Gogoa hazi | 2025eko Azaroaren 20a

Gracias a la vida

Mandio


1973ko estatu kolpearen ondotik txiletar frango Frantziara etorri zen, bortizkeriari ihes. Petto Olhagaray apeza, Argentinan egona, hasi zen jende horieri harrera egiten Urruñan, atseden lekua eskainiz beren oporraldietarako. Tote Saldubehere Apezetxe berean bizi zen. Parte hartu zuen iheslari gaixo horien sosegatzen. Oroitzen da lehena izan zela Eliana, argazkian besarkatzen duen hori, Valparaison, Patok antolatu piaia hunkigarri hartan zehar.

Petto Urruñatik joan zelarik Totek ildo beretik segitu zuen, ongietorria egiten ziotela adiskide berri horiei bere apez ibilbideko toki guzietan. Gaur egun ere.

Berrikitan zendu zaigu gorago aipatu Pato hori, Patricio Gajardo apeza.

Parada ona gogoratzeko zer gertatu zitzaion txiletar anitzi Pinocheten diktadura garaian.

1976an, Finlandian egin prentsaurreko batean, jasan tratu txarrak salatu zituen Patok, bai eta ere bere andreak eta haren lagun batek. Hona haien deklarazioen zati batzuk:

Patok: atxiloketaren testuingurua.

Eliza katolikoko apez gisa, egia eta justiziaren aldeko lekukotasuna ematera nator… Kristok bere Ebanjelioan agindu didanari leial izan naiz: egia eta justiziaren lekuko izatea, hala beharrean nor berak bere bizia arriskatuz...

Nere omonier-ageria eskutan, hiru presondegitan bisitak egiten ahal nituen… Ikusi nuenean arazoa ez zela soilik espirituala, baina ere materiala, harremanetan sartu nintzen Comité Pro-Paz erakundearekin… presoek lanerako baliabideak ukan zitzaten, eskuak okupatu… eta aldi berean diru-sarrera txiki bat erdiets zezaten… beren emazteei eta… seme-alabei beren lanaren fruitua igortzeko…

Atxiloketa.

Nire bi lankideekin batera atxilotu ninduten emazteen presondegiaren aitzinean. Egun hartan, L. P. bakarrik sartu ahal izan zen, aste bat lehenago aurkeztua bainion hango zuzendariari…

Haren beha nengoela, ikusi nuen DINA poliza sekretuko bi agenteen artean ateratzen! Nere autoarekin hurbildu nintzen bertze lankidea nerekin nuela, A. H., eta nire omonier-ageriak aurkeztu nizkien agenteei.

Esan zidaten “egoera bat argitu behar zutela”. Identifikatzea galdetu nioten eta horrek haserre bizian eman zituen. Bortizki erantzun zuten eta beren nagusia deitu zuten: Osvaldo Romo*Hunek erran zidan Pro-Paz batzordeak argitaratutako desagertuen zerrendari gehituko ninduela: 119 desagertuengatik protesta egin bazuten, ni izango nintzela 120garrena… Sei orduz galdekatu ninduten, beti begiak estalita. Azkenean, irakurtu ez dudan dokumentu bat sinarazi zidaten.

Nire atxiloketa denboran, egunean 9 edo 10 pertsona Villa Grimaldira sartzen zirela ohartu nintzen, hilabetean 300 bat, denak torturatuak hain segur.

A.H. -ren lekukotasuna:

…Hamar egun bakartuta egon ondoan, berriro Villa Grimaldira eraman gintuzten, egunez, begiak berriz ere estalita scotch zinta eta oihal batekin. L. P. gela batera sartu zuten… Ni ondoko gelan nengoen, eta haren oihuak entzuten nituen. Nere aldia etorri zen. Bortxaz biluzi ninduten, kolpeak eman, eta burdinazko ohe bati lotu, besoak eta zangoak zabalik. Deskarga elektrikoak eman zizkidaten gorputz guzian, luzaz…

Hiruak kargurik gabe atera ziren presondegitik. Ulertarazia izan zitzaien haatik hobe zutela Txiletik alde egitea.

Geroztik Txilera joan-jinka ibilirik, bi familia eder hazi dituzte Frantzian L.k eta Patorekin ezkondu zen A.k.

Hil da beraz Pato, merezi zuen elizkizun aparta egin diote, hil kutxa inguratzen zutela Biodantza* taldeko bere lagunek. Bertze iheslari torturatua izana batek, Gabriela Barrenechea kantari handiak, eskaini zion ezin hobeki Violeta Parraren Gracias a la vida!” *


* DINAko komandante bat. 1995eko elkarrizketa batean hau zioen: “Egin duzuna berriz eginen zenuke? -Bistan da baietz. Gogorkiago: ez nuke nehor bizirik utziko.”

* Bizi poza suspertzen duen metodoa, txiletar batek sortua.

* Aire ahizpek euskaraz ematen dute.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3810. zbk

Gure Hitza | 2025/11/20

3919

Menane Oxandabaratz


Azaroaren 25a mundu osoan emazteek jasaiten duten bortizkerien kontrako eguna da. Emazteak, gehienetan bikotekidearen basakeriarengatik zaurituak edota erailak dira. Edozein klase sozialetako milaka biktima kontatuak dira. Gehienetan, nehork jakin gabean familietan gertatzen dira. Ipar Euskal Herriko zenbaki ofizialik ez bada, Frantziako estatuan urte hasieratik 137 feminizidio kontatu dira eta Hego Euskal Herrian errana denez bi emaztetik bat hunkia da.

Emazteen kontrako indarkeriak mundu osoan iraunkorra izaiten segitzen du. Oraino zenbaitzuk kontsideratzen dute familiaren arazo pertsonala dela. Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea denen ardura da, bortizkeria kasuak salatzea premiazkoa da. Biktimak diren emazteak prozedura desberdinetan lagunduak izan behar dira, informazio eta harrera guneak plantan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016