Ba ote dakixu? | 2026ko Ekainaren 25a
Fronte Popularra (4/4)
Gilen Bacho
Esperantzaz eta zorionez betetako uda hasi ondoren, hodeiak biltzen hasi ziren Fronte Popularraren gobernuaren buru gainean.
Kanpotik eta barnetik, hodeiak heldu
1936ko uztailaren 18an, Espainian, armadako goi-ofizier zenbaitek (Franco eta Mola jeneralak haien artean) jazarraldi bat eta estatu kolpe bat eraman zituzten Errepublikako gobernuaren kontra, gerla zibil izugarria eta odoltsua piztuz. Frantzian bezala, ezkerreko aliantza bat, Fronte Popularra deitua ere, zen boterean Espainian. Horregatik, Espainiako Errepublikak Frantziari laguntza eskatu zion eta Frantziako Fronte Popularraren indarrak bereizi ziren eskaera horren aurrean. Komunistak engaiamenduaren alde ziren, Espainiako Errepublika laguntzeko, baina erradikalak azkarki kontra. Bien artean, sozialistak bereiziak ziren haien artean (“bakea” Fronte Popularraren funtsezko promes bat zen). Azkenean, Léon Blumek “parte-hartzerik ez egitea” hautatu zuen, bi arrazoirengatik: erradikalen kontrako postura (Fronte Popularraren gobernuak ez zuen gehiengorik erradikalik gabe) eta Ingalaterraren (kontserbadoreak ziren boterean) “parte-hartzearen” kontrako posizioa. Frantziako gobernuak ez zezakeen gerlarik egin aliaturik gabe. Blumek Europako potentzia nagusi guziek “parte-hartze ezaren” ituna sinatzea lortu zuen, baina, dakigun bezala, Italiak eta Alemaniak ez zuten batere haien engaiamendua errespetatu. Espainiako Errepublika bakartua egon zen eta gai horrek Frantziako Fronte Popularra bereizi eta ahuldu zuen. Gainera, Fronte Popularreko gobernuak beste zailtasun handi zenbaiti buru egin behar zuen. Politika mailan, Ligak deseginak izan baziren ere, eskuin muturra beti hein azkarrean zen eta borroka izugarri itsusia eraman zuen, eskuinaren laguntzarekin, Léon Blumen gobernuaren kontra (laido antisemita anitzekin Blumen kontra), partikulazki Roger Salengroren kontra (bere buruaz beste egin zuena, prentsa kanpaina lotsagarri batengatik). Maila ekonomikoan, langabezia goratu zen, prezioak bezala, inflazio azkarrarekin. Nagusiek eta fortuna handiek ezkerreko gobernuaren kontrako egiazko gerla ekonomikoa eraman zuten, kapital ihesaren arma erabiliz.
Fronte Popularraren bukaera
Horregatik, gobernuak frankoaren debaluazioa erabaki zuen, eta, 1937ko otsailean, Léon Blumek erreformetan “pausa” baten egitea adierazi zuen. Ekainean, Blumek dekretu-legez behar ziren neurriak hartzeko baimena eskatu zion Parlamentuari. Diputatu ganbarak onartu zuen baina ez senatuak, senatari erradikalek gobernuaren kontra bozkatu baitzuten. Orduan, ekainaren 21ean, Blumek bere kargua utzi zuen. Chautemps erradikala zen gobernuburu berria bihurtu baina bereizketak gero eta azkarragoak ziren, partikulazki politika ekonomikoaren sailean. Udazkenean, eramana zen “zorrostasun” politikak greba anitz sorrarazi zituen eta 1938ko urtarrilean Chautemps gobernuburua greben kontra altxatu zen. Ondorioz, komunistek gobernuari haien sostengua kendu zioten eta sozialistek gobernua utzi zuten. Chautemps-ek bere kargua utzi zuen martxoan eta Blum berriz gobernuaren buruan izendatua izan zen. Baina Senatuak berriz bere kontra bozkatu zuen eta, apirilean, berriz bere kargua utzi zuen. Fronte Popularraren bukaera izan zen baina, 90 urte geroago, bere obra oraino gure bihotzetan eta bizian dago.




