Azalekoa | 2026ko Ekainaren 25a

“Lurdes Euzko Aur Etxea”

B.S.

Manuel Yntxausti
Manuel%20Yntxausti

Euskal Herriak jasan duen hondamen bortitzenetarik bat ez ote da izan 1936 eta 1937an jasan duena Franco diktadorearen manuz eta alemanek egindakoa? Euskal Herriaren kontrako erasoaldiak hasi zirelarik, Gipuzkoako eta Bizkaiko milaka haur eta emazte erbesteratuak izan ziren eta itsasontziz asko bildu ziren Frantziara, Bretainia Handira, Belgikara eta ere Oleron ugartera. Euskal Iparralde huntarat ere etorri ziren Irunen muga pasaturik Jatsu eta Donibane Garazira. Ondorioz 34 haur, 6 eta 13 urte artekoak (21 neska eta 13 mutil), etorri ziren Lapurdi Jatsurat. Baziren 11 gipuzkoar eta 23 bizkaitar, azken hauetan zirela askok hemen ezagutu dugun Jon Lopategi bertsulari txapeldunaren hiru arreba. Jatsun, hasieran ez ziren etorkin horiek begi onez ikusiak, “gorriak” zirelako beldurrarekin.

Arima salbagarriak hor ziren

Manuel De Ynchausti Romero, Filipinetako Manilan sortuak, bi erresumetako nortasun ageri bazituen, filipinarra eta espainola soldadugoaz geroztik. Oroz gainetik demokrata, katolikoa eta Euskal Herria maitez egiazko euskalduna zen. Pio XI aita sainduak San Gregorioren Zaldun izendatua zuen. Zuzenbidea ikasirik Madrilgo unibertsitatean lizentziatua zen. Manuel gizon diskretuak eta Ana Belen Larrauri bere andreak haurrak errezebitu zituzten jabe partikular bati alokatu Denisenea etxean. Kristau sineste handikoak zirela, haurrak bildu eta hasieratik mezetarat ereman dituzte. Hori ikustean herritarren aldetik giroa eta egoera goxatu eta hobetu zen. Bikoteak baitzuen Lurdeseko ama Birjinaren debozio handia Jatsuko etxe hori izendatu zuten: “Lurdes Euzko Aur Etxea”.

Tokiko bizimoldea

Haurrak, kolonia moldean hor aterpetuak izanen dira eta egonen 1937tik 1939ra. Txertoak eginak izanen zaizkie deneri. Hamabost bat langile eta irakaslek (horietan bi apez) artatuko dituzte, jatekoa eta garbiketak segurtatuko. Elikadurak erosten zituzten eta herritarrek eskainirik asko ere errezebitzen. Heziketa ere egina izanen zaie haurreri eskolen moldean euskaraz eta euskal kultura aipatuz. Baina beste irakatsiak izanen zaizkie musika, mekanografia, marrazkia, argazkigintza, baratzeko eta etxeko lanak, frantsesa eta katixima. Manuel Yntxaustik ez zuen diru aldetik arazo handirik, umila, eskuzabalekoa eta bihotz onekoa zen; berak ditu haur horien gastu guziak ordaindurik ezarriko denbora osoan. Ez da sekula aski eskertua izanen. Munduko bigarren gerla hastean, ongi artatuak eta lagunduak izanik ere, haurrek onartu zuten berriz Hegoalderat beren etxerat itzultzea, heiek falta zutena zen beren gurasoekin harremana, nahiz artetan gutunez berriak bidali. Haurrak berriz aberriratu ondoan Yntxausti familia joan zen zonbait urterentzat Kanadara lehenik eta ondotik New-Yorkera.

Jatsun berriz bildu

Duela hiru aste maiatzaren 30ean oroitzapen eguna ospatu da Jatsun Yntxaustiren Teileri etxean. Egun horrentzat Donostiatik Luisa Juanbeltz Sarasola etorri da, bera baita 34 haur horietarik bizi den bakarra oraino 97 urtetan. Manuel Yntxaustiren alabak, Miren eta Arantza (gure irakurle fidelak), ingurura bildu zaizkio eta heiekin adiskide ezagun asko, gerla aitzineko garai hori aipatuz. Historia ederki kondatua da Jon Urutxurtu Bengoetxeak 2025ean plazaratu duen “Lurdes Euzko Aur Etxea” liburuan, euskaraz eta gaztelaniaz. Zorigaitzez gaur egun Jatsun Denisenea etxea osoki desegina izan da eta haren tokian bizitegi berriak egin dira. Eguna bukatu dute bazkari baten inguruan Larresoroko Aldaburua jatetxean.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3840. zbk

Gure Hitza | 2026/06/25

Ezpeleteneko moldean

Jean-Louis Harignordoquy

Baxenabartarrek ezagutzen dute Larzabaleko Ezpeletenea ostatu-jatetxea, zointan denboran hainbertze eztei apairu zerbitzatuak izan diren. Azken urte hauetan arrakasta bildua du kultur ekitaldiekin. Ekainaren 13an, Eñaut Etxamendiren lagunek muntatu kantu bazkaria miresgarria izan da, bazkaritik haste, gauza guziak hain ziren untsa prestatuak eta jendeak oro kantatzeko gaitzeko gogoarekin etorriak. Gérard Ihidoy, Peio Zabaltza, Jojo Bordagarai eta Jean-Mixel Bedaxagar barne, bertze kantari asko ere hor ziren atxikimenduz jinak. Gela luze-luzearen bi muturretako pantailetan abesti osoen hitzak hizki larriz irakurgai ukaitea biziki goxo zen, buruz ez dazkitenentzat. Kantu bakoitza iragarri-ahala, Mattin Lerissa irratilariak frangotan bozgorailua luzatzen zion Eñaut-i berari, galdetuz esplika zezala nolako egoeran moldatua zuen. Dena ulertzeko gisan, eskertzen da horren berri jakitea. Hastapenean, Eñauten hiru bertsulari adiskidek hiruna bertsurekin haren literatur obra aberatsa...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016