Orotarik | 2026ko Apirilaren 09a

Kukumarro

Xarles Videgain

Urtzintz egitea

Latinez ez dakit mintzatzen eta nik urtzintz egitea diot hori gertatzen zaidalarik. Eta Zuberoan urtzañez erauntsi dizü erraiten da. Euskal Herrian hiru mintzatzeko manera badaude. Iparraldean beraz urtzintz egitea edo urtzain. Hegoaldean, Gipuzkoan eta Bizkaian doministeku egitea, Nafarroan atijan, atixu egitea. Gero han-hemenka arroxin egitea ere. Baina arroxin hori ez ote da gure aharrausia eta beste zerbait da, Iparraldean bederen. Urrunago ikusiko dugu arroxin erraitea ez dela guziz faltsua.

Urtzintza ttipia izan daiteke edo azantz handikoa, bat bera artetarik igorria edo bata bestearen ondokoa urtzintz talika bat sortzen delarik. Horra zer dioen Xaho idazleak: “Hire ürzain batek emaiten dik lürrari ikhareria”. Eta Etienne Salaberrik ere aipatzen du: “Parisek egiten badu urtzinez, hartzen du sukarrak mundua”. Beraz entzuten da.

Bitxi dena da gorputzaren mugimendu hori nola hartzen duten jendeek eta anitzetan nolako formula ateratzen duten norbaitek urtzintz egin orduko. Iparraldean “doministeku” erraiten da ondotik, edota “ehun urtez, astean oilo bat janez, urtean haur bat eginez”, edota “ehun urtez” eta besteak dio: “zu kondazale”. Nafarroan atixa egiten duenari berdin: “doministiku”.

Eta delako arrosoin egiteaz horra zer dioen Azkuek: “hiru aldiz arrosoin eginen dik eta nehork Doministikun erraten ez badio, haurra hil eta horren arima infernura eramanen diat”.

Gipuzkoan norbaitek doministu egiten duelarik erraten zaio: “Jaungoikoa lagun eta oinak arin”. Bizkaieraz erraiten dute bi gauza egin behar litezkeela goizean ongi iratzartzeko, lehenik haiek dioten bezala, nagiak ateratzea, hots gorputza osoki luzatzea, eta gero doministiku egitea. Biek osagarri atxikitzen dutelakoan.

Xerkatu dut zergatik ote gauza berdintsua erran behar den euskararen eremu osoan, hots Jainkoa aipatuz eta osagarria ere. Eta ohartu naiz sineste horren arrastoa badela beste hizkuntzetan. Konparazione, frantsesezko 1348ko testu batean “éternuer” erran ordezerraiten zen: “Dieu t’ait!” erran nahi baita “Jainkoak har hazala”. Eta ondotik erraiten du testuan gauza bera gertatzen zela “quand quelqu’un baille” hots norbaitek aharrausi egiten duelarik. Orain konprenitzen dut zendako Nafarroan aharrausi, arroxin erabiltzen ahal den urtzintz erran gabe. Gehiago dena urtzintz edo aharausika ari zenak aitaren egin behar zuen, zeinatu behar zen, zernahi gerta ere.

Jendeek, euskaldunak barne, pentsatzen zuten urtzintz eginez barnetik, hots burumuinetik kanpora zerbait aurtikitzen zela. Eta zioten jendea urtzintzka ari zela bereziki heldea, planeta, eritasun bat hedatzen ari zelarik. Seinale omen zen hura.

Gauza hori entzun dut Itsasun, han jendea izurritearekin zegoelarik, eta norbaitek urtzintz egiten zuelarik, lagunek erraiten zioten: “Jainkoa zurekin eta banoa!”. Beraz ez zen marka ona urtzintz egitea. Oroitarazten dut “Jainkoa zurekin” latinez itzultzen balin bada “Dominus tecum” emaiten duela.

Azken ohar bat. Urtzintzak burua hunkitzen du, burutik heldu da, ez ahotik pokerra edo opetsa bezala, ez ipurditik putza edo uzkerra bezala. Eman dezagun beraz halako noblezia baduela gure urtzintzak. Preseski Jesu Kristo aitzineko IV. mendean horra zer zioen Aristoteles filosofo famatuak: “Zergatik ote urtzintza jainko bat gisakoa da, hori ez delarik gertatzen ez eztulaz ez marrantaz. Ez ote da gertatzen urtzintza burutik heldu delakoz, burua dugularik arrazoinaren egongia eta beraz gure baitan jainkoaren partea?”. Urtzintza bera denen gainetik balego bezala.

