Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Ekainaren 25a
Aiherrako mendi lasterketan 8 herritar - Departamenduko 3. adinekoak Aiherran bildu - Igandean ibilaldi gormantak
Aiherrako mendi lasterketan 8 herritar
Aurtengo herriko bestak aipatzean, joan den astean, ez genuen besta komiteak antolatu mendi lasterketaren berririk eman. Hau lehen aldikoz dute gazteek antolatu (18km), larunbat goizarekin, eta pentsatzekoa da ez direla hortan geldituko, lehen aldi hunentzat, orotara 115 lasterkarik parte hartu baitute, eta horietan 8 herritar mutiko eta neska, adin guzietakoak.
Huna zein diren eta nola sailkatu diren: 16. postuan Mongabure Philippe 1:46:54; 19. postuan Loyatho Oxarango Maider 1:48:00; 24. Duperret Florian 1:53:30; 25. Thingane Issa 1:54:29; 46. Iriart Miren 2:06:56; 50. Etcharren Beñat 2:10:10; 53. Iriart Idoia 2:13:22; 54. Dirasse Nicolas 2:13:22. Azpimarratzekoa da Maider Loyatho Oxarangok nesken sailean bigarren bururatu duela. Biba zuek eta segi aitzina!
Departamenduko 3. adinekoak Aiherran bildu
Joan den ibiakoitzean bazen mugimendu Aiherrako plaza inguruan. “Generations Mouvements” da Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko hirugarren elkarte gehienak biltzen dituen Federakuntza. Hunek urte guziz elkarteen arteko egun bat antolatzen du, eta aurtengoa joan den ibiakoitzean iragan zen, Aiherran, 200 bat parte hartzailerekin. Kafea denen artean partekatu ondoan, bakoitzak hautatu ausagailuetan parte hartu zuen, batzuk kartetan (20 pare belote jokoan eta 6 pare musean), bertze batzuk birletan (12 lagun), petankan (9 lagun), quizz jokoan (19), eta 34 ibilkari 8km-ko ibilaldiarentzat (Aiherra gainez gain) eta beste hainbeste lagun 4km-ko ibilaldiarentzat (Apairiko itzulia).
Eguerditan denak bildu ziren Denen Etxeko gela handian, bakoitzak ekarri bazkariaren partekatzeko. Holako egunek elkarren artean gurutzatzeko eta ezagutza berrien egiteko parada emaiten dute, toki ezberdinetarik etorri baitira parte hartzaileak, hala nola Pontacq, Morlas, Ortese Lasa, Uharte Garazi, Hazparne, Bastida, Donamartiri, Lekuine, Itsasu eta beste… Aiherrako Goiti Aire elkarteko lehendakaria den J-Louis Duguinek esker beroenak (kanpoan ez zen hotzik) bihurtzen dizkio Herriko Etxeari eta kide guzieri holako egun ederraren prestatzen lagundurik.
Igandean ibilaldi gormantak
Heldu den igandean, hots ekainaren 28an, oinezko ibilaldi baten egitera gomitatzen gaituzte Aiherrako eskola giristinoko burasoek, urte guziz bezala, Aiherrako kaskoetan gaindi.
Nornahik parte har dezake bi ibilaldietan. Hamabost kilometrokoa goizik (8:00-8:30) abiatuko da eliza ondotik (520m desnibel) eta zortzi kilometrokoa (320m desnibel) toki beretik baina berantago. Ibilaldi hauen berezitasuna da lekuko mozkinak jastatzen ahalko direla ibilaldian zehar. Goiza bururatzen ahalko da taloak eta edariak heltzean hartuz, eskola giristinoko aterpean. Prezioen aldetik, ibilbide handiarentzat 10€ helduentzat, eta 6€ haurrentzat. Ibilaldi ttipiarentzat, parte hartzea 6€koa da, eta urririk 14 urtez petikoentzat.
Izen emaiteak lekuan berean goizik hasiko dira (7:30).
Aurtengo berrikuntza gisa, burasoen elkarteak tonbola edo zozketa proposatuko dauku, 100€-ko opari-txartela Intersport dendan irabazteko paradarekin. Ongi etorri deneri!





