Orotarik | 2026ko Ekainaren 25a
Kukumarro
Xarles Videgain
Begi-ateratzailea, debruaren orratza
Zer ote da udan ikusten dugun begi-ateratzailea, edo debruaren orratza edo sorgin-gerrena? Erdaraz “libellule” deitzen da egungo egunean baina ez du beti izen hori izan. Libellule hortan konprenitu behar da planatzen duela gure bitxoak, eta aise ari dela hegaldatzen.
Euskaraz haatik basahizi honek dituen izen gehienak ezkor dira edo gutiesgarri. Frankotan orratza deitzen da edo gerrena (bizkaieraz burduntzi), segurenik luze delako eta orratz baten itxura duelako. Eta orratzak min eman lezake.
Duela 320 milioi urte, zuk eta nik ez dugu ikusi, orain baino biziki handiagoa zen begi-ateratzaile hori eta 70 zentimetro egiten omen zituen, beraz egungo egunean aski beldurgarri zatekeen hain handia balitz. Baina denboraren poderioz hertsatu da zortzi zentimetro baizik ez baitu egiten gure eskualdean.
Ttipiago da bainan jarraitzen du jale handi izaiten. Urpean sortzen da eta larba delarik zernahi jaten du, xahalbohokak edo sapaburuak barne: gero epe luze baten ondotik uretik ateratzen da eta ari da beti beste intsektuak jaten, bereziki eltxoak. Uretan sortu baita edo, erreka bazterretan ikusten da.
Infernuko debru edo ifernuko zaldi deitzen ahal da. Urbeltz dantzari jakintsuak Erroman egiten ziren zeremoniak eta errito handiak aipatzen ditu: Pestak October Equus deitzen ziren, hots Urriko behorrak. Delako behorra hiltzen zuten azkon ukaldiz, baina gaude Urbeltzekin zaldia baino gehiago hor ez ote zen hil nahi gure infernuko zaldia, eta hura bezalako intsektuak, bereziki ottia, matxinsaltoa, gritxak eta larrepittittak, kalamitatea ekartzen baitzuten uzta xintxikatuz, ogia eta oloa janez. Inobreka jiten zirelarik ez zen deus gelditzen eta Pettirisants jaun eta jabe egoten zen herrian, hots gosetea. Hartako ziren orduko benedekizazione bezalako Erromako erritoak. Erran bezala zaldi hegaldunak izaiten ahal ziren ohildu nahi zituztenak.
Beste izena badu zuberotarrez: belhagile orratz, belhagilea sorgina da, hura ere gaitza ekartzen ari omen dena. Bizkaieraz erreka-jagole deitzen da, hots erreka zaindari da baina zaindari gogor eta oldarkor, ez amultsu ez gozo. Nonbait aski arruntki “korta pitili” deitzen da. Haatik badira izen zonbait alderdi ona erakusten dutenak hala nola jinko-orratz eta mari-orratz edo andere-orratz.
Begi-ateratzaile Baigorrin entzun nuen: min emateko nahikaria erakusten du izen honek. Zuberoan haudela beste hau entzun dut, baizik eta belagile orratzak laguna bazuela, sugea edota muskerra,kasik elkarrekin ezkonduak balira bezala desmasia eta min gehiagoren egiteko.
Egia erran, sineste hori hedatua da Euskal Herritik kanpo. Sébillot jakintsuaren arabera, nonbait diote laborariek sugandila, edo muskerra, edo erluia, arrubioa, begi ateratzaile bilakatzen ahal dela. Bretoinez ere suge-orratz deitzen dute eta latsariak, arropa errekan garbitzen zutelarik, beldur ziren ausik, ausikiak pozoina zuelakoan. Nonbait ere debruaren mailua edo martillua deitzen dute eta diote hark kopetan joiten bazaitu arriskatzen duzula hiltzea edo bederen non eta ere joiten bazaitu, zure larruaren puska hura moztu behar baituzu. Belgikako Walonian “ganibet” deitzen dute hegalak zorrotzak baititu araiz ganibetaren ahoak bezainbat. Ingelesez “dragonfly” deitzen da, erensuge ttipia balitz bezala eta Japonian samurai gudariek garaipenaren eta kuraiaren sinbolo gisa ikusten zuten begi-ateratzaile bertutetsua.
Bitxi atzematen nuen “libellule” izen pollita frantsesez egoitea. Ohartu naiz izen aski berria dela eta lehen “mouron” deitzen zela: mouron kasu honetan ez da landare bat, mouron da arluiaren (“salamandre”) izena, eta hitzaren azpian atzematen da “mauru”, “mairu” hitza, hots Afrikatik jiten den jendearen izena, haienganako mesfidantza ez baita egungoa. Mouron mairua zela adieraziz, begi-ateratzailea, ottia eta matxinsaltoa bezalakoak Afrikatik etortzen zirela adierazi nahi zen.
Aitor dut beste begi batez so egiten diodala grazia handiz dabilan begi-ateratzaileari, ifernuko zaldiari eta sorgin burduntziari.