Izigarria atzematen dut nola sinestearen arrastoak irauten ahal duen mendeetan gaindi hitzen eta formulen bitartez. Ehun urtez!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2026/04/09

Haziak mintzo

Hendaiako San Bixente eskolako CM-ko ikasleak

Haziak%20mintzo

Euskal dantza eta Korrika Ttipi

Euskal dantza emanaldia

Lehen aldikoz, San Bixente eskolan euskal dantza emanaldia antolatua izan da pasa den martxoaren 20an. Ikasle elebidun guziek proiektuan parte hartu zuten, bakoitzak bere dantzak prestatuz. Agintariena, Zazpi jauziak, Txotxongilo eta Sorgin dantza, adin guzietako haurrek eskolako jostaleku betean aurkeztu dute periodo oso baten lana. Burasoek beren haurrak txalotzeko aukera paregabea ukan zuten. Milesker handi bat Maitane dantza erakasleari!

Korrika Ttipi Hendaian ere!

Martxoaren 27an, hiriko ikasle elebidun guziak gonbidatuak izan dira ekitaldi koloretsu honetan parte hartzera. Handienek zuten hasiera eman Ikastolako aparkalekutik. Ibilbidean zehar, besteek loditu zuten pelotoia eta ama eskolakoek azken zatian eraman zuten lekukoa. Esfortzuaren ondotik, errekuperazioarena dator, bixkotx, fruitu eta...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/04/09

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

Eski ateraldia 4. eta 3.endako

Urtarrilaren 24an, larunbatez, 3. eta 4.eko ikasleekin eski ateraldia burutu zuen kolegioko Olagarroa kirol elkarteak, Gouretten.

Goizik esnatu behar ukan zuten denek, baina egunak merezi izan zuen, elur mordoak itxoiten baitzituen mendian.

Goizeko 6:00etan abiatuz, bidea luze egin zitzaien gure eskiatzaileei, errepideko elurrak lerroak sortu zituen eta 10:30ak ziren eskiatzen hasi orduko. Dena den eguerdiko pausa laburtu eta gozatzeko denbora sobera ukan zuten. Arratsaldean, alokatutako materiala itzuli eta etxerako bidea hartu zuten krakadaz gozatuz autobusean.

Egunean zehar elurra egin bazuen, ez zen traba izan ongi eskiatzeko eta elur freskoaren gainean bikain eskiatu zuten parte hartzaileek, haien mailen arabera banaturik.

Mila esker ateraldian parte hartu zuten 49 ikasleei eta nola ez, ateraldia egin dadin laguntza eman duten langile eta laguntzaile guziei!

Aupa...

Irakurri segida

3829. zbk

Gure Hitza | 2026/04/09

Korrika aitzin-gibelka

Ainhoa Etxenike

Kasik bi aste iragan dira Korrikako lekukoa Bilbora arribatu denetik. Parte hartze handia ukan du aurtengo edizioak, gau eta egunez, Euskal Herriko edozein xokotik.

Parte hartzaileen kopuru emendaketari dagokionez haatik, dudatzekoa da denek Korrikaren mezu eta baloreekin bat egin dutenez…

Urrun joan gabe ere, aski da ikustea Donibane Lohizuneko Jean-François Irigoien auzapezaren zerrendako batek Facebook-en igo duen publikazioa, frantses hutsean idatzirik, nun dioen: “Frantziako lau bazterretan, eskualdeko hizkuntzen transmisioa bermatu eta haien erabilera sustatu behar dugu. Euskara, korsikera, bretoiera, alsaziera edo okzitaniera altxor neurgaitzak dira, gure zibilizazioaren sakontasuna eta aberastasuna erakusten dituztenak. Horregatik, arrunt naturala zen euskararen garapenerako egunerokoan lan egiten duen Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak 2026ko Korrikan gogotsu parte hartzea”....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016