Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Ekainaren 25a
Herriko Etxearen deiadarra - Kermeza - Ganer huste - Estreinaldi - Elektrika mozte - Erakusketa - Pilota
Herriko Etxearen deiadarra
Piero Rouget auzapezak deiadar hau luzatzen die deneri. Zirga bide sargian den Arki Larroulet irindegi ohia 2022az geroz likidazio judizial baten peko da, oraino prozedura bururaino heldu gabe, Baionako auzitegi komertzialak izendatu bulegoak lana bukatu ezean. Anartean eraikuntza bera bertan behera utzia da eta molde horrek eman dezake nornahiri tokia okupatzeko gogoa. Auzapezak garbiki jakinarazten du eraikuntza hori biziki lanjerosa izaiten ahal dela zuzenkontra sartu nahi dutenentzat. Jada izanak dira zonbait okupatze baimen gabekoak eta berrikitan istripu lazgarria ere bada hor gertatua. Herritar guzieri galdegina zaie zainketa garrantzitsua kolektiboki egitea, bederen likidazio judiziala bururatu arte. Zerbait behar gabeko ikusten denean, galdegina da Herriko Etxea edo udaltzaintza abertitzea.
Kermeza
Igurikatzen ahal zen bezala berotearengatik, aurtengo Uztaritzeko kermeza, joan den igandean beharra zena, gibelatua izan da heldu den urrira. Hilabete hori ere oso kargatua izanez, eguna ez da oraino finkatua.
Ganer huste
Arruntzako AEP elkarteak antolatzen du heldu den igande 28an ganer hustea (9:00) egun osoan Aldacourou gelan eta inguruan. Jateko eta edatekoak segurtatuak izanen dira tokian berean. Suerte on puska xaharren ondotik dabiltzaneri.
Estreinaldi
Herriko Etxeak jakinarazten du uztailaren 3an ortzirale arratsaldez (18:00) egina izanen dela azken hilabeteetan Arruntzan eginak izan diren obren estreinaldia. Karia hortarat hor izanen dira Mathieu Duhamel Baionako suprefeta eta Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakaria. Jendea gomitatua da, bereziki auzo hortan bizi direnak. Biltzea eginen da pilota plazan. Zertxobait eskainia izanen da bukaeran.
Elektrika mozte
Uztailaren 2an (14:00-17:00) ENEDIS enpresak elektrika mozte batzu eginen ditu obra batzuen egiteko. Heraitze auzoan Goxoki etxegunearen ingurua da gehienik hunkitua izanen. Aldiz uztailaren 23ko moztean Arruntzako plaza ingurua.
Erakusketa
If Matxikotek oroitarazten du tTok bere arte lekuan Ramon Ruiz Cabestanyren zizelkadura erakusketa beti ikusgai dela uztailaren 9a arte. Bisitak egiten dira: asteartetan (17:00-20:00), asteazkenetan (9:00-16:00) eta ortzegunetan (15:00-18:00) edo hitzordu bat hartuz telefono zenbaki huntara: 06-01-98-00-24. Deneri idekia.
Pilota
Aitzineko asteburuan jokatu ziren Euskal Ligako txapelketaren kondu errebotean final-laurdenak. Bilgunen Kapitoko B taldeak garaipena lortu du Baigorriko bigarren taldearen kontra 13 eta 3. Aldiz gazte taldeak galdu du Senperen senpertarren kontra 5/10. Pasa den asteburu huntan beharra zen mugimendu Bilgune plazan jokatzekoak baitziren beti Euskal Ligaren kondu joko garbiko finalerdi asko. Larunbateko partidak iragan dira finkatu bezala. Kapito Harriri dagokionez emaitzak onak dira, helduetan bi talde nagusik garaipena lortu baitute. A taldea (Pelletrat anaiak eta Destaillac) nagusitu zaio Baionari 40/25 eta B taldea (Fernando, Echenique, Bidart) nagusitu zaio Senpereri 40/20. Bi talde horiek jokatuko dituzte finalak Kanbon uztailaren 4an. Noren kontra? Berantago jakinen da igandean beharrak ziren beste finalerdiak ezeztatuak izan baitira berotearengatik prefetaren erabakiz.
Heldu den asteburu huntan errebotean dira finalerdiak jokatuko. Aroa lagun izanen ote da?




