Azalekoa | 2026ko Irailaren 10a

Herri kirolak, egoera “oso penagarrian” Ipar Euskal Herrian

I. E.G

Eloi Moreno Arburuak duela lau urte hasi zituen herri kirolak (Herri Kirolak Bai)
Eloi%20Moreno%20Arburuak%20duela%20lau%20urte%20hasi%20zituen%20herri%20kirolak%20(Herri%20Kirolak%20Bai)

Euskal Herriaren nortasunari hertsiki lotuak badira ere, herri kirolek egoera arrunt desberdina bizi dute mugaren bi aldeetan. Eloi Moreno Arburua ‘Bidasoako Txaranga’ elkarteko herri kirol taldean ari denak azaldu duenez, Hegoaldean etorkizuna bada: gazteak hurbiltzen ari dira, modalitate berriak agertzen dira, pentatloia eta duatloia alegia, eta telebistak ere leku handiagoa eskaintzen die. Iparraldean, aldiz, egoera kezkagarria eta “benetan penagarria” da. Sokatira bizirik atxikitzen bada ere, gainerateko diziplinetan kirolariak segidarako falta dira.

Elkarteko diruzaina eta kirolariaren iritziz, ahulezia nagusietarik bat egituraketa eskasa da. Herri kirol talde eta elkarte batzuk badira Ipar Euskal Herrian zehar, baina anitz ez dira federazioari lotuak: ez dute lizentziarik hartzen eta ez dute txapelketetan parte hartzen. Ondorioz, ez da zirkuitu ofizial sendo eta erregularrik osatzen.

Covid garaiko etenak egoera hori larriagotu zuen. Lehen, zazpi herrialdeetako taldeak biltzen zituen txapelketa bat antolatzen zen urtero: Ipar Euskal Herriak talde bakarra osatzen zuen, eta Bizkaiak, Gipuzkoak, Arabak eta Nafarroak beren taldeak zituzten. Pandemiarekin gelditu zen, eta geroztik ez da berriz abiatu. Berpizteko borondatea badela dio kirolariak, baina oraingoz ez da deus gauzatu.

Interes eskasa

“Herriko bestetara ere ez gira gehiago deituak”, azpimarratu du Morenok eta udan zehar eskaintzen dituzten saioetara hurbiltzen den publikoa maiz kanpotarra da edo oporretara etorria. Inguruko biztanleen eta gehienbat gazteen interesa apaldu dela ohartu dira elkarteko kideak: “Askotan entzuten dugu, Iparraldean, jadanik ikusi ditut herri kirolak, badakit zer diren, eta bertako jendea ez zaigu hurbiltzen”, penatu da hendaiarra.

Are gehiago, Iparraldean herri kirolak kirol edo kultura adierazpen gisa baino gehiago ikuskizun edota antzerki gisa saltzen direla uste du Morenok. Besta bateko animazioa balitz bezala kontsumitzen dira, kirol jarduera iraunkor baten logikan sartu gabe. Hegoaldean, aldiz, urte osoan ari diren kirolariak, txapelketak eta publiko erregularra, “herritarrez osoatua eta beti hor dena” aurki daitezke.

Transmisioaren garrantzia

Transmisioa izanen da, halere, giltza. Diziplinak irakasteko prest den norbait behar da, baita denbora eskaintzeko borondatea ere. Jakintza dutenak adinean aitzina doaz, eta haien lekukoa hartuko duten gazteak ez dira berez agertuko. Herri kirolak ez daitezen oroitzapen edo udako ikuskizun huts bilaka, elkarteak, federazioa, herriak eta kirolariak elkarrekin aritu beharko dira. Erronka ez da soilik saio gehiago antolatzea: urte osoan biziko den praktika bat berreraikitzea baizik.

Kultura kirola baino gehiago

Herri kirolak kirol bat baino gehiago dira. Lehia eta emaitzek badute beren tokia, noski, baina diziplina desberdin horiek Euskal Herriko historia, lan mundua eta bizimodua ere transmititzen dituzte. Harriak altxatzean, egurra moztean edo lastoa botatzean, belaunaldiz belaunaldi iraun duten keinu eta jakintzak atxikitzen dira. Horregatik, Iparraldean kulturaren alorrean kokatu izana ez du gaizki ikusten 27 urteko kirolariak. “Herri kirolak gure ondarearen parte dira eta kultura gisa ezagutzeak horiek babesten eta bizirik mantentzen lagun dezake”, azpimarratu du. Hala ere, kirol izaera ezin da baztertu, entrenamendu, teknika, arauak eta ahalegin fisikoa galdetzen baitituzte. Bi ikuspegiak elkarren osagarri dira: kulturak jatorria eta nortasuna zaintzen ditu, eta kirolak praktika egituratu, berritu eta belaunaldi berriei transmititzeko bidea irekitzen du.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3848. zbk

Gure Hitza | 2026/09/10

Uda bero, idor eta luzea

Jean-Louis Harignordoquy

Maiatzeko aste bat kendu-ta, oraintsu arte iraun duen udaren luzetasuna azpimarratzekoa da. Ipar isurialde huntan segidako egun iguzkitsuek bazuten segurki Nafarroakoen, Espainiakoen eta Kaliforniakoen antza. Ofiziale eta laborari gehienak argi zirrintean lanari lotzera behartuak ziren, arratsaldeetako iguzki samina saihesteko. Baratzekari, igali, kabalen bazka, ekoizpen mota orotan galtze gaitzak dira. Idorte gogorra ikaragarriko suteen sortzaile izan da, leku batzutan aire gaixtoa erori delako, bertzeetan presuna zonbaiten ez aski kasu egiteagatik. Aurten bezala, sekula nabaritu ote da pinadoier eta arraxinadunei zoin aise lotzen den sua, bereziki azinda faltaz sasutuak direlarik? Argi da oihan eta eremu idorren kudeantza molde berri baten behar gorria. Iduriz, espainiar gobernua ohartua da horri; Europako eta urrunagoko erresumek ere ordu lukete. Sute erraldoi horiek, bai eta ibilgailuz eta hegazkinez eginikako gizakiaren harat-hunatek neurriz kanpo berotzen ari dituzte airea,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016