Ba ote dakixu? | 2026ko Irailaren 10a

Lehen eusko jaurlaritza (2/4)

Gilen Bacho

La Voz egunkariaren lehen orrialdea, 1936ko otsailaren 17an
La%20Voz%20egunkariaren%20lehen%20orrialdea_%201936ko%20otsailaren%2017an

Eskuinaren garaipenaren ondotik 1933ko azaroko hauteskunde orokorretan, Alejandro Lerroux erradikala gobernuko presidente bihurtu zen. EAJ-PNV-ren euskal estatutuaren proiektuari bere sostengua emaitea proposatu zuen, jeltzaleek bere gobernuari emanen zioten sostenguaren truk. Errepublikako presidenteak, Niceto Alcala-Zamorak, abenduaren 23an Donostiako auzapezak euskal estatutuaren proiektua eskuetan eman ziolarik, bere sostengua erakutsi zuen, “oso maitasunez (bere) egiten (zituela) Euskal Herriaren nahiak” erranez.

Estatutu-proiektuaren izoztea

Baina, Lerroux-ren eta erradikalen aliatu azkarrena, CEDA eskuineko alderdia, euskal estatutuaren kontra altxatu zen. Gainera, Parlamentuan, 1934ko otsailean, euskaldun diputatu tradizionalista batek, karlistetatik hurbil zena, Araba euskal estatututik kanporatzea eskatu zuen, azaroko erreferendumean bozdunen gehiengoak ez baitzuen estatutuaren alde bozkatu probintzia horretan. Ondorioz, euskal estatutuaren lege-proiektuaren onartzeko prozesua izoztua izan zen. Horregatik (eta ERCko diputatuekin elkartasuna agertzeko, ber erabakia hartu baitzuten, Espainiako konstituzio auzitegiak katalan parlamentuak bozkatu zuen lege bat ezeztaturik), 1934ko ekainaren 12an, EAJ-PNVko diputatuek Cortes-etan ez gehiago parte hartzea erabaki zuten. Ezer ez zen aitzinatu 1936ko otsaileko legebiltzarreko hauteskundeak arte. Hauteskunde horretarako, jeltzaleek errefusatu zuten Eliza katolikoak proposatutako “katolikoen batasunean” sartzea, CEDA eta erradikalekin, eskuineko alderdiak euskal autonomiaren kontra baitziren. Horregatik, prentsa kontserbadoreak jeltzaleen hautua izugarri gogorki salatu zuen, euskal alderdia “gurutzearen eta aberriaren etsaia” zela erranez.

Jeltzaleak nagusi

EAJ-PNV ez zen ere Fronte Popularraren aliantzan sartu, ez eta ere beste abertzale alderdi batek (Accion Nacionalista Vasca, ANV) proposatu zuen aliantzan Euskal Herriaren independentziaren alde. Ondorioz, ANV-k Fronte Popularra integratu zuen (Euskal Herrian, ezkerreko aliantza lema honekin presentatu zen: “Amnistia, Estatutua, etxegabetze berririk ez”) eta EAJ-PNV bakarrik presentatu zen, lema honen pean: “Giristino zibilizazioa, (euskal) aberriaren libertatea eta gizarte zuzentasunaren alde!” Bakarrik izanik ere, jeltzaleek emaitza ederra ukan zuten (1933an bezala), lehen alderdia egonez Bizkaian eta Gipuzkoan. Balentria bat zen zentroko alderdi batentzat, Espainia osoan ezker eta eskuineko bi aliantzak ausarki nagusi baitziren. Orotara, hego Euskal Herrian (Nafarroa kanporatuz), jeltzaleek 9 diputatu lortu zituzten, Fronte Popularrak 7 eta eskuineko aliantzak diputatu bat (Araban irabazia). Nafarroan, kontrarioz, eskuineko aliantzak (Comunion Tradicionalista deitua) zituen hauteskundeak irabazi, diputatu aulki guziak irabaziz. Jeltzaleak gehiengoan ziren Gipuzkoan eta Bizkaian, baina Fronte Popularrak gehiengoa zuen Bilbon (eta Gipuzkoa osoan, bigarren itzulian, kasik bozen %40a bildu zuen, bozen %60a aldiz jeltzaleek). Eskuineko indarrak gehiengoan ziren Araban eta Nafarroan. Hauteskundeek berantago (gerla zibilaren egoeran), hego Euskal Herriko probintzien artean dramatikoki agertuko ziren hausturak erakutsi zituzten. Dena den, oraingoz, Espainian, Fronte Popularraren garaipenak euskal estatutuaren proiektuari berriz bizia emanen zuen.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3848. zbk

Gure Hitza | 2026/09/10

Uda bero, idor eta luzea

Jean-Louis Harignordoquy

Maiatzeko aste bat kendu-ta, oraintsu arte iraun duen udaren luzetasuna azpimarratzekoa da. Ipar isurialde huntan segidako egun iguzkitsuek bazuten segurki Nafarroakoen, Espainiakoen eta Kaliforniakoen antza. Ofiziale eta laborari gehienak argi zirrintean lanari lotzera behartuak ziren, arratsaldeetako iguzki samina saihesteko. Baratzekari, igali, kabalen bazka, ekoizpen mota orotan galtze gaitzak dira. Idorte gogorra ikaragarriko suteen sortzaile izan da, leku batzutan aire gaixtoa erori delako, bertzeetan presuna zonbaiten ez aski kasu egiteagatik. Aurten bezala, sekula nabaritu ote da pinadoier eta arraxinadunei zoin aise lotzen den sua, bereziki azinda faltaz sasutuak direlarik? Argi da oihan eta eremu idorren kudeantza molde berri baten behar gorria. Iduriz, espainiar gobernua ohartua da horri; Europako eta urrunagoko erresumek ere ordu lukete. Sute erraldoi horiek, bai eta ibilgailuz eta hegazkinez eginikako gizakiaren harat-hunatek neurriz kanpo berotzen ari dituzte airea,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016