Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Apirilaren 09a
Erakusketa - Kantaldi - Mus lehiaketa - Pilota
Erakusketa
Apirilaren 10etik 13ra, Haltya jauregian izanen da Eliane Jolyren erakusketa. Izanen dira ohi ez bezalako sorkuntza asko: argazki, kolatze, margolan eta pertsonalizazioak. Egun horietan erakusketa bisita daiteke (10:00-19:00). Kontaktua: Haltya ondare eta kultur elkartea.
Kantaldi
Boubamed elkarteak beti ekarri du laguntza atzerritik askotan denak galdurik edo deus gabe etorri diren etorkineri. Elkarte hori Diakite frantses federakuntzako kide da. Urtero bezala karitatezko laguntza ekartzeko kantaldia antolatua da, apirilaren 10ean, Arruntzako elizan (20:30). Aurten gomitatua du Ezpeletako Ezpela gizon korua hau elkartasunez urririk etorriko dena. Jestu hori eskertzekoa da. Sartzea libro izanen da bakotxak gero eskaintza egiten ahalko duela. Ongi etorri deneri.
Mus lehiaketa
Uztaritzeko ikastolak eta Aldaska elkarteak antolatzen dute partzuergoan mus lehiaketa apirilaren 18an Jatsuko trinketean. Galdegina izanen da 12 euro jokolarika. Irabazle pareak eskuratuko ditu 300 euro eta txapeldunordeek 150. Izenak hartuko dira tokian berean (14:00), bainan eman daitezke aitzinetik telefono huntan: 06-59-35-71-44. Lehiaketa partidak oren bat berantago hasiko dira (15:00). Arratsalde osoan jan edariak segurtatuak izanen dira tokian berean. Inbido hordagoak libro.
Pilota
Euskal Ligako txapelketaren kondu, joko garbin eta errebotean partidak hasiko dira heldu den astetik haste, finalak jokatuko direla uztailean. Kapito Harrirentzat 8 talde izanen dira joko garbin eta 4 errebotean. Partidak Ipar Euskal Herri osoan banatuak dira. Suerte on gure pilotarieri, bereziki aurtengo urte huntan ospatuko baitira Kapito Harriren 100 urteak, geroxago aipatuko dena hemen ere.










