Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Irailaren 10a
Ondareari buruzko egunak, Txik Txak garraio-txartelak, Mutxikoak plazan, Elkarteen Foroa, Urruñako Antzerki Eskola...
Ondareari buruzko egunak
Irailaren 19tik 21era Ondareari buruzko egunak izanen ditugu herrian. Horren kari bisita gidatuak eta erakusketak antolatu dituzte.
Irailaren 19an eta 20an, Urtubiako jauregia ezagutzeko bisita izanen da. Bertan, jauregien garapenari buruzko erakusketa bat izanen da ikusgai. Prezioa: 0 eta 7 euro artean.
Irailaren 19an, bisita gidatua izanen da Intzura uhartera, Faisaien Uhartea ere deitua, 10:00ean eta 16:30ean, kittorik.
Irailaren 19an eta 20an, Antton Abadiak Aragorri deitu eremuan eraiki zuen Abadia jauregia eta behatoki astronomikoa ezagutzeko bisita gidatua eskainiko da, 10:30etan eta 14:00etan, 0 eta 6,50 euro artean.
Irailaren 19an eta 20an, itsaso aitzinean den Camino doktorearen etxea ezagutzeko bisita gidatua izanen da eta bertan Legasse armadoreen familia-museoa ikusgai izanen da, kittorik.
Irailaren 19an, Santa Ana elizan, Hitzaldi musikala André Marchal jaunari buruz, eta horren ondotik organo emanaldia, 16:00etan. Informazio gehiago Urruñako Turismo Bulegoan.
Txik Txak garraio-txartelak
Urruñako Turismo Bulegoak Txik Txak sareko garraio-txartelak saltzen ditu. Erabiltzaileek, besteak beste, Eusko Pass txartel konbinatua (autobusa + Topoa), sarean mugarik gabe bidaiatzeko Pass txartelak (1, 3 edo 7 egunetarako), baita gehienez bost pertsonarentzako egokiak diren Talde Txikiko txartelak ere eros ditzakete bertan. Formula horiei esker, garraio publikoan errazki mugi daiteke lurralde osoan. Informazio gehiago nahi izanez gero, harremanetan jarri Turismo Bulegoarekin.
Mutxikoak plazan
Irailaren 20an, igandez, mutxikoak izanen dira herriko plazan, 11:45etan, Patxi eta Konpainia taldearekin.
Elkarteen Foroa
Herriko elkarteen foroa irailaren 12an, larunbatez, eginen da Herriko Etxeko areto nagusian, 14:00etatik 18:00etara. Euria balitz, Zokoa auzoko kulturgunean den ezker-paretan eginen litzateke. Biltzar horretan, kultura, kirol, ondare eta aisian mugitzen diren hogeita hamar bat elkarte inguruk beraien lana eta egitasmoak aurkeztuko dituzte besteen aitzinean. Sarrera libre eta kittorik.
Urruñako Antzerki Eskola
Herriko Antzerki Eskolatik jakinarazi digutenez, irailean hasiera emanen diote kurtso berriari. Haurrendako saioak ostegunetan, arratsaldeko 17:30etatik goiti eta helduentzakoak, egun berean, 18:30etatik goiti. Euskaraz beti. Behobiako eliza parean den herriko gelan iraganen dira. Informazioa: 06-22-73-02-84 telefono zenbakira deituz.
Kantauri abesbatza
Urruñako Kantauri abesbatza 2011n sortu zen, kantu koralaren zaleek bultzatuta, eta Isabel Lakar dute zuzendari. Beren kontzertuetan euskal polifonia tradizionala zein garaikidea biltzen dute, baita lan sakratuak eta beste herrialde batzuetako kantuak ere. Aurten, Pausuko besten kari, Pausuko Done Jakue elizan kontzertua eman zuten, eta berriki, herriko besten aitzindari, irailaren 3an, kontzertu ederra eman zuten Jondoni Bixintxo elizan. Urtea bukatu aitzinetik herriz herri ibiliko dira kantari Urruñan, azaroaren 22an, musikarien zaindaria den Santa Xexiliren egunean, herriko mezan kantatuko dute.
Bidasoaldeko ganbera hustea
Irailaren 13an, igandez, 09:00etatik 15:00etara, Urruñako Organoak elkarteak antolaturik, ganbera hustea (arropak, platerak, jokoak, pitxiak, liburuak, disko trinkoak, brikolajeak, altzariak… eta abar), musika giroa eta taloak izanen dira Bidasoa ibaiaren aitzineko pilota-plazan. Argibideak: 06-76-30-26-97.
Urruñarrak Errugbi Eskola
Jadanik kurtso berrirako lau urtetik goitiko haur eta gaztetxoak, neskatxak zein mutikoak, hartzen hasi dira. Izena emateak larunbatero, 09:45etik goiti, herriko estadioan. Informazioa: 06-77-49-37-28.
.j093801.jpg)




