Gure Hitza | 2026ko Apirilaren 09a
Korrika aitzin-gibelka
Ainhoa Etxenike
Kasik bi aste iragan dira Korrikako lekukoa Bilbora arribatu denetik. Parte hartze handia ukan du aurtengo edizioak, gau eta egunez, Euskal Herriko edozein xokotik.
Parte hartzaileen kopuru emendaketari dagokionez haatik, dudatzekoa da denek Korrikaren mezu eta baloreekin bat egin dutenez…
Urrun joan gabe ere, aski da ikustea Donibane Lohizuneko Jean-François Irigoien auzapezaren zerrendako batek Facebook-en igo duen publikazioa, frantses hutsean idatzirik, nun dioen: “Frantziako lau bazterretan, eskualdeko hizkuntzen transmisioa bermatu eta haien erabilera sustatu behar dugu. Euskara, korsikera, bretoiera, alsaziera edo okzitaniera altxor neurgaitzak dira, gure zibilizazioaren sakontasuna eta aberastasuna erakusten dituztenak. Horregatik, arrunt naturala zen euskararen garapenerako egunerokoan lan egiten duen Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak 2026ko Korrikan gogotsu parte hartzea”.
Lekukoak Euskal Herriko 7 probintziak zeharkatu baditu, ematen duenez, ez da hala izan mezuarentzat.
Publikazio hunen komentarioetan, mezu hori zabaldu duenarekin ados ez zirenek beren desadostasunaren berri eman dute. Donibane Lohizuneko zerrendakoak erantzun gisa, besteak beste, “Euskara ez da nehorena, eta oraino gutiago instrumentalizatzen dutenena” edota “Beharrik ezker abertzale guzia ez dela zu bezain erradikala, bestenaz, euskara aspalditik hila izanen litzateke” idatzi du, frantsesez.
Korrikako lekukoa hori pentsatu eta erran dutenen esku tartetik ere pasa da.
Maleruski, kasu batzuetan iduritzen zait moda fenomeno bat bilakatu dela Korrika. Anitzek parte hartzen dute jakin gabe egiazko helburua zein den, edo zabaldu nahi diren baloreekin bat egin gabe ere.
Korrika ez baita soilik furgoneta baten gibeletik korrika egitea, zurezko makil batekin eskutan, kantuz eta oihuka, kameraren aitzinean irriñoa eginez. Korrika ez baita goizeko hirutan iratzargailua ematea, gauez parte hartzera joateko, adrenalinaren bila.
Euskarak bizirik iraun dezan, AEKk egiten duen lana ezinbestekoa da. Hizkuntza baten ikastea, baliatzea, babestea eta defenditzea furgoneta baten gibeletik korrika egitea baino anitzez zailagoa bada ere, urratsez urrats bidea marrazten lortuko dugula sinetsi behar da, gau eta egunez, kontrako haizearen kontra bada ere.










