Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Ekainaren 25a
Musikaren besta - Filma - Aurtengo Bethi Aintzinaren bidaia - Haurren bisita erakusketan
Musikaren besta
Bardoztarrek eguzkipean ospatu zuten musikaren besta pasa den larunbatean herriko frontoian. Bidaxuneko suhiltzaileek antolatu zuten egun hori, eta elkarte anitz gonbidatu zituzten, ikusgarriak edo iniziazioak egiteko, hala nola Lous Hardits (Akamarreko klika), Lous Cantayres de Came (Akamarreko kantariak), Bidaxuneko Country dantza taldea, eta ekialdeko dantza taldea, Gixuneko“les clefs du chant” abeslariak, eta Bardozeko Lagunekin dantza taldea. Ondotik DJ batek animatu zuen gaualdia. Nahiz eta berote handia izan, jendea hurbildu zen arratsaldeko aktibitateak gozatzeko eta udaren hasiera ospatzeko.
Filma
Azken filma udako pausa aitzin pasatuko du Les Bobines Rurales elkarteak ekainaren 26an, ostiralarekin, herriko zineman. “Une place pour Pierrot” izeneko film hortan, Pierrot-ek 50 urte ditu, autista da eta elbarrituen biletxe batean bizi da. Egun batez, Camille bere arrebak (45 urte), abokatua eta ama ezkongabea, erizainek bere anaiari erremedio gehiegi ematen diotela deskubritzen du. Kexu, bere anaia etxera eramatea erabaki du, bere ezberdintasunerako leku egokiren bat aurkitzeko zain. Bilaketa luzea hasi da.
Aurtengo Bethi Aintzinaren bidaia
Bethi Aintzinak Perpignan-en eskualdea deskubritzeko bidaia antolatzen du irailaren 1etik 5era, denei idekia, kide ala ez. 855€ pertsonaka, dena barne (egonaldia hiru izarreko hotel batean, bidaia autobusez, bisitak, trenezko ibilaldiak, asurantza). Izen emateko: 06-30-44-02-45 edo bethi.aintzina64@orange.fr.
Haurren bisita erakusketan
Eskola publikoko haurrek plazan den arte erakusketa deskubritu zuten ekainaren 15 eta 16an. CE2n, CM1ean eta CM2n diren 12 ikasleak astelehenean etorri ziren, eta 32 ikasle ttipienak biharamunean etorri ziren. Naturarekin lotutako Louisa Raddatzen obrak gozatu zituzten, eta Cathy, Ahurtiko erlezain profesionalak azaldu zien erleak nola bizi diren, zein den haien eginkizuna eta nola babes daitezkeen. Goizaldearen bukaeran, Cathyk ekarri zituen ezti desberdinak dastatzeko aukera ukan zuten, eta akaziarena bereziki maitatu zuten.
Bestalde, Foyer de Bardos elkarteak oroitarazten du erakusketa laster itxiko dela. Oraindik ikusi ez dutenek, ekainaren 28a arte dute deskubritzeko.





