Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Ekainaren 25a
Kontseiluren bilkura - Ekainaren 27an - Kermeza
Kontseiluren bilkura
Ekainaren 11n iragan da, hauek dira hartu diren delibero nagusiak:
Diru laguntzak galdeginen dira ondoko obren burutzeko: oinezko bideen egiteko Argi eta Bilgune karriketan bai eta ere Sain Martin Harriague auzoan; herriko bide batzuen konpontzeko; Larrondoko bidean eta Dibildos karrikan abiadura eztiarazteko konkor batzuen ezartzeko; Eihartzean, Harana plazan eta La Côte auzoan geldi guneak apailatzeko.
Kontseiluaren barne araudiak adostu dira. Eztabaida izan da bilkurak bideoz zabaltzeari buruz, Euskal Elkargoak egiten duen bezala. Erran da egitate horrek kostu handia lukeela eta bestalde jendea jin daitekeela bilkuretara hauek orori idekiak direlako.
Diru mailan, Jeunes Basques elkartearen 50 urteen karietara 5.000€-ko diru laguntza gehigarri baten emaitea adostu da. Urtebetetze horren ospatzeko, elkarteak irailaren 26 eta 27an ikusgarri berezia emanen du.
Kontseilarien formakuntza eskubidea onartu da.
Sasoilariak hartuko dira uda huntan hiri erdian gertatuko diren animazio batzuen egiteko (kapera, herriaren bisita...). 5.000€ bozkatu dira langile horien ordaintzeko.
Bisita gidatuez gain, kapera molde librean ere bisitatzen ahalko da uda huntan. Bisitariek 2€ ordaindu beharko dituzte.
Biharko Herri Ttipi operazioari esker, hiri erdiko etxe aitzinaldeak edertzeko laguntzak badira. Hirugarren galde baten onartzea bozkatu da.
Lokal komertzial baten alokatzea: Duhart etxea, etxe bizitza gisa apailatzen ari da eta azpialdean komertsioko lokal handia bada. Norbait xerkatzen da aktibitate baten sortzeko hor. Kandidatura guziak ikertuko dira eta jakin behar da laguntza berezi baten emaitea deliberatu dela: hor plantatuko den komertsantari urte batez hilabetero 200€-ko laguntza emanen zaio.
Ekainaren 27an
Ortzia, urte guzian artelanak erakasten dituen elkarteak salmenta antolatzen du (10:00) Eihartzeko gela handian.
Jauzika elkarteak gimnastika sail ausarta eramaiten du zonbait urte hauetan. Aurtengo urtearen bururatzeko munduaren itzulia eginaraziko duen ikusgarria emanen du Mendeala gelan (19:30).
Kermeza
Uztailaren 4 eta 5ean iraganen da. Karia hortara etxera eramaiteko bazkaria (20€) nahi duenak izena eman behar du ekainaren 27ko. Erreserba Aterbe Onan egin daiteke larunbat goizean (10:00-12:00).
Bestalde bixkotxa eskaini nahi duenak Aterbe Onara eraman beharko du uztailaren 4an (14:00). Hauek igandeko mezatik landa salduko dira.





