Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Irailaren 10a

Euskara ofiziala Baigorrin, Eskola sartzea, Mahats biltze aperitifak, Erramun beti kantari eta Errugbia

Euskara%20ofiziala%20Baigorrin_%20Eskola%20sartzea_%20Mahats%20biltze%20aperitifak_%20Erramun%20beti%20kantari%20eta%20Errugbia

Euskara ofiziala Baigorrin

Joan den agorrilaren 31ko bilkuran, herriko kontseiluak euskararen aldeko aitortza edo ezagutza ofiziala bozkatu du, aho batez.

Eskola sartzea

Jean Pujo - Ikastegi publikoak bere 50 urteak ospatuko ditu heldu den urtean eta karia hortarat, ikasle ohien lekukotasunak eta anekdotak bilatzen ditu. Baldin badituzue, helbide huntara igortzen ahal dituzue: collegepujo64@gmail.com. Hauek erakusketa eta ikusgarri batean agertuko dira 2027ko apirilean. Sartzeari doakionez, aurten 82 ikasle dituzte kolegioan, jaz baino doi bat gutiago, hauetarik %90ak euskara lantzen du sail elebidunean edo opzio gisa. Aurtengo xedeetan ere bidaia eta trukaketa Galizian, Andaluzian eta Belgikan pentsatuak dira.

Donostei kolegio pribatua - 51 ikasle ditu eta 75 bat lehen mailan, hauetarik 63 elebidunean, jazko zenbakietan dira eta ikasturte huntako berezitasunetarik bat ipuin mailan eramanen duten lana izanen da, ukanen dute ere ateraldia eta bidaia Auvergnen, Madrilen, Balentzian, elur klaseak Gouretten, bidai sorpresa handienentzat eta Algortako ikasleekin eginen dituzten trukaketak ahantzicgabe.

Bai ikastola - Baigorriko ikastolak bere 20 urteak handizki eta ederki ospatu ditu joan den ibiakoitzean Oronozian, giro loriagarrian. Buraso, ikasle (oraiko edota ohi) eta laguntzaile frango bildu dira gertakari pollit hortan parte hartzeko. Bestalde, sartzea haur kopuru ederrarekin iragan da: 60 dira, jaz bezalatsu. Argazkia: Bai Ikastolaren 20 urte kari besta

Mahats biltze aperitifak

Aurten mahats biltzea beste manera batez bizitzea erabaki du Irulegiko arno kooperatibak. Lehen aldikoz sotoko taldeentzat atxikia izan ohi den gune bat publikoari idekiko da: botoilatze lerroaren gibelean, publikoa sekulan sartzen ez den lekuan, hots. Beraz, sormarkako arnoen inguruan elgarretaratzen ahalko da ortziralez buruilaren 11n, 18an eta 25ean (18.00-22.00). Sartzea libro, kontsumoak ordaintzen dira.

Erramun beti kantari

Erramun Martikorenak bere 11. diskoa publikoarekin grabatuko du heldu den igandean, buruilaren 13an Bil Etxean (16:00). Sartzea 10 euro.

Errugbia

US Nafarroako errugbilariek sasoin berria abiatu dute eta joan den igandean xapelketako lehen zoingehiagoka zuten Baigorriko zelaian. Pont-Long-eko taldeari nagusitu dira 33/26.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3848. zbk

Gure Hitza | 2026/09/10

Uda bero, idor eta luzea

Jean-Louis Harignordoquy

Maiatzeko aste bat kendu-ta, oraintsu arte iraun duen udaren luzetasuna azpimarratzekoa da. Ipar isurialde huntan segidako egun iguzkitsuek bazuten segurki Nafarroakoen, Espainiakoen eta Kaliforniakoen antza. Ofiziale eta laborari gehienak argi zirrintean lanari lotzera behartuak ziren, arratsaldeetako iguzki samina saihesteko. Baratzekari, igali, kabalen bazka, ekoizpen mota orotan galtze gaitzak dira. Idorte gogorra ikaragarriko suteen sortzaile izan da, leku batzutan aire gaixtoa erori delako, bertzeetan presuna zonbaiten ez aski kasu egiteagatik. Aurten bezala, sekula nabaritu ote da pinadoier eta arraxinadunei zoin aise lotzen den sua, bereziki azinda faltaz sasutuak direlarik? Argi da oihan eta eremu idorren kudeantza molde berri baten behar gorria. Iduriz, espainiar gobernua ohartua da horri; Europako eta urrunagoko erresumek ere ordu lukete. Sute erraldoi horiek, bai eta ibilgailuz eta hegazkinez eginikako gizakiaren harat-hunatek neurriz kanpo berotzen ari dituzte airea,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016