren 30ean, igande goizarekin (10:00-13:00) eskuratzen ahalko da “Tonton” sukaldari ospetsuak preparatu paella. Mokofin guziek ez huts egin, manatu behar da azaroaren 23a aitzin, sms-a igorriz 06-71-60-09-48 zenbakira.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3810. zbk

Gure Hitza | 2025/11/20

3919

Menane Oxandabaratz


Azaroaren 25a mundu osoan emazteek jasaiten duten bortizkerien kontrako eguna da. Emazteak, gehienetan bikotekidearen basakeriarengatik zaurituak edota erailak dira. Edozein klase sozialetako milaka biktima kontatuak dira. Gehienetan, nehork jakin gabean familietan gertatzen dira. Ipar Euskal Herriko zenbaki ofizialik ez bada, Frantziako estatuan urte hasieratik 137 feminizidio kontatu dira eta Hego Euskal Herrian errana denez bi emaztetik bat hunkia da.

Emazteen kontrako indarkeriak mundu osoan iraunkorra izaiten segitzen du. Oraino zenbaitzuk kontsideratzen dute familiaren arazo pertsonala dela. Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea denen ardura da, bortizkeria kasuak salatzea premiazkoa da. Biktimak diren emazteak prozedura desberdinetan lagunduak izan behar dira, informazio eta harrera guneak plantan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016