Orotarik | 2026ko Irailaren 10a

Euskaldungoa eta euskal komunitatea Iparraldean

Beñat Castorene

Astekari honen aurreko artikulu batean finitzen nuen erranez: “Horregatik, globalizazioaren garaian, salbatu nahi dugun euskaldungoa zer den jakin behar dugu”. Hobeki izanen nuen erran banu euskaldungoa “zer zen” eta “gero zer espero nuen izan dadin”.

Lehen, biziki guti ziren euskal familia batean sortu ez izaiteagatik, euskara ikasi behar zutenak. Horregatik euskalduntasuna eta euskaldungoaren artean ez zegoen alde handirik. Ezagun bati buruz erran ohi zen hura euskalduna zela eta bestea aldiz kaskoina, eta puntu. Orain gauzak konplikatu dira.

Lehenik eta behin erran behar dizuet, gaur nik euskaldungoa eta euskal komunitatea, biziki hertsiki lotuak ikusten ditudala. Ene ustez bata ezin dela existitu bestea gabe.

Euskara bera gauza guti da, kasik azalezkoa, etorkizunean irauteko esperantza guti duen hizkuntza bat baizik ez, euskaldungorik islatu eta inkarnatzen ez duen jende tropa baten hizkuntzetarik bat baizik ez. Euskaldungoa, euskara jakite sinplea baino errealitate funtsezkoagoa da; gauden segur, euskaldungoak irauten ez badu euskarak ere ez duela iraunen hizkuntza artifizial eta hil gisan baizik: izan ere, euskaldungo hitzak, hizkuntza bat jakiteaz gain komunitate baten parte izaitearen zentzu eta sentimendua dauzka. Adibide gisa, eta gaia agortu nahi gabe, euskaldungoak suposatzen ditu gure komunitatearen ohitura, iragan eta aurrekoen errespetuzko ezagutza, hauekiko amodiozko ulertze eta atxikimendua. Horregatik komunitate hori ez da unean uneko kontzeptu bat belaunaldi zeharkakoa baizik; belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta ausart genitezke erraitera amen tititik edaten dela. Ez da alabaina zerbait mugitzen ez dena; izan ere, baldin badu erdigune egonkor bat, eraldatzen da gauza mundutar guziak bezala, bainan eraldatzen da, edo eraldatu behar luke, barneko dinamika baten eraginpean kanpotikako ekarpenak neurriz asimilatuz, digerituz.

Atzerritarrak ez ditugu inoiz baztertzen baina gure komunitatea integratzeko eskatua zaien esfortzua biziki zaila da, eta horretarako guti dira esfortzu hori egiteko gai direnak. Zinez eskertzekoak dira. Euskaldungoa gaur egun ezin hauskorragoa da. Egoeraren abiapuntua 1789ko iraultzaren estatu frantziarraren konkista basagatik dator nun argien ideia ederren zabaltzeko estakuruan, dena menderatu eta frantsestu nahi izan baitu.

Ondorioz, guk egiazko erakunde politiko propiorik ez dugu, eta azken hamarkadetan horren ondotik ibili gara alferretan. Horregatik gaur gure komunitatea defentsarik gabekoa gelditzen da, eta gainera orain egiazko inbasio batengatik sekulan baino tipiagoa eta barreiatua da; erran dezakegu jada kasik itoa dela Iparraldean.

Euskaldungoa eta euskal komunitate gure bi kontzeptu hauek erabiltzea, arrazista edo baztertzaile bederen ager liteke sustraigabeko garaikide harrotsu eta inkontziente anitzi. Gaitzeste “main stream” hori entzutea, libreki pentsatzeko hartu behar dugun arriskua da. Oroit gaitezen beti arriskurik gabe ez dagoela zinezko pentsatzerik.

Ene ustez, ordu deno, euskaldungo eta euskal komunitatearen kontzeptuak, biak ala biak, erabili eta aztertu behar gorria dauzkagu. Aztertzen hasi bederen zeren urrundik hasten baikara. Euskara eta haren biziraupenaren kezka dugu beti hizpide bainan euskararik ez da izanen euskaldungo eta euskal komunitaterik gabe. Borroka politikoa galdu dugu, baina oraindik metapolitikoa gelditzen zaigu. Horrelako hil ala biziko erronka existentzial baten aitzinean, gu eta gure ondokoak ez gara ergel izan behar, biziki temati eta adoretsu baizik. Nonahiko zintzoek ulertuko gaituzte, eta haietarik deliberatuenak erakarriko ditugu nonahitik jinak izan daitezen.


Email Facebook Twitter LinkedIn

Orotarik | 2026/09/10

Haziak Idazle

Eden Jovanovic - Darko Jovanovic - Unai Moujica - Aintzane Irazu Biscay - Unai Haristoy - Zélia Garcia Aiherrako eskola libroa, Aiherra 3. zikloko bigarrenak - taldeka

Haziak%20Idazle

Euskal Haziak elkarteak urtero idazketa txapelketa antolatzen du, aurten 11. edizioa da. Aurten 69 testu errezibitu dira, 200 ikasle inguruk parte harturik. Udan zehar, testu irabazleak Herrian agertuko dira.

Irakurri segida

Orotarik | 2026/09/10

Itsas Bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Itsas%20Bazterretik

Sartzea!

Irailaren 2an, asteazkenez, txirrinak jo duelarik, 258 ikasle kanpoko eremuan ziren. Alde batetik, seigarreneko ikasleak, sartzea bezperan eginik, haien kurtsoetara joateko prest ziren, lerrokaturik. Bestetik, bost, lau eta hirugarreneko ikasleak kanpoko eremuan ziren, haien sartzea egiteko prest.

Zuzendaria den Eneko Irigoyenen hitzaren ondotik, irakasle arduradunek haien ikasleak deitu eta bi orduz aurtengo plangintza deskubritzen ibili dira. Ondotik, berehala hasi dira lanean.

Seigarrenean 60 ikasle, bosgarrenean 75 ikasle, laugarrenean 57 ikasle eta hirugarrenean 66 ikasle izanen dira aurten.

Giro onean iragan da sartze eguna, kolegioa prest da! Sartze on deneri!



...

Irakurri segida


3848. zbk

Gure Hitza | 2026/09/10

Uda bero, idor eta luzea

Jean-Louis Harignordoquy

Maiatzeko aste bat kendu-ta, oraintsu arte iraun duen udaren luzetasuna azpimarratzekoa da. Ipar isurialde huntan segidako egun iguzkitsuek bazuten segurki Nafarroakoen, Espainiakoen eta Kaliforniakoen antza. Ofiziale eta laborari gehienak argi zirrintean lanari lotzera behartuak ziren, arratsaldeetako iguzki samina saihesteko. Baratzekari, igali, kabalen bazka, ekoizpen mota orotan galtze gaitzak dira. Idorte gogorra ikaragarriko suteen sortzaile izan da, leku batzutan aire gaixtoa erori delako, bertzeetan presuna zonbaiten ez aski kasu egiteagatik. Aurten bezala, sekula nabaritu ote da pinadoier eta arraxinadunei zoin aise lotzen den sua, bereziki azinda faltaz sasutuak direlarik? Argi da oihan eta eremu idorren kudeantza molde berri baten behar gorria. Iduriz, espainiar gobernua ohartua da horri; Europako eta urrunagoko erresumek ere ordu lukete. Sute erraldoi horiek, bai eta ibilgailuz eta hegazkinez eginikako gizakiaren harat-hunatek neurriz kanpo berotzen ari dituzte airea,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016