Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Irailaren 10a

GAUA dantza emanaldia, Bihotzeko Ostatuen kantaldia, Aritz Ibarra Amikuzeko mediatekan, Euskararen aldeko bilkura publikoa eta Nafarroako Margaritaren “Heptameron 6” irakurketa publikoa

Ibawa dantza taldea
Ibawa%20dantza%20taldea

GAUA dantza emanaldia irailaren 11n, Donapaleun

Maitaldia kari, Ibawa taldearen eskutik, GAUA dantza ikusgarriaren ikusteko parada emana zauku Donapaleuko zine-gelan, irailaren 11n, ostiralez (20:00). Ibawa laukoteak, arrakasta ederra badu. Bere lurraldeari duen atxikimendua erakutsiz, Euskal Herriko koreografia agertokian sentiarazten du. Gaztaroko suharraz, milaka urteko sorginaren figura deitzen du dantza indartsu eta engaiatu batetara.

Bihotzeko Ostatuen kantaldia irailaren 13an Donapaleun

Donapaleuko Bihotzeko Ostatuak kantaldi bat antolatzen du asteburu huntan, irailaren 13an, igandez, Saint-Louis zine gelan (16:00). Irabaziak familiei emaiten zaien laguntza osatzeko erabiliko dira. Hiru talde izanen dira bertan: Vivement Lundi!, Lea eta Anuxka eta Bost Axola. Txartela 13€ helduentzat, 6€ hamabi urtez azpikoentzat. Lekua aitzinetik erreserbatzen ahal da zinemako webgunean sartuz.

Aritz Ibarra Amikuzeko mediatekan irailaren 19an

Aritz Ibarra gasteiztarra ezagutzen dugu Donapaleun, berak baitzuen 2023ko Nafarroa bizirik pesta eguneko afixa ederra egin. Berriz heldu zauku Amikuzera berak gaztean irakurri nahiko zukeen liburua eginik. Deiadarra liburu ilustratuan xeheki aurkezten dauzkigu erromatarren denboratik 17. mendea arte, gure herriak bizi izan dituen historiako gorabeherak. Buruilaren 19an, ibiakoitzez (10:00), Donapaleuko mediatekan izanen da, gure galdeeri erantzuteko, bai eta esplikatzeko hain kontakizun arin eta ulertu errexa nola moldatu duen hainbeste gertakari eta mende barnean hartuz.

Euskararen aldeko bilkura publikoa Donapaleun irailaren 23an

Euskal Konfederazioak abiarazten duen euskararen aldeko kanpaina azaroaren 21ean bururatuko da manifestazio erraldoi batekin Baionan. Hori preparatzeko, hamar bat bilkura antolatzen ditu Iparraldeko lurraldeetan. Amikuze eskualdeko bilkura publikoa Donapaleuko Herriko Etxeko gela berdean eginen da buruilaren 23an, asteazkenez (19:00). Bertan Euskal Konfederazioak eraman barne gogoetaren fruituak eta gaurko kontestuan nolako lanbideak ikusten diren, aurkeztuko daukute.

Nafarroako Margaritaren “Heptameron 6” irakurketa publikoa Donapaleun

Nafar Ateneoak, 6 urte huntan 7 liburukiz osatua den obraren itzulpena burutzen ari du. Urtean Bat, eta argitalpena irakurraldi publiko batekin ospatzen da urtero. Iruñea, Amaiur, Orbaitzeta, Zangoza eta Altsasutik landa, hona aurten Erriberri eta Donapaleuren aldi dela Zabaliken partaidetzarekin. Berriz ere, Euskal Herri guzitik irakurleak hurbilduko dira eta Margaritaren testuak gozatzeko parada emana zauku. Donapaleukoa, buruilaren 26an, ibiakoitz egun guzian, Donapaleuko merkatu estali berrituan iraganen da.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3848. zbk

Gure Hitza | 2026/09/10

Uda bero, idor eta luzea

Jean-Louis Harignordoquy

Maiatzeko aste bat kendu-ta, oraintsu arte iraun duen udaren luzetasuna azpimarratzekoa da. Ipar isurialde huntan segidako egun iguzkitsuek bazuten segurki Nafarroakoen, Espainiakoen eta Kaliforniakoen antza. Ofiziale eta laborari gehienak argi zirrintean lanari lotzera behartuak ziren, arratsaldeetako iguzki samina saihesteko. Baratzekari, igali, kabalen bazka, ekoizpen mota orotan galtze gaitzak dira. Idorte gogorra ikaragarriko suteen sortzaile izan da, leku batzutan aire gaixtoa erori delako, bertzeetan presuna zonbaiten ez aski kasu egiteagatik. Aurten bezala, sekula nabaritu ote da pinadoier eta arraxinadunei zoin aise lotzen den sua, bereziki azinda faltaz sasutuak direlarik? Argi da oihan eta eremu idorren kudeantza molde berri baten behar gorria. Iduriz, espainiar gobernua ohartua da horri; Europako eta urrunagoko erresumek ere ordu lukete. Sute erraldoi horiek, bai eta ibilgailuz eta hegazkinez eginikako gizakiaren harat-hunatek neurriz kanpo berotzen ari dituzte airea,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016