Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Ekainaren 25a
Musikolore festibala - Hitzaldia - Elkartasuna - Gaztelu Zahar abesbatzaren berri
Musikolore festibala
Ekainaren 30etik uztailaren 3ra, Hendaiako Herriko Etxeak Musikolore festibalaren 3. edizioa antolatuko du, munduko musikari eta kulturei eskainiriko hitzordua da hau. Uda hastapena markatzen du eta kontzertuz, topaketaz eta bideo emanaldiz josiriko egitarau aberatsa proposatuko die adin guzietako herritarrei. Lau egunez segidan, tokiko eta mundu mailako artistak aldizkatuko dira hiriko toki desberdinetan. Keziah Jones, Compay Segundo eta Ayoren ondotik, Hendaiako festibalak munduko musika garaikide arloko Angélique Kidjo kantari benindarra eta cumbia, jazz eta antzerkia nahasten dituen mundu eszenikorako famatua den Kolonbiako Puerto Candelaria taldea errezibituko ditu, baita Cumbia’bero tokiko taldea eta Hegoaldeko Afrika Bibang kantaria ere, besteak beste. Egitarau aberatsa, denei helgarria, munduko ahotsak goraki eta ozen zabaltzeko.
Hitzaldia
Ekainaren 27an (17:30), Beñat Zintzo-Garmendia “Etxea eta euskalduna” gaiaren inguruan mintzatzera etorriko da Mer et Golf erresidentziara. Mintzaldia bideo-proiekzioz lagundua izanen da. Frantsesez eta urririk, izen emateak: 05-59-51-80-00.
Elkartasuna
Txalo bero bat Bertrand Citari, 1.300km egin baititu bizikletaz Hendaiaraino, Teletonaren alde!
Miopatia pairatzen duen Bertrand Cita kirolariak ohiz kanpoko desafioa egin du AFM-Télethon elkarteak 40 urte bete dituenerako. 1.300 kilometroko ibilbidea egin du Bretainiatik Vélodyssée bidean zehar, jendea kontzientziatzeko eta ikerketa medikorako dirua biltzeko. Bere bidaia ekainaren 12an bukatu da Hendaiako Herriko Etxearen atarian. Udalaren eta Herri Kirol Elkargoaren ordezkari batzuek ongietorria eman diote.
Gaztelu Zahar abesbatzaren berri
Gaztelu Zahar abesbatzak 80 urte bete zituen iaz. Aurten, trantsizio urtea izanen du, besteak beste kontzertu klasikoak emanen baititu, lehena Biriatuko elizan, uztailaren 2an. Hendaian hiru kontzertu emanen direla aurreikusia da eta Donostiako Coro Easo koruarekin ere harremanetan dira, elkarlanerako. Berrikuntzetan, kontzertu guziak urririk izanen dira 25 urtez pekoentzat.
Heldu den urteari begira, Hendaiatik haratago joatea gogoetatzen dute, zendako ez Bordeleko Euskal Etxearen 80 urteak ospatzera edota Anaiki koruarekin Parisera kantatzera joanez…





