Han eta Hemen | 2026ko Ekainaren 25a
Aldaren defentsa trabatua
2020ko urrian sortu zenetik, biztanleen eskubideak defendatzen dituen Alda elkarteak Ipar Euskal Herriko 5.000 pertsona baino gehiago lagundu ditu eguneroko arazoetan. Astero, 450 dosier tratatzen dituzte Baionan, Donibane Lohizunen eta Hendaian banaturiko boluntario taldeek. Laguntza administratiboak, teknikoak edo juridikoak eskaintzen dituzte etxebizitzari lotu arazoekin, baina baita eguneroko bizitzako beste arlokoekin ere, lan mundutik kanpo.
2025eko abuztuaren 8an, Aldak “kontsumitzaileen defentsarako elkarte” gisa onarpena lortzeko eskaera igorri zion Prefeturari. Onarpen horrek kontsumitzaileen interes kolektiboak auzitegietan defendatzeko aukera ematen du.
Eskaera egin eta 6 hilabete baino gehiagora, Aldak Jean-Marie Girier prefetaren erantzuna ukan du. Azken hunek eskaera baztertu du, “kasu batzuetan erabilitako ekintza moldeak, agentziak edo jabeak publikoki salatzeko, leku pribatuak indarrez okupatuz edo bide publikoan deklaratu gabeko manifestazioak edo okupazioak antolatuz, engaiamendu errepublikanoaren printzipioekin bateragarriak ez direla dirudi”.
Elkartearen iritziz, erabaki politiko bidegabea da, Ipar Euskal Herriko biztanleak tresna batez gabetzen baititu, eta herrian bizi eta etxebizitza ukaiteko eskubidearen alde urteetan lorturiko aurrerapausoak zapaltzen baititu.
Kaltetuak izan diren alokatzaileak edo kontsumitzaileak defendatzeko, Aldari auzitegietara jotzeko aukera ukatzeak Ipar Euskal Herriko biztanleen eskubideen defentsari kalte egiten diola azpimarratu du elkarteak.
Prefetak bere erabakia gehiago justifikatzen ez duen errekurtso horren ukapenaren aitzinean, Aldak Administrazio Auzitegira jotzea aurreikusten du.
Elkarteak jendarte zibilaren mobilizazioen egiazko estigmatizazioaz ohartarazten du, eta “engaiamendu errepublikanoaren kontratuaren” (CER) interpretazio bidegabekoek mehatxatzen dituzten elkarte askatasunak babestu eta defendatzeko deia egiten du.
Egoera hunen parean, Aldak petizio bat abiatu du, petitions.alda.eus webgunean aurki daitekeena. 2.000 izenpetura lortzea da helburua.






