Euskal diaspora | 2026ko Ekainaren 25a
San Juan Suak euskal diasporan, Jesus Goñi Laia Saria, eta Okinawa
Joseba Etxarri
SAN JUAN SUAK. Andana polita dira munduan Euskal Herriko San Juan Gauaren ohidurari lotu besta, su eta elgarrateratzeak eginen dituzten Euskal Etxeak. Usaian bezala, Argentina da hitzordu gehien antolatu dituen herrialdea, data, hori bai, leku bakotxean ahal duten egunean egina. Izan ere guti dira 23an, San Juan egunaren bezperan bertan gauzatuko dutenak. Bildu ditugun hitzorduen artean Pergaminoko Lagun Onak, Buenos Aires probintzian, izan zen goiztiarrena, ekainaren 13an, su tipi bat eginik etxe barnean eta haren inguruan haur eta gazteak dantzari. Herrialdeka aipatuko ditugu, konparazio Alemaniako Bremen (23an egina) eta Berlingo (28an eginen) Euskal Etxeen hitzorduak; Estatu Batuetan Idahoko Homedalen (20an); Uruguain, Montevideon Haize Hegoak 27an eginen, eta heldu zaizkigunen artean, Argentinako Necochean (19an); 20an Cañuelas, Cipolletti, Concordiako Euskal Etxeak, 25ean San Diego Kaliforniako Euskal Bistroak eginen; heldu den ostiralean, 26an, Bahia Blancan; larunbatean, 27an, Olavarria, Tres Arroyos, Comodoro Rivadavian; eta 28an, igandea, Trenque Lauquen-en eta Lapridan. Ez dira eginen diren guziak, baina adierazten dute San Juan eta solstizioaren usaiak baduela jarraikilerik munduko Euskal Herrian.
JESUS GOÑI. Joan den astean aipatu genuenez, ekainaren 19 eta 20an egin zen Nafarroako Altsasun euskal emigrazio eta diasporari buruzko Nazioarteko Sinposioa, eta honen baita eta hondarreko ekitaldi gisa, omenaldia egin zitzaion Jesus Goñiri, berez Oronoz-Mugairikoa izanik, bere bizitza ia osoa Estatu Batuetan eman duena, duela urte guti gibelera jin arte, osagarri kontu batzuk ere tartean. Jesusek, baina, beti egiten du aitzina, eta Renon bizi zela, Gardnervilleko Euskal Kantari Egunaren lehen urtearekin bat bereziki, hasi zuen luze garatu duen bere bertsolari lana, bere erara, baina bateko eta besteko euskal besta eta bazterrak kolorez eta bere bertsolari-malezia eta senaz betetzen. Larunbatean, Sinposioko antolatzaileek, heien lehenengo Laia Saria eman zioten, eta berak harro jaso zuen —sobera nabarmendu gabe, ohi duenez— familiak, lagunek eta akademikoek inguratuta. Gero, bertso-bazkaria, Sustrai Kolina eta Joanes Illarregirekin. Zorionak, Jesus!
OKINAWA. Lerro hauek idazten ari girelarik egina dute, eta egiten oraino, Japoniako Okinawan, urte guziz Bigarren Mundu Gerla tenorean han izan zen Okinawako gudua deitu borroka odoltsu hartan hil ziren guzien (240.000) oroitzapenezko eguna, soldadu zen herritar. Hil eta desagertu zirenen artean baziren euskal soldadu batzuk ere, sei, Estatu Batuetako armadako parte, 19-20 urtekoak. Falta zen heietako baten izena, Felix Ordoquihandy, izenak dituen murruan zizelkatuko dute, eta beste batena, Alejandro Itcea, zuzen ezarriko, beste lauena, han baita dagoeneko. Ikerketa lan izigarria egina du horrendako, zeremonietan den Pedro J. Oiarzabak historialari bilbotarrak, hara joana euskaldun horien familien ordezkaritza batekin. Bilduko dugu xehekiago heldu den astean.





