Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Ekainaren 25a
Bi heriotze
Joan den astean bi ehorzketa ukan ditugu egun berean, bata goizez, bestea arratsaldez.
Astearte goizez, Litalekuko Jeanine Berhouet-en ehorzte elizkizuna da iragan, jendalde handiarekin, jende batzuk kanpoan egoitera behartuak zirela. 60 urte bete beharrak zituen aurten. Senpertarra zen sortzez, Nemery familiakoa, zortzi haurridetan zazpigarrena. Azkarki joa den familia, urte bakar batzuk barne laugarren haurridea baita Jeanine minbiziak eraman duena, beste hiruak bezala. Beñat Berhouetekin ezkondurik, bi seme ukan dituzte, Patxi eta Andoni. Lan desberdinak eginik, azken 25 urte hauetan Kanboko Grancher arta-etxean egiten zuen lan Jeaninek, lankideez oso maitatua zela. Elizkizun hastapenean, Patxi semeak zabaldu du amari buruzko maitasunezko lekukotasun hunkigarria. Apezak ere oroitarazi ditu Jeaninen kalitateak, nortasun handia, dantzari trebe, kantari on, lagunkina, zerbitzu egilea... Elizan kantuak artoski altxatu dira. Zeremonia zinez ederra izan da. Elizkizunetik landa, familiak hor ziren jende guziak gomitatu ditu Artetxean eskerronez eskaintzen zuen janaldirat. Biharamun arratsaldean, gorputza Miarritzeko erraustegian erraustua izanik, familia eta hurbileko adiskideak familiaren hilobi ondoan bildu dira. Eiheraldeko Pantxo Cedarry adiskide minak hitzaldi sarkor eta hunkigarria eman du, Jeanine zenari mintzatuz, malkoak eta irriak ere sustatuz. Eta hautsontzia hilobi barnean ezarri aitzin, Xiberotarrak taldearen “Xorrotxak” kantua, hain maite eta hain ongi kantatzen zuena, eman da, bai eta Manex Pagolaren “Azken dantza hau”. Gure partetik, Beñati, Patxi eta Andoniri eta hauen bizilaguneri, Monique amaginarrebari bai eta Nemery eta Berhouet familieri gure atxikimenduzko sentimendu leialenak helarazten dizkiegu.
Astearte arratsaldez, Iroltxako Maurice Etcheverry da bere azken egoitzara segitua izan. 67 urte zituen, laster 68 bete beharrak. 11 haurride ziren, Maurice bigarrena zen, anaia bat haatik jadanik eritasunez zendua, Gérard. Etxaldearen segida hartua zuen. Maite zituen lurra, natura, mendia eta oroz gainetik artzaingoa. Ardien artatzea utzi orduko, baratzeari zen lotzen. Jendalde handia etorri zaio azken agurraren egitera. Haurride guzien izenean, arreba batek lekukotasun amultsua eskaini dio, anaia nolakoa zuten azpimarratuz: langilea, ongi-etorri egilea, besta eta kantua maite. Elizkizun zinez ederra eta kantatua izan da. Gure doluminak Iroltxako familia handiari eta ahaidego guziari.




