Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Irailaren 10a
Auzo batzordeen berri, Elkarteen foroa, Ondarearen egunak, Basamortuko artzain abila, Erakusketa eta Arruntzako bestak
B. S
Auzo batzordeen berri
Herriko Etxeak bultzaturik berriz abiatuko dira auzo batzordeak. Uztaritzen sei dira orotara. Lehenbiziko biek egina dute beren biltzar nagusia, Hiribehere-Sokorrondok irailaren 2an Lapurdin eta Purgu Xopolok biharamunean Gaztelondoan. Beste biltzar nagusiak izanen dira: Heraitzerena 9an Auzo Baitan, Etxehasia 16an Haitzekobordan, Arruntza 23an Erdiko Etxean eta azkenik San Mixelena 24an Landagoienen. Horiek oro berriz aipatuko direnak.
Elkarteen foroa
Aro ederra alde (nahiz doi bat bero), arrakasta ona ukan du joan den larunbatean elkarteen foroak. Goizik, Bilgune plazan 30 elkarteren erakuts mahainak prest ziren, iragan urtean baino hiru gehiago, hiru berri etorri direla lehen aldikotz. Publikoa abiatu da goizago (beroaren beldurrez hain segur), nahiz orokorki iragan urtean baino gutixago ibili den. Herriko Etxea, antolatzailea, pozik gelditu da egunaz.
Ondarearen egunak
Ondarearen egunak iraganen dira 18tik eta 20ko asteburuan. Egitarauan kausi ditaike lehenik 18an Marie Christine Amestoyren mintzaldia Kapito Harri elkartearen mende mugaz Lapurdi gelan (19:00). Bestalde, 19an eta 20an automobil xaharren, ziklomotorren eta tindu erakusketa bat izanen da Haltya jauregian, bisitak direla bi egunez (10:00-19:00).
Basamortuko artzain abila
Irailaren 19an Labourdins elkarteko musika taldeak eskainiko du ''Basamortuko artzain abila'' Itxaro Bordaren sorkuntza bat musikaturik emanen duena. Maleziaz eta suspensioz betea den alegiazko ikusgarri hori Itxaro Bordak idatzi du Labourdins elkarteko musikarientzat beren zerbitzuko jarriz. Ikusgarria deneri idekia da, haur edo jende heldu, nahasiz umore, gizatasun eta behako kritiko bat gaurko munduari. Lehen emanaldia euskaraz izanen da beraz 19an Bilgunen (18:00). Bada ere bertsio bera frantsesez ''Le Berger rusé d'Orient'' deitua eta beraz frantsesezkoa emanen da biharamun 20an, beti Bilgune gelan (16:00). Sartzea libre izanen da bakotxak emaiten ahalko duela bere parte hartzea. Ongi etorri hoberena segurtatua da gisa guziz.
Erakusketa
If Machicotek 2026-2027 bere erakustaldiak hasi ditu tTok bere arte lekuan eskola ikasturtearekin batean eta artista desberdinekin. Maite Pinto Zangroniz bilbotarra da lehen artista bere obrak toki hortan eman dituenak. Erakusketaren lema: ''Bidaiaren oihartzunak''. Maite Pinto arte ederrean lizentziatua da Euskal Unibersitatean eta masterra eskuratua du Inglaterran. Egonaldiak ere egin ditu Japonian, Buenos Airesen eta ere Mexikon. Asko sari eskuratu ditu hor gaindi. Bere obra finkatu du teknika grafikoetan eta argazki artxiboetan. Erakusketaren estreinaldia egin da irailaren 4an eta egonen da urriaren 22a arte. Bisita tenoreak dira: asteartea (17:00-20:00), asteazkena (9:00-16:00), osteguna (15:00-18:00) eta ere hitzordu bat hartuz zenbaki huntan: 06-01-98-00-24. Ongi etorri deneri.
Arruntzako bestak
Arruntzako bestak iraganen dira irailaren 18tik 20ra. Huna egitarauan zer ikusten den:
Ortzirala 18: Arruntzako elizan Rockame kantuz eta Ikusiko abesbatza (19:45, sartzea 10 euro); pilota plazan afaria paella jatea (21:30, 20 euro) Goxoki taldeak alaiturik; DJ dantzaldia (0:00).
Larunbata 19: plazan haurren pala torneoa (10:00, izen emaitea 5 euro), bazkaria Leku Eder jatetxeak antolaturik (12:30, 25 euro), Izartxo taldearen ikusgarria (17:00), Euskal indar jokoak Elgarrekin taldearekin (18:00).
Igandea 20: meza nagusia elizan (10:00), besta komitearen aperitifa Aldacourou gelan (12:00), Auzoz Auzo arteko jokoak, 8 talde gehienik (14:30, 10 euro taldeka), zintzur bustitzea Loazic Akustic taldeak animaturik (18:00) eta dantzaldia DJ Gu (21:00). Besta on deneri.





