Azalekoa | 2026ko Apirilaren 09a
Kokaleku berritzailea eta bioklimatikoa
A.E.
Amalurra deitu bizigunea laster Luhuson idekiko da, Jean-Pierre Harriet auzapez ohiarekin bildu gira hobeki jakiteko gune horren xedea zein den. Arnaud Simon kudeaketa hartuko duen makearrarekin ere solastatu gira. Bisita egin dugularik ofizialeak xinaurri lanetan ari ziren, obrek beranta hartua zutela.
Herriko Etxe baten proiektua
Jean-Pierre Harriet oroitzen zen garaian Luhuson hiru ostatu bazirela, orain hiruak hetsiak, gehitzen zuen: “Herritarrak biltzeko ostatuak gune egokiak dira”. Arnaud Simon eta Fanny Dacosta bikoteak barnealdeko herri batean bizi-gune baten muntatzeko xedea zuen. Horren berri ukanik Luhusoko Herriko Etxeak kontsulta bat antolatu zuen, herritarrak ados agertu zirela proiektuaren finantzatzeko eta obren kudeatzeko lanak hasi ziren.
Eko-eraikuntza
Obrak kasik bururatuak dira, Luhusoko auzapez ohiarekin bisitatu dugu. Atea idekitzean toki kuttun batean sartzen gira, parean zurezko eskailerak, paretak hor berean bildu lohiz emokatuak, egur pikor berogailuak, komunak eta garbi-gelak errekuperatu gauzekin, eko-eraikuntza batean gira. Argi-estalgiak herrian den berinagileak ekoiztu ditu. 400 metro karratuko eraikinean, azpian sukaldea, ostatua, jatetxea, janari saltegia eta coworking lanean hartzeko gunea. Lehen solairuan alokatzeko bi bulego eta erakuts gela dira. Jean-Pierre Harriet-ek zioen proiektua Herriko Etxeak adostu zuenean, baldintza bat adostu zela eraikuntzarako materiala ekologia izan behar zuela. Urte bat eta erdi iraun duen obran 17 ofiziale desberdinek lan egin dute. Kontzeptu ekologikoan eraikia izan da, material naturalak erabiliz eta energiaren gastuak kontutan hartuz.
Orotara 1,4 milioi kostatu da, Herriko Etxeak %30a inbestitu du, gaineratekoa FEDER-ek, Estatuak, Akitania Eskualdeak, Departamenduak eta Euskal Elkargoak. Ekonomia Zirkularreko Baliabide Zentroarekin (CREC) lankidetzan proiektua eramana izan da.
Amalurra herritarren gunea
Arnaud Simon eta Fanny Dacosta Amalurra kudeatuko dutenek, jadanik ostalaritzan lan egina dute. Arnaud Simon-ek kontatu dauku bikoteak aspaldi huntan barnealdean epizeria/ostatu baten muntatzeko xedea zuela, lehen anitz herritan ziren bezala. Barnealdeko Herriko Etxe andana bati galdea igorri zioten beren proiektuaren berri emaiteko. Luhusoko herriak baikorki erantzunik, proiektua abiatu da. Kudeatzaileak zioen: “Izanen den ostatu-epizeria nahi dugu leku atsegina izan dadin, fazoinik gabekoa, deneri idekia. Nahi dugu luhusoarrentzat eta auzo herritarrentzat bilgunea izan dadin”.
Jatetxe herrikoian sasoiaren arabera platera konbinatuak proposatuak izanen dira, 35 bat pertsona errezibitzen ahalko dira. Ibilkarientzat ere eskaintza berezia proposatuko da. Arnaud Simon-ek zioen animazio batzuen egitea pentsatua dutela, deus ez da oraino finkatua, lehenik komertzioa abiarazi beharko baitute. Mus txapelketak bezalako gertakariak ere antolatuak izanen dira.
Tokiko ekoizpenen saltegia
Ostatu ondoan janari saltegia izanen da, erreximenta, haragia, gasna, eztia, txokolatea, ogia, kafea… izanen da hautua. Jean-Pierre Harriet-ek zioen lekuko laborarientzat eta kontsumitzaileentzat inportantea dela zuzenean saltzeko toki baten ukaitea.
Arnaud Simon-ek erran dauku arrazoizko prezioan salduak izanen direla, kudeatzaileek ez baitute irabazirik eginen. Herri inguruetako laborariek beren ekoizpenak ekarriko dituzte, berek saltzen duten prezioan erosten ahalko dira. Partaideen artean hitzarmen bat izenpetu da. Bestalde edozein janari saltegietan bezala eguneroko produktuak atzemanen dira.
Laster abiatuko
Azken obrak bururatzen ari dira, apirilean idekitzeko xedea da (7:00-20:00), asteazkena egun osoa eta igande arratsaldea hetsiak izanen dira.
Elkarrizketa bururatzean Arnaud Simon-ek Luhusoko Herriko Etxea eskertu nahi ukan du, bikote gazteari konfiantza egin diolako.











