Gogoa hazi | 2026ko Ekainaren 25a

Eguzki amandrea

Johanes Bordazahar

“Eguzki amandrea zatoz bihar muga onez!”

“…Euskaldun haurrideak, begira iezadazue, zeruaren, “ortzi urdinaren”, gorenean nabil! Ekainaren gailur honetan, eguzki-solstizioaren garaian, nire izpiak ez dira soilik beroak; ez soilik distiratsuak, biziaren iturri dira, lurtarren geriza.

Zuen aintza, zuen errespetua onartzen dut. “Zatoz bihar!” diozue. Bai eiki, etorriko naiz bihar, etzi eta etzi-damu… “Muga onez”. Horixe bera! Betiko nire neurrien mugan, betiko garaian, betiko martxan…nik dut eta eguna gaurekin mugatzen, sasoien zikloa segurtatzen.

Zuek Egunekoak, eguzkikoak, zuentzat nator. “Eguna Egunekoentzat (egina) baita eta Gaua Gauekoentzat”. Oroit zaitezte ni naizela gaueko iluntasunaren eta izaki gaiztoen uxatzailea. Nire goiz-argiko lehen izpiek dituzte ezpiritu gaizto, sorgin eta Gauekoen indarrak itzaltzen eta Natura pizten.

Ekainean, izadiaren indarra betean dagoelarik, zuek, ama-lur honen seme-alabek, duzue indar hori zuen erritualetan oraindik ospatzen.

Horrela, Jondoni Johanez, su handiak pizten dituzue nire omenez, eta gainetik jauzi egiten. Kanpoko su horrekin nire ibilbideko gailurra duzue ospatzen, udako solstizioaren zubia. Berdin Eguberriz etxe barneko suarekin ospatuko duzue neguko nire itzulera, beste zubia. Suaren gainetik salto eginez, “Xarna fuera, onak barnera, tzarrak kanpora” oihukatzen duzuenean, nahi duzue gaitz guziak uxa ditzadan eta nire indarra onuragarri izan dakizuen.

Eguberriz, neguko gau luzeenetan, supazterrean pizten duzuen subilak (enbor lodiak) nire itzulera iragartzen duzue. “Iluntasunaren erdian, sua duzue itxaropen”. Olentzeroren ikatzak ez dira hondarkinak, nire suaren bero eta argiaren haziak baizik.

Hil-harri borobiletan (disko-formako esteletan) zizelkatutako lauburuek edota dirdira izpiek ez dute heriotza adierazten, arra-piztea baizik. (Sol invictus = Eguzki mendera-ezina). Lauburuaren lau besoek, nire ibilbidearen lau puntuek, nire zikloaren etengabeko mugimendua irudikatzen dute. Sua, ni eguzkia eta zuek jendeak ez gara nehoiz hiltzen, itzaltzen bakarrik.

Etxeetako atal-harrian (ateburuetan) zizelkatzen duzuen eguzki horrek edo oilarrak erran nahi du: “Kanpoko iluntasuna eta gaitza ezin da etxe honetan sartu. Hemen sartzen dena gerizatua da”. Eguzki-loreak atean dituzuela itzatuak, nire begirada duzue finkatzen. “Nire argia zuen etxearen atean duzueno, bakea ez zaizue nehoiz itzaliko.”…”

Horiek hola… Bestaberriko prozesioak Eguzki Amandreari egina zaion gurtza dela ematen du. Herria argiz janzten da: aldarea eta ibilbidea landare-lorez apaintzen, kobre distiratsuak eta liliak leihoetan, kandela piztuen distira; prozesioaren aitzinean zapurren burukoen mirailek eguzkiari bere izpiak itzultzen dizkie… Musikak, tiroek, oilarrek, jantzi zurien garbitasunak, urreek, denek eguzkia goraipatzen dute. Apezak Eguzki-Saindua gora daramalarik, harmonia eder batean.

Eguzki Amandrearen gurtza eta Jainkoarekiko fedezko atxikimendua ez dira kontrakoak. Eguzki Amandrea Jainkoak mundua argitzeko utzi dion bitartekoa da giristinoarentzat. Jaungoikoa da, azken finean, eguzki guzien eguzkia eta helmuga.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3840. zbk

Gure Hitza | 2026/06/25

Ezpeleteneko moldean

Jean-Louis Harignordoquy

Baxenabartarrek ezagutzen dute Larzabaleko Ezpeletenea ostatu-jatetxea, zointan denboran hainbertze eztei apairu zerbitzatuak izan diren. Azken urte hauetan arrakasta bildua du kultur ekitaldiekin. Ekainaren 13an, Eñaut Etxamendiren lagunek muntatu kantu bazkaria miresgarria izan da, bazkaritik haste, gauza guziak hain ziren untsa prestatuak eta jendeak oro kantatzeko gaitzeko gogoarekin etorriak. Gérard Ihidoy, Peio Zabaltza, Jojo Bordagarai eta Jean-Mixel Bedaxagar barne, bertze kantari asko ere hor ziren atxikimenduz jinak. Gela luze-luzearen bi muturretako pantailetan abesti osoen hitzak hizki larriz irakurgai ukaitea biziki goxo zen, buruz ez dazkitenentzat. Kantu bakoitza iragarri-ahala, Mattin Lerissa irratilariak frangotan bozgorailua luzatzen zion Eñaut-i berari, galdetuz esplika zezala nolako egoeran moldatua zuen. Dena ulertzeko gisan, eskertzen da horren berri jakitea. Hastapenean, Eñauten hiru bertsulari adiskidek hiruna bertsurekin haren literatur obra aberatsa...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016