Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Irailaren 10a
Aihertar kirolzale gazte batzuen azken balentriak
JMB eta BD
Aihertar kirolzale gazte batzuen azken balentriak
Uda bururatu edo bururatzen ari zauku. Herriko besten edo animazioen berri eta denbora berean pilota txapelketen berri eman ondoan, erritmo aldaketa honetaz balia gaiten gibelera doi bat so eginez aipamen berezi batzuen egiteko, gure herriko gazte batzuek uda hondar huntan kausitu balentria edo emaitza harrigarri batzuetaz. Ondorioz aste huntako Aiherrako berrietan, merezi duen bezala, sekulan ez bezala kirola baizik ez dugu aipatuko.
Ximun Minjou GRP mendi lasterketan 1.226 lasterkariren artean 5.
Ximun Minjou, 28 urteko herritar gazteak eta kabalkadako makilariak, “Grand Raid des Pyrénées” mendi lasterketan joan den agorrilaren 22an parte harturik, Saint-Lary eskualdean, emaitza gaitza lortu du, bosgarren bururatuz 10 oren 27mn eta 8 segundoren buruan. Hau 81,8km-ko mendi lasterketa da, 5.111 metroko desnibel positiboarekin. Balentria harrigarria dudarik gabe jakinez orotara 1.226 lasterkarik parte hartu dutela eta 178k ez dutela lasterketa bukatu. Etxebazterreko semeak, errugbia utzirik, frango berantean lasterka hasi baldin bada ere, emaitza onak lortzen ditu. Joan den ekainean adibidez, Hautacam (Pirinioak) eskualdean 70 kilometroko mendi lasterketan parte hartu zuen (4.640 metroko desnibel positibo) eta seigarren bururatu 9 oren 21 mn 05 segundoren buruan. Espantu egitekoa baliteke holako kausitzeekin, baina ez da batere holakoa Ximun. Biba hi!
Camille Etcheverry eta Amaia Etchegaray, Iratiko triatloian
Lehen aldikoz 24 urteko bi lagunek parte hartu dute Xiberoko ikastolek antolatu 3. Iratiko triatloian, joan den agorrilaren 29an. Beren lasterkaldia "Laminak" izenekoa zen, bakoitzak 750 metro igerika, 20 kilometro txirrindulaz eta bururatzeko 5 kilometro lasterka egin behar zituen. Orotarat, 50 kirolarik parte hartu dute. Bientzat, igerikatzea zailena eta bortitzena izan zaie. Erran behar da ura frango freskoa dela mendi kasko horietan, bereziki Iratiko aintziran. Ondotik, biek, ordu arte hartu beranta ttipitu dute, txirrindulaz eta lasterka fiteago abantzaturik. Camillek 23. postua (2 oren, 01 mn 05 segundo) lortuz bururatu du eta Amaiak 32. (2 oren 05 mn 25 segundo). Podiumean izaitea ez badute lortu, ibilbide ederra egin dute bi lagunek, eta plazer handia hartu. Biba Camille eta Amaia, gure kabalkadako 2 dantzariak!
Gexan Martinon eta Mattin Durrutyk Pirinioak 6 egunez bizikletan zeharkatu
Hauxe da Gexan eta Mattinek joan den astean egin balentria. Gexan Martinon (20 urte) eta Mattin Durruty (23 urte) Abarratia pilota elkarteko (Aiherra, Isturitze eta Donoztiri herrietako pilota elkartea) pilotari gazteak eta txapeldunak baldin badira, txirrindula egitea gustatzen zaie, noiztenka lagunekin ateraldiak eginez, eta noiztenka baino gehiago azken hilabeteetan mendi igaiteetan trebatuz. Desafio bat egin nahian, xedetzat hartu dute Pirinioak bizikletan zeharkatzea Mediterraneotik Atlantikora, Argeles sur Mer herritik Hendaia arte eta Hendaiatik Aiherrara. Orotara 868 km egin dituzte 6 egunez, 19.300 metro desnibel positiboarekin, Frantziako lepo mitikoetarik (gorena Tourmalet 2.115 metrotan) pasatuz. Gexanek Larrañeko aitatxi ikusi nahian, hunek izigarri ontsa errezibitu omen ditu, pastak baino hobeagoa zen janaria eskainiz. Gero azken egunean (191km-ko etapa luzeena) San Martiko Harria, Santa Grazi, Larrañe, Bagargi, Burdin Kurutxeta, Izpegi, Otsondo, Sant Iñazio, Hendaia eta Hazparneko Paxkoenean barna ibilirik, berantetsia zuten helmugan, hots Aiherran izaitea. Azken kilometroak aihertar lagunekin bururatu dituzte. Halere ikusiz bi txirrindulariek ez zutela laguntzarik ibilaldiaren antolatzeko, ez zakuen karreatzeko, ez janari prestatzeko (duten guzia argazkian agertzen da), harrigarria da egin dutena. Erran behar da aro onak lagundu dituela pentsatua zuten bezala ibilaldiaren 6 egunez dena egiteko. Biba zuek Mattin eta Gexan!
Aihertar gazte hauek balentria ederra egin badute, badakigu ere adin gehiago duen beste aihertar abenturazale batek zer kausitu duen. Gauden hortan geldi, doi bat esperantza atxikiz hunen kondatzea posible izanen zaukula. Geroak erranen!





