Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Irailaren 10a
Sartzea, Merkatu estali berria eta obrak, Maritzuli Konpainiaren erakusketa eta Selauru hustea
Sartzea
Eskola sartzeak berrikuntza garrantzitsua ekarri du Baionara. Lahubiague ama-eskolak autismoa duten haurrentzako irakaskuntza unitatea ireki du, Ipar Euskal Herrian mota horretako lehena. Urritik goiti, hiru eta sei urte arteko zazpi haur hartuko ditu. Irakaskuntza egokituaz gain, hezkuntza eta osasun arloko profesionalen laguntza ukanen dute, eskola arruntean ahal bezainbat integratzea helburu.
Gela egokitzeko lehen lanek 10.000 euroko kostua izan dute; jantokia ere handitu dute, orotara 100.000 euro inguruko inbertsioarekin. Jean-Pierre-Brana eskolan jadanik baden lehen mailako unitatearekin batera, haurrei ama-eskolatik lehen mailara arteko segida eskaintzea da xedea.
Merkatu estali berria eta obrak
Baionako merkatu estaliaren berritze lanak irailaren 7an hastearekin, saltzaileek behin-behineko egoitzara jo dute. Merkatu berriak irailaren 4an ireki zituen ateak Roland-Barthes zabalgunean, eta 2027ko ekain hondarrera arte hor egonen da. Astelehenetik ostegunera, 07:30etatik 13:30era izanen da irekia; ostiraletik igandera eta besta egunetan, berriz, 14:30etara arte.
Herriko Etxeak jakinarazi duenez, merkatuaren barne arramoldatze lanak irailaren 9an hasi dira. Hiruzpalau astez, ahal duten guztia eginen dute arrabotsa murrizteko. Roquebert kaian denbora motzerako aparkatzeko lekuak mantenduak dira.
Maritzuli Konpainiaren erakusketa
Kulturaren aldetik, Maritzuli Konpainiaren ‘Zeina – Kaskarotak, Bolantak, atzoko eta gaurko dantzariak’ erakusketa ikusgai da katedraleko klaustroan (azaroaren 29a arte). Jantzi, argazki eta lekukotasunen bidez, Lapurdiko dantzarien eta haien jantzien bilakaera ezagutzeko parada emanen du.
Selauru hustea
Alda taldeak selauru hustea antolatu du irailaren 12rako, 9:00etatik 17:00etara, Caradoc auzoan. 18:30etatik aitzina, tailer parte-hartzaile bat proposatuko dute auzoko berdeguneen egokitzapenen inguruan, eta, gero, lagunarteko aperitibo bat eskainia izanen da.





