Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Ekainaren 25a
Errugbi partidak - Kantu Lantegiaren azken eguna - Filma - Horma-irudi berria - Kometa sarea - Oletako eskolaren besta - Urrunaga elkartearen argibideak - Inkesta publikoa uholde arriskuez - Urruñarrak elkarteak 100 urte - Futbol txapelketa
Errugbi partidak
Ekainaren 27an, larunbatez, Urruñarrak Errugbi elkarteak bere besta eguna ospatuko du herriko estadioan. Maila guztietako errugbi partidak (10:00) eta euskal kirolak izanen dira. Aperitifa musikaz animatua (12:00) eta herri bazkaria. Menua: bakailao moleta, entrekota eta fritak, gasna eta deserta; edatekoak: arnoa eta kafea.
Kantu Lantegiaren azken eguna
Urtero antolatzen dute Kantu Lantegia Xaian, eta hilean behin edo bitan, biltzen dira, asteazkenez eta arratsean, euskal kantu zahar eta berriak ikasteko eta kantatzeko. Aurtengo ikastaldia bukatzen ari da jadanik, eta azken eguna ekainaren 24an egin dute.
“Maspalomas” filma Itsas Mendin
Ekainaren 24an, asteazkenez, Aitor Arregik eta Joxe Mari Goenagak zuzendu “Maspalomas” euskal filma eman zuten Itsas Mendi zineman. Jende franko hurbildu zen proiekzioa ikustera. Filmean parte hartzen duten aktore nagusiak hauek dira: Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor, Kepa Errasti eta beste.
Xabi Tapiaren horma-irudi berria
Urruñarrak Pilota elkartearen ehun urteurrena dela eta, Xabi Tapia margolari urruñarrak horma-irudi ederra egin du, pilota-plazako sarreran den horman. Ikusteko modukoa.
Hilaren 14an, igandez, herritarren aitzineko inaugurazioa egin zuten.
Kometa Sarearen ibilaldia
Uztailaren 2an, ostegunez, urtero, Kometa Sarearen oroitzapenez egiten den ibilaldia izanen da. Piarres Larzabal kolegiokoek, azken urteetan bezala, kurtsoaren azken eguna ospatuko dute aipatu ibilaldian parte hartuz. Horren ondotik, irakasleek eta ikasleek, elkarrekin,bazkaria izanen dute Pausuko Xaia ostatuan.
Oletako eskolaren besta
Ekainaren 27an, larunbatez, eta Oletako eskolaren bestaren kari, sagarnotegiko afaria eginen dute. Menua: moleta, txuleta, gasna, euskal pastiza eta sagarnoa. Prezioa: 28 euro. Erreserba egiteko: 06-20-81-80-40edo 06-17-36-46-55.
Urrunaga elkartearen argibideak
Urrunaga euskal kultur elkarteak jakinarazi digunez, urtero, Berttoli elkartearekin batera, antolatzen duten Loraldiberri euskal liburu eta disko azoka, aurten, azaroaren 29an, igandez, izanen da. Eta bestalde, urtero plazaratzen duten Urruña kultur aldizkaria prest izanen da azaroaren lehen asterako. Aurtengoa 8. zenbakia izanen da. Artikuluak, olerkiak, ipuinak, bertsoak… edo bestelako kolaborazioak jasotzeko epea zabalik izanen da irailaren azken astera arte.
Inkesta publikoa uholde arriskuez
Inkesta publikoa 2026ko ekainaren 22tik uztailaren 22ra bitarte eginen da. Herritarren oharrak eta iritziak biltzeko ikerketa-komisarioa Urruñako Herriko Etxean izanen da ondoko egun eta orenetan: ekainaren22an, astelehenarekin (14:00-17:00), uztailaren 9an, ostegunarekin (14:00-17:00) eta uztailaren 22an, asteazkenarekin (14:00-17:00).
Urruñarrak elkarteak 100 urte
Uztailaren 5ean, igandez, Urruñarrak elkartearen sail guziek batera, hau da, pilotak, errugbiak eta eskubaloiak, 100. urteurrena ospatuko dute. Mutxikoak izanen dira plazan (11:30), Kuxkuxtuk emanik, eta horren ondotik herri bazkaria plazan.
Futbol txapelketa Bixikenean
Uztailaren 4an, larunbatez, futbol txapelketa jokatuko dute Bixikenean (9:00). Parte hartzeko 100 euro talde bakoitzeko pagatu behar da izena ematean, eta taldeak 6-9 jokalariz osatuko dira. Jokalari guziei tixerta bana eta edaria emanen zaizkie. Izen-ematea eta argibideak: 06-45-17-04-17.





