Mundu zabalean | 2026ko Ekainaren 25a

Gure dirua armentzat

J.B.

Hainbat urtez mespretxatuak ziren kanoi eta bonba saltzaileak gure ekonomia eta baloreen salbatzaileak bezala ekarriak dira gaur egun komunikabideetan. Armadak azkartzeko eta puntako teknologiako armen eraikitzeko diru publikoaren parte gero eta handiagoa bideratzen ari dira Europako eta munduko gobernu gehienetan. Gainera inbertsio pribatuak ere sustatuak dira bainan salduak diren armen kontrola ez da segurtatua, balore finantzarioak lehenetsiz.

Neurriz kanpoko armen saloina

Eurosatory deitzen da joan den astean, Paris aldeko Villepinte herrian, bildu dituen mundu guziko armen enpresa handienen saloina. Frantzia, Alemania eta Estatu Batuetakoak lehen lerroan izanki, 68 herritako 2.640 enpresa agertu dira, aitzineko urteetan baino %30 gehiago. Armen komertzioak duen arrakastaren seinale, duda izpirik gabe.

Europako misil egileen aitzindaria den MBDA enpresako promozio bideo batean teknikaria entzuten ahal da bere lan partearen balorea goraipatzen: “gure lantegitik ateratzen den misil bat armadari eskaintzen ikusteak ene lanaren eta errespontsabilitatearen partea erakusten du.” Langile horrek ez dakike haren lantegiaren ekoizpenak erabiliak izan direla, berriki, eskolak, otoitz lekuak eta Gazako errefuxiatuen kanpamenduak lehertzeko, bostehun bat hil eraginez horietan ehun bat haur. Alta, egoera ekonomiko ezin hobean den arma enpresa horrek arau etikoak aitzinatzen ditu: “giza eskubideak eta oinarrizko libertateen errespetuari kasu eginez”. Gainera oihan berritze proiektuak edo lur azpiko ur erreserben zainketak sustatzen ditu, bai eta ere inguramena zaintzeko gerlarako materialaren “eko-kontzepzioa”.

Bonba ekologikoak badirela sinestarazi nahi ote? Duela zonbait urte, Irakeko inbasioa eta suntsiketa abiatu zelarik “leherketa kirurgikoak” aipatzen zuten bezala?

Bainan itxura ona erakuste edo gordetze estrategia ez da gehiago beharrezkoa, hainbesteko propaganda hedatua delarik politika agintarienganik eta komunikabide nagusietan gerlarat joaiteko gogoak prestatzeko edo garapen ekonomikoa sustatzen duen militarizazioa laudatzeko.

Mobilizazio orokorra armadentzat

Europako armaden indartzeko PIB edo Estatuetako Barne Produktu Gordinaren %3,5erat, erran nahi baitu 800 miliar euroko diruztatzerat heltzea finkatzen du “ReArm” deitu programak. Frantzian armadako buxeta bikoizteko bidean da 2017tik 2027rat. Bestalde, jaz onartua izan den LPM edo armadaren programazio legeak 413 miliar euroko finantzamendua segurtatzen dio armadari 2024 eta 2030 urteen artean.

Armadarentzat gakotua den dirua ez da beharretan diren beste sailetan baliatzen ahalko, izan eskoletan, ospitaletan edo beste xerbitxu publikoetan.

Gerla prestatzen duen ekonomia

2025eko martxoaren 20an bildua zen enpresari eta diruztatzaile multxo baten aitzinean, Sebastien Lecornuk, orduko armaden ministroa zenak, “muga kulturalak eta araudiak altxatu behar zirela” deklaratu zuen eta sektore militarrean dirua ezartzea ez zela egin molde “zikina” azpimarratu zuen fermuki.

Europako Komisioak bere aldetik “Europako finantzamendu iraunkorra defentsako sektorearen aldeko diruztatzearekin konpatiblea dela” erabaki du. Ondorioz, arma nuklearrak, uranio ahuleko munizioak inbestimendu etikoen sailean sar ditaizke, kanoiak, misil eta armadako hegazkinak bezala.

Duela guti, Credit Agricole, Credit Mutuel, Banque Populaire eta Caisse d’Epargne bankuetako diru funts “berdeko” 120 miliar euro armen industrian baliatuak izan direla, horietarik batzu Gazako sarraskian erabiliak, salatu du kazetari multxo batek.

Jakinean izan gabe, Elbit Systems Israelgo arma egile handienaren akzioen balorizazioan parte hartu dute Europako diru aurreztaile ttipiek.

Herritarren ihardukitzeak

Bultzatua den militarizazioaren parean herritar guziak ez dira mututurik egoiten. “Gerlari gerla” izeneko elkarteen koalizioa sortu da 2025ean. Lau mila jende mobilizatu dituzte Bourget-eko hegazkinen azken saloinean “heriotza martxantak” salatzeko.

Bilbo, Genes, Marseilla, Tanger bai eta ere Suedia eta Belgikako portuetako langileak mobilizatu dira Israelerat igorri nahi zen material militarraren blokatzeko.

Europar Batasunak proposatzen duen “berrarmatze handia” ez dela herritar guzien gustukoa erakusten dute.

Anartean, armen industriak diru pribatu eta publikoa iresten du handizki eta harentzat gerla da benefizio iturri.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3840. zbk

Gure Hitza | 2026/06/25

Ezpeleteneko moldean

Jean-Louis Harignordoquy

Baxenabartarrek ezagutzen dute Larzabaleko Ezpeletenea ostatu-jatetxea, zointan denboran hainbertze eztei apairu zerbitzatuak izan diren. Azken urte hauetan arrakasta bildua du kultur ekitaldiekin. Ekainaren 13an, Eñaut Etxamendiren lagunek muntatu kantu bazkaria miresgarria izan da, bazkaritik haste, gauza guziak hain ziren untsa prestatuak eta jendeak oro kantatzeko gaitzeko gogoarekin etorriak. Gérard Ihidoy, Peio Zabaltza, Jojo Bordagarai eta Jean-Mixel Bedaxagar barne, bertze kantari asko ere hor ziren atxikimenduz jinak. Gela luze-luzearen bi muturretako pantailetan abesti osoen hitzak hizki larriz irakurgai ukaitea biziki goxo zen, buruz ez dazkitenentzat. Kantu bakoitza iragarri-ahala, Mattin Lerissa irratilariak frangotan bozgorailua luzatzen zion Eñaut-i berari, galdetuz esplika zezala nolako egoeran moldatua zuen. Dena ulertzeko gisan, eskertzen da horren berri jakitea. Hastapenean, Eñauten hiru bertsulari adiskidek hiruna bertsurekin haren literatur obra aberatsa...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016