Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Apirilaren 09a

Aberri Eguna Pausun - Urruñarren liburuak Sarako Biltzarrean - Aupa euskal muslariak! - Udaberriko talo besta - Urruña aldizkarirako kolaborazioak - Urruñako organoa ezagutzeko bisitak - Elealai antzerki besta

Aberri%20Eguna%20Pausun%20-%20Urrunarren%20liburuak%20Sarako%20Biltzarrean%20-%20Aupa%20euskal%20muslariak!%20-%20Udaberriko%20talo%20besta%20-%20Urruna%20aldizkarirako%20kolaborazioak%20-%20Urrunako%20organoa%20ezagutzeko%20bisitak%20-%20Elealai%20antzerki%20besta

Aberri Eguna Pausun 1934ko Aberri Egunaren afixa

Aurten euskaldunen egun handia, Aberri Eguna, zenbait tokitan ospatu dugu: EHBaterak Lizarran (martxoaren 28an, larunbatez) eta apirilaren 5ean, hau da, berpizkunde igandean, EHBaik Baionan, EHBilduk Iruñean, EAJ-k Bilbon, Jardun Koordinadorak Gernikan…, eta Bidasoaldeko EAJ-koek Urruñako Pausu auzoan, elizaren aitzineko plazan, hain zuzen. Deialdi gehiegi aberri bakarra pizteko eta askatzeko!

Urruñarren liburuak Sarako Biltzarrean

Apirilaren 6an, hau da, Pazko astelehenean, urtero data hauetan Sarako kiroldegian egiten duten Idazleen Biltzarra izan zen, eta arrakasta handiz gainera, jende anitz hurbildu baitzen bertan salgai ziren ekoizpenak ikustera. Han izan zen salgai Urrunaga elkarteak urtero plazaratzen duen Urruña aldizkariaren 7. zenbakia; Xera Urrutiaren azken bi liburuak: “Barneko galderak” olerki liburua (Maiatz) eta “Hilketak herrian” eleberri beltza (Zortziko), azken honen istorioa Urruñan kokatzen da; Joseba Aurkenerenaren azken biak: “Euskal izarra beti pizturik” euskal gai bilduma (Dakit) eta “Hodeiertzeko olerkiak” olerki liburua (Amalur-Baita); horietaz gain, hor izan zen salgai Joritz Larrazak espainieratik frantsesera itzulitako liburua Joseba Elosegik idatzi zuen: “Je veux mourir pour une cause” jadanik mitikoa den liburu biografikoa (Zortziko).

Aupa euskal muslariak!

Martxoaren 28an, larunbatez jokatu zuten Euskal Herriko XVII. mus txapelketa nazionalaren finala Gipuzkoako Villabona herrian eta Bixintxo Etxegoinberri eta Patrik Loustau xiberotarrak atera ziren txapeldun, biak Urdiñarbekoak.Zorionak irabazleei eta finalera iritsitako muslari guziei. Oroit dezagun, EHko mus txapelketa Iparra-Hegoa herri ekimenetik sortu zela, eta horretan urruñarrek eta segurarrek lan handia egin zutela garai hartan, eta egiten jarraitzen dutela. Adibidez, hortxe dugu Xerar Urrutia Jorajuria urruñarra, beti antolamendu lanetan ibiltzen dena, urtez urte, txapelketaz txapelketa, akitu gabe eta beti aitzina. Milesker zuri, Xerar, euskal herrigintzan egiten duzun lan baliosagatik!

Udaberriko talo besta

Udaberriak eguraldi ederra ekarri digu, eta odola berritu zaigula dirudi. Hori dela eta, Pausuko Xaia ostatuan ostegunero eskaintzen duten talo besta berritu eta indartu dute. Ostegunetan, arratseko lehen orenetan, bada lagun giro ederra aipatu ostatuan: musika goxoa, taloak, arno eta sagarno ona, patata moleta, gilda gazi-gezak,… eta horretaz gain, euskal prentsako aldizkari ugari denon eskura.

Urruña aldizkarirako kolaborazioak

Urrunaga kultur elkarteak jakitera eman digunez, jadanik prestatzen hasiak dira azaroaren erdialdean plazaratuko duten Urruña aldizkariaren 8. zenbakia. Kolaborazioa igorri nahi duenak bidal dezala helbide elektroniko honetara: amalur.baita@gmail.com.

Urruñako organoa ezagutzeko bisitak

Urtero bisita gidatuak antolatzen dituzte Jondoni Bixintxo elizako organo ederra hurbiletik ezagutzeko. Aurten, uztailean eta abuztuan, asteartero (18:00) izanen direla aditzera eman dute. Bisitak bukatu ondotik (19:00), euskal dantzak eta kantuak ere ikusgai izanen dira. Urriaren 20an eta 27an, asteartez, bisita gidatu gehiago izanen dira (17:30). Informazioa: 05-59-26-92-71.

Elealai antzerki-besta prest

Jadanik, Urruñako Herriko Etxearen laguntzaz urtero antolatzen duten Elealai euskarazko antzerki ekitaldiaren egitaraua prest dago, eta ekainaren 6tik 8ra iraganen da. Ekainaren 7an, igandez, eta Zokoa auzoko Aisialdi egoitzan, Etxobor eta Tor Magoen “Aztikeriak” izeneko saioa izanen da (16:00), urririk. Ekainaren 8an, astelehenez, Nanoua konpainiaren “Tumbalatum” izeneko antzezkizuna Zokoa auzoko aisialdi egoitzan (11:00), urririk. Beraz, haur antzerkia izanen da, 8 hilabetetik 3 urtera bitarteko haurrentzat, eta lagunduko dituzten helduentzat. Iraupena: 25 minutu. Beraz, aurten ere, ukanen dugu Urruñan euskal antzerkiaz gozatzeko parada.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3829. zbk

Gure Hitza | 2026/04/09

Korrika aitzin-gibelka

Ainhoa Etxenike

Kasik bi aste iragan dira Korrikako lekukoa Bilbora arribatu denetik. Parte hartze handia ukan du aurtengo edizioak, gau eta egunez, Euskal Herriko edozein xokotik.

Parte hartzaileen kopuru emendaketari dagokionez haatik, dudatzekoa da denek Korrikaren mezu eta baloreekin bat egin dutenez…

Urrun joan gabe ere, aski da ikustea Donibane Lohizuneko Jean-François Irigoien auzapezaren zerrendako batek Facebook-en igo duen publikazioa, frantses hutsean idatzirik, nun dioen: “Frantziako lau bazterretan, eskualdeko hizkuntzen transmisioa bermatu eta haien erabilera sustatu behar dugu. Euskara, korsikera, bretoiera, alsaziera edo okzitaniera altxor neurgaitzak dira, gure zibilizazioaren sakontasuna eta aberastasuna erakusten dituztenak. Horregatik, arrunt naturala zen euskararen garapenerako egunerokoan lan egiten duen Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak 2026ko Korrikan gogotsu parte hartzea”....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016