Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Irailaren 10a

Adinekoen bazkaria, Adinekoen elkartea, Mintzaldian "1609-ko auziak" ostegunean, "Bota" dantza igandean, Agorrileko sortze eta heriotzeak eta Amotzeko pilota lehiaketa

Irabazleak urdinez, Larralde eta Luro
Irabazleak%20urdinez_%20Larralde%20eta%20Luro

Adinekoen bazkaria

70 urtez goitiko senpertarrei zuzendua den bazkaria iraganen da irailaren 23an, asteazkenez, Xabatene gelan (Gantxiki karrikan). Izen ematea, baitezpadakoa, irailaren 11 baino lehen egin behar da Gizarte Ekintzarako Herri Zentroko (GEHZ) 05-59-54-74-96 zenbakira deituz edo accueil.ccas@senpere64.fr helbidera maila igorriz.

Adinekoen elkartea

Herriko "Club Senior" elkartean parte hartu nahi dutenek xehetasun fitxa bete behar dute baita ere 15€-ko urtesaria ordaindu, gastu anitz delakoan. Fitxa eskuratzen ahal da, www.saintpeesurnivelle.fr/ccas-les-seniors gunean.

Mintzaldian "1609-ko auziak" ostegunean

Senpereko Kultur eta Ondare elkarteak antolatua, 1609ko auzieri buruzko mintzaldia Inharria baserrian iraganen da irailaren 10ean (19:00). Mintzalari lanetan ongi ezagutua den historiolaria Jean Sauvaire senpertarra izanen da, baluke kontatzeko gai minberatsu horien inguruan.

Garai ilun horietan, hainbat emaztek bereziki jasan zituzten ezin pairatuzko bortitzkeriak, anitzek pagatuz erretzera kondenarekin. Denbora hartako testuingurua ikertzera saiatuko da, bilduz elementu asko eta asko. Zer debruk pusatu ote du Pierre de Lancre epailea, holako gizon jakintsuna, hainbeste krima egitera emazte hobengabeen kontra? Diote obsesio itsu batek animatzen zuela bere gaixtakerian, Satanen kontra aritzeko orde hunen aginpean baizik ez ote zen ari? Hitzaldia urririk dago, halere ongi liteke erreserba egitera antolatzailearen gunean: cultureetpatrimoinesenpere.fr/manifestations.

"Bota" dantza igandean

Elirale-Pantxika Telleria konpainiak bere bi artista gazte, Joana Millet-Arias eta Jon Vernier-Bareigts, gonbidatu zituen kalerako pieza baten sortzeko, publiko guzientzat pentsatua. Bota izenburupean, koreografia eta musika lan haujauziaren mugimenduan oinarritzen da. Xabi Darthayette musikariak lagunduko du bikotea beren koreografian. Larreko atarian, irailaren 13an (18:00).

Agorrileko sortze eta heriotzeak

Horra zer seinalatua izan zaukun. Sortzeak: Villaumé Lyçaona eta Boiret Basile. Heriotzetan: Escaffre Jean 85 urte, Bessonart François Pierre 89 urte eta Borthaire Jean Louis 61 urterekin. Dolumin senide eta adixkideeri.

Amotzeko pilota lehiaketa

Aspaldi ez zen holako esku-huskako pilota partidarik ikusi, berezko pilotarien parte hartzearekin. Berrikitan sorturiko Plekari egiturak, Senpereko pilota sekzioaren partaidetzarekin, antolatua zuen torneo zinez interesanta, nahasiz berezko eta amatur pilotariak. Ostiraleko finalerdietan kanporatuak izan dira Etxeberria-Orhategaray eta Lafitte-St Paul bikoteak. Igandeko finalerako, Peio Larralde eta Antton Luro nagusitu dira Manex Etxeberry-Pacheco eta Battita Ducassouren kontra 40/28, diferentzia egin da bigarren zatian. Jokolari, antolatzaile eta ikusleak, lorietan gelditu dira azpimarratuz trinketa honek eskaintzen duen joko bizi eta animatua. Ea holako ekimenak segidarik izanen duen, ongi merezi bailuke Mendionde trinketak.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3848. zbk

Gure Hitza | 2026/09/10

Uda bero, idor eta luzea

Jean-Louis Harignordoquy

Maiatzeko aste bat kendu-ta, oraintsu arte iraun duen udaren luzetasuna azpimarratzekoa da. Ipar isurialde huntan segidako egun iguzkitsuek bazuten segurki Nafarroakoen, Espainiakoen eta Kaliforniakoen antza. Ofiziale eta laborari gehienak argi zirrintean lanari lotzera behartuak ziren, arratsaldeetako iguzki samina saihesteko. Baratzekari, igali, kabalen bazka, ekoizpen mota orotan galtze gaitzak dira. Idorte gogorra ikaragarriko suteen sortzaile izan da, leku batzutan aire gaixtoa erori delako, bertzeetan presuna zonbaiten ez aski kasu egiteagatik. Aurten bezala, sekula nabaritu ote da pinadoier eta arraxinadunei zoin aise lotzen den sua, bereziki azinda faltaz sasutuak direlarik? Argi da oihan eta eremu idorren kudeantza molde berri baten behar gorria. Iduriz, espainiar gobernua ohartua da horri; Europako eta urrunagoko erresumek ere ordu lukete. Sute erraldoi horiek, bai eta ibilgailuz eta hegazkinez eginikako gizakiaren harat-hunatek neurriz kanpo berotzen ari dituzte airea,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016