Mundu zabalean | 2026ko Irailaren 10a
Kurduen akordioak Sirian eta Turkian
Jojo Bidart
Perspektiba berriak agertu ditaizke kurduentzat agorril huntan eskuratu dituzten bi akordioeri esker, bat Sirian bestea Turkian. Lehen gerla mundialaren ondotik lau erresumetan zatituak izanki, lurralde bakotxean bilakaera eta egoera ezberdina bizi dute kurduek. Heien nortasun eta eskubideak onartarazteko daramaten aspaldiko borrokabidean urrats berriak egin dituzte, batzuen esperantza piztuz bainan mesfidantza eta duda guziak ez dira oraino gaindituak.
Turkian Ocalan preso historikoaren armen uzteko deia
Turkian kurduek aspaldidanik jasan duten zapalkuntzari erantzunez, 1984az geroztik PKK kurduen alderdiak bultzatu borroka armatua eta Turkiako indar errepresiboen eraginez 45.000 hil kondatzen dira.
1999tik preso den kurduar aitzindari famatua den Abdullah Ocalanek 2025eko otsailean zabaldu deiak indar armatuak eta lerro politikoak inarrosi ditu. Armen uzteko eta PKK alderdiaren desegiteko deia deplauki plazaratu baitu.
“Bakearen alde eta gizarte demokratikoaren aldeko” mezu hortan oinarrizko balore demokratikoak aitzinatzen ditu, aldiz PKKren aldarrikapen historikoak ez dira agertzen: ez Estatu berezi baten beharra, ez eta aterabide federala edo autonomia baten perspektiba.
43 urtez eramana izan den borroka armatu luze eta dorpea gelditzeko galdea entzuna izan da, jazko maiatzaren 12an PKKren kongresuak bere autodesegitea bozkatu baitu. Uztailaren 11n Irakeko Kurdistanen armen desegite ekitaldi sinbolikoa antolatu da. Horren ondotik “elkartasun nazionala, anaitasun eta demokraziaren aldeko lantalde parlamentario” bat xutik eman da eta horren proposamenak onartuak izan dira Turkiako parlamentuan aurtengo agorrilaren 10ean.
Nahiz ez den amnistia hitza erabiltzen, 6.000 preso politikoen libratzea da perspektiban emana bai eta erbestean dauden milaka gudari eta aitzindariren Turkiarat itzultzea, kuadro juridiko finkatu batean.
Ocalanek dioen bezala, abiatze bat da bainan beste pundu anitz argitzekoak dira, hala nola: kurduen hizkuntzaren estatutua eta erakaskuntza, lurraldearen antolakuntza eta gobernantza, bai eta bizi politikoaren demokratizazioa.
Sirian bide berri bat
Sirian beste motako gatazka garatu da bereziki 2011 eta 2024 arteko gerla zibilean. Bachar Al-Assad diktadorea eta Estatu Islamistaren parean kurduen indar armatua nagusitu baita Siriako ipar eta ekialdean, Rojava izeneko lurralde autonomoa eraikiz eta zainduz.
Bainan, jokoa aldatu da Siriako diktadorearen kanporatzearekin. Ahmed Al-Charaa da Damaseko agintari berria eta joan den urtarrilean, konfrontazio militar labur baten ondotik, lehen akordio bat izenpetua izan da Siriako gobernu berria eta kurduek kontrolatzen duten FDS indar armatuaren artean.
Adostu dokumentuan Siriako lurraldeen berrantolaketa aipatzen da Rojavako autonomiaren aipamena egin gabe. Kurduen administrazio autonomoak Siriako Estatuko egituretan integratua izanen dela dio dokumentuak eta FDSko gudariak (35.000 orotarat) Siriako armada berrian sartuko direla. Beste pundu garrantzitsu zonbait ere aipatzen dira: kurduera hizkuntza ofiziala izanen dela eta eskolan normalki erakatsia, ‘Newroz’ izeneko kurduen urte berria (martxoaren 21ean ospatzen dena) besta eguna izanen da. Azkenean, orain arte ez bezala, Sirian bizi diren kurdu guziek siriar nazionlitatea ukanen dute.
Hemen ere ez da autodeterminazio eskubiderik aipatzen bainan eskubide zibiko eta kulturalak dira lehenetsiak. Joan den hilabetean negoziaketak burutu eta gauzatuak izan dira ofizialki eta agorrilaren 25ean, Mazloum Abdi FDSko buruzagiak eta PKKko arduradunak FDS kurduen egitura militarraren deuseztatzea deklaratu du publikoki.
Zer erakusten dute aldaketa horiek
Lehenik borroka armatuaren estrategia uztea erabaki dutela Sirian eta Turkian bizi diren kurduek, Estatu propio baten perspektiba ixilduz bainan eskubide kulturalak, sozialak eta demokratikoak aitzinean ezarriz.
Urrats inportanteak eginak izan dira bainan ibilbide hastapena baizik ez da. Ikusi beharko da hitzeman neurriak nola egiaztatuko diren eta hartu erabakiak geroan nola finkatuko diren. Zuhurki har ditzagun berriak traizio frango jasan behar izan baidituzte kurduek heien historioan zehar.





