Herriz Herri - Itsasu (L) | 2026ko Irailaren 10a
AZTARNA euskal dantza ikusgarria, "Perkainen haritik" dokumentala, Brik à Brak eta Itsasuko itzulia
AZTARNA euskal dantza ikusgarria
Ikuskizun zinez ederra eskaini daukute "Ataitze" dantza taldeko gaztek! Eta ere aitzinetik herritar dantzari adinekoek, "Zarena zarelako" taldeak!
Herriaren historian murgildu gaituzte. Ikuskizuna, omenaldi bat da Itsasuko dantzariei, tradizio hau bizirik mantendu duten guziei eta etorkizuneko belaunaldiei bideratua. Iraganaren eta orainaren arteko zubi bat, gure erroak gogoratzeko eta partekatzeko gomita.
Bi emanaldi programatuak ziren Itsasuko plazan. Lehena igande arratsaldean iragan da. Denbora arras aldekoa zen eta jendeak ederki erantzun du gomitari: plaza bete-betea zen eta ikusleak loriatu dira ordu beteko ikusgarria ikusten, zinez hartua senditzen zen jendea. Bigarren emanaldia izanen da larunbat huntan, irailaren 12an:
• "Hastapenetik", Itsasuko dantzari helduek emanik (20:00)
• "Aztarna", Ataitze dantza taldeak emanik (20:30)
• "Lapatina" txarangarekin, "Kalabazan" (22:00)
Konprenitu dudanez, sarrera gehienak joanak dira, baina oraino zonbait gelditzen dira. Ikustekoa da zinez! Beraz, ikusi nahi duenak hobe du ernatzea!
"Perkainen haritik" dokumentala
"Nun habila Perkain" lehen dokumentala ikusi izan dugu duela zonbait hilabete. Huna orain bigarren dokumentala, "Perkainen haritik": Banka, Aldude, Urepele eta Kintoa lurraldeko pilotaren historia kondatzen duena. Ikusgai izanen da ostiral huntan, irailaren 11n, Sanoki gelan (19:00).
Brik à Brak
Merkatu hau antolatua da bi egunez irailaren 12-13an Sanoki gelan. Integrazio Batzordearen alde.
Itsasuko itzulia
Igande huntan, irailaren 13an, eginen da Itsasuko itzulia. Aurtengo edizioan kirola eta harremanaren inguruko ekitaldia izanen da.
Bi lasterkaldi proposatuak dira:
• 28 kilometro luze eta 1570 metro gora behera, ibilbide dorpe eta basa, mendiko balentriak
gostukoak dituztenentzat.
• 16 kilometro luze eta 825 metro gora behera, ibilbide dinamikoa eta atsegina. Itsasuko itzuliaren saihets ezineko ibilbidea, oinezkariekin partekatzen dena: motzagoa bainan erritmoz betea eta ikusgarria.
Oinezkarientzat bi ibilaldi proposatuak dira:
• 16 kilometrokoak lasterkarien ibilbide berdina gorago agertu bezala
• 10 kilometroko ibilbidea eztiago, herriko bazterren ikuskatzeko parada atsegina.
Lau ibilbide horietan bakotxak bere gustukoa kausituko du.
Indar guziak emanik mendian, partaideak gelditzen ahalko dira entrekosta patata frita plateraren itzulian, elgarbizitza une azkarra bilakatua baita apairu hau.
Lasterkari, oinezkako, sustengatzaile: Itsasuko Itzulia taldeak ematen dizuete hitzordua aurtengo ekitaldiarentzat, gogoz eta umorez beterik.




