Han eta Hemen | 2026ko Irailaren 10a
Txomin Olhagarayren freska, memoria eta prefetaren funtzioa eztabaidagai
Itsasuko besten karietara, agorrilaren 23an, Txomin Olhagaray Iparretarrak (IK) taldeko militante itsasuarraren oroizko freska estreinatu zuten Sanoki gelako paretan. Gooooxoan elkartearen iniziatiba, Herriko Etxeak baimendua zuen ekimena. Alta, hiru egun beranduago, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetak justiziari jakinarazi eta freska ezabatzea galdegin zuen, eraikin publikoen neutraltasuna aipatuz eta Baionako prokuradoretzak ikerketa ireki du "terrorismoaren apologia" susmoagatik.
Ekitaldia giro onean iragan zen, jende multzo polita bildurik. Mintzaldian Olhagarayren eta Ramuntxo Arruizen bizia militante ibilbideak aipatu zituzten. Biak 1980ko martxoaren 26an hil ziren Baionan, prestatzen ari ziren lehergailua zartaturik. Filipe Bidart militanteak Herriari zehaztu dioenez, suprefeturako bulegoen kontrako ekintza izan zen, ez suprefetaren edo azken honen emaztearen kontrakoa. Haren erranetan: “suprefetura hautatzeak zentzu politikoa zuen, IKren aldarrikapen nagusietarik bat autonomia baitzen, hau da, askatasunaren bidean lehen urratsa, prefetarik gabeko egiazko demokrazia eraikitzeko”.
Gaur egungo polemika ere ikuspegi beretik aztertzen du. Prefetak frantses Errepublikako funtzionarioak direla eta tokiko erabakien gainetik jarduten dutela dio Bidartek. Euskararen aldeko deliberoak indargabetzeko egin diren urratsak eman ditu adibidetzat. "Ez da prefet hau edo hura, ez da pertsona arazo bat, funtzioa da", erran du. Haren iritziz, freska ezabatzeko eskaera funtzio horren adierazpen berri bat da.
Sorpresa ez hain harrigarria
Prefetaren erreakzioa ez zuela espero aitortu du Bidartek. Alta, gogoeta egin ondoan, ez zaiola harrigarria iduritzen. Haren ustez, ezabatzeko eskaerak prefetaren funtzioaren arazoa azpimarratzen du berriz ere: herriko erabaki baten kontra eskuhartzea eta memoria publikotik kontakizun bat baztertzea.
Bakea eta elkarbizitza nagusitu direla sinetsarazi nahi dela dio Bidartek, baina frantziar Estatuak Euskal Herria eta euskara ahultzen segitzen duela salatu du. "Haiek ez dituzte armak utzi", adierazi du. Euskaldunak beren herrian gero eta gutiago direla eta euskaraz mintzatzea bera erasotzat hartua dela uste du. Prefetaren erantzuna politika "kolonialista" horren segidan kokatu du: haren aburuz, memoriaren inguruko gatazka ez da bururatua.
Memoria lan bat
Freska memoria lan horren parte izateko asmoarekin egin da. Bidarten ustez, herrian diren bertze oroimen guneen segidan kokatzen da, askatasunaren alde borrokatu diren itsasuarren historia ahantzia izan ez dadin. "Memoria lantzea, atxikitzea eta errespetatzea da inportanteena", azpimarratu du.
_ere_freskaren_kontra_egin_du._(Filipe_Bidart).090113.png)





