Ba ote dakixu? | 2026ko Apirilaren 09a

Lionel Jospin (¼)

Gilen Bacho

Ezkerraren historiaren figura nagusia, alderdi sozialistaren liderra, diputatua, ministroa eta, bost urtez, “Ezker pluraleko” lehen ministroa, Lionel Jospin martxoaren 22an, 88 urterekin, pausatu da. Berriak emozio handia sortu du frantses anitzen artean, eta partikulazki “ezkerreko populuan”, zeinean haren aipamenak bi sentimendu azkar eta kontraesankorrak sortzen dituen, denbora uros baten nostalgia, zeinean ezkerrak “bizia kanbiatzen” zuen, eta, ber mementoan, kontzientzia txar bat, 2002ko apirilaren 21eko gauean sortu zena, eta ez dena sekula osoki ezabatu.


“Ezkerra, nire ama hizkuntza”

Lionel Jospin 1937ko uztailaren 12an sortu zen, “Frente popularraren bukaera denboran”, usu erraiten zuen bezala. Bere ama, Mireille Dandieu, bere aitaren bigarren emaztea zen. Biek elgarrekin lau haur ukan zituzten. Emazte emagina, militante feminista, izpiritu libre eta bihurria, 90 urterekin oraino, 2001ean, karrikan ibili zen bere lankide ohiekin, greban zirenak, bere semea lehen ministro zelarik! Duintasunean hiltzeko eskubidearen alde elkarteko kide zen eta bere hiltzea programatu zuen, 92 urterekin, 2002ko abenduan. Lionel Jospinek idatzi zuen bezala, “ingurumen ideki, libre, baina balore etikoen inguruan antolatua zena” handitu zen. “Ezkerra, (bere) ama hizkuntza” zela poliki erran zuen. Bere haur denborako oroitzapen ahaztezina 1944ko agorrilaren 26an iragan zen, bere aitaren, Robert Jospin, espalden gainean, De Gaulle jeneralaren Eliseo zelaiaren jaustea bizitu zuelarik. Lionel Jospinen aurkariek usu bere aitaren engaiamenduak erabili zituzten lider sozialistaren atakatzeko. Bere belaunaldiko gizon anitz bezala, lehen mundu gerlaren itsuskeriak traumatizatuta, Robert Jospin bakezale kartsua izan zen eta, horregatik, 1938ko Municheko akordioen aldekoa izan zen eta, memento batez, Vichyko erregimenaren aldekoa ere. 1944ko apirilean, Seine-et-Oise-ko prefetak Meudoneko herriko hautetsi gisa izendatu zuen. Horregatik, SFIOtik kanporatua izan zen gerlaren ondotik, berriz barneratua izan aitzin 1950eko hamarkadan.


Aljeriako gerlaren kontra

Lionel Jospinek harreman zalapartatsuak ukan zituen bere aitarekin baina “bakezale idealista” horren memoria, René Dumont-en laguna zena, beti defendatu zuen. Segurki, bere aitari pentsatu zuen, 1998ko azaroaren 5ean, lehen ministro gisa, Craonnen, 1917ko mutirien errehabilitazioa aldarrikatu zuelarik, “sakrifikatzeari uko egin” zioten gizon horiek “zolarik gabeko etsimendu batean” zirenak erranez. Lionel Jospin protestante fedean hezia izan zen. Bere komunioa egin zuen (“eskuko ordulari bat ukaiteko” berantago erran zuen bezala) eta Frantziako Argilari Bateratuetan (elkarte protestantea) sartu zen, “mihi zale” izenpean, non bere patruilaren buruzagia Michel Rocard zen (“Hamster jakintsua”). Pariseko Janson-de-Sailly lizeoan ikasle izan zen eta baxoa 1954an lortu zuen. 1956an, Pariseko politika ikasketen instituan sartu zen, ikasle diru-laguntzadun gisa. Saskibaloi partida anitz egiten zituen, partikulazki Claude Allègre lagunarekin. UNEF sindikatuan sartu zen eta Aljeriako gerlaren kontra engaiatu. Horregatik, Guy Mollet-ren SFIOaren posizioen kontra altxatu zen eta Ezkerreko Sozialisten Batasunean (UGS) sartu zen, 1960an Alderdi Sozialista Bateratuari (PSU) juntatuko zen alderdia.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3829. zbk

Gure Hitza | 2026/04/09

Korrika aitzin-gibelka

Ainhoa Etxenike

Kasik bi aste iragan dira Korrikako lekukoa Bilbora arribatu denetik. Parte hartze handia ukan du aurtengo edizioak, gau eta egunez, Euskal Herriko edozein xokotik.

Parte hartzaileen kopuru emendaketari dagokionez haatik, dudatzekoa da denek Korrikaren mezu eta baloreekin bat egin dutenez…

Urrun joan gabe ere, aski da ikustea Donibane Lohizuneko Jean-François Irigoien auzapezaren zerrendako batek Facebook-en igo duen publikazioa, frantses hutsean idatzirik, nun dioen: “Frantziako lau bazterretan, eskualdeko hizkuntzen transmisioa bermatu eta haien erabilera sustatu behar dugu. Euskara, korsikera, bretoiera, alsaziera edo okzitaniera altxor neurgaitzak dira, gure zibilizazioaren sakontasuna eta aberastasuna erakusten dituztenak. Horregatik, arrunt naturala zen euskararen garapenerako egunerokoan lan egiten duen Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak 2026ko Korrikan gogotsu parte hartzea”....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016