Gure Hitza | 2022ko Agorrilaren 04a

Bestaz-besta?

Janbattitt Dirassar

Bestak, pestak, festak, ez dugu denek beti hitz bera erabiltzen, bainan denak gauza beraz ari gira, denek, edo kasik denek, hoin maite ditugun besta horietaz! Bi urte eta erdiz nunbait han besta frango edo ez dira batere egin, edo arras murrixki, ezagun zen bazela hor eskas handia! Orain bestak berriz hor dira eta badute ikaragarriko arrakasta! Denek gogoan nolako mundua bildu den Iruñako San Ferminetan, gauza bera egun hauetan Baionako bestetan, beren 90 urteak guziz airoski ospatzen zituztela! Hoinbeste jende hoin harro, gehienak xuri eta gorriz jantziak! Egitaraua ere gisa hartakoa! Hor aipatzen ditugu aspaldian fama handi-handia duten bestak bainan beste anitzek ere nola ez dituzte bazterrak harrotu, izan Donibane Lohizunen, Hazparnen, Uztaritzen, Maulen, Donapaleun, Pausun eta beste anitz tokitan! Agorrileko Andredena Mariak ekarriko dituenak ere gaitzak izanen dira itxura guzien arabera, aroa batere alde izanez geroz segurik! Bai, jendea azkarki atxikia dago herriko besteri bainan beste hitzordu frangori ere, hala nola zuberotarrek beti kar berarekin eskaintzen duten pastorala edo trajeriari, aurten Muskildik ezin ederkiago ospatuz Simone Veil anderea! Hor dira ere beste elgarretaratze frango, pilota lehiaketa, ikusgarri herrikoi, ibilaldi airos, kontzertu kartsu eta gaineratiko! Besta mota frango beraz, denak bihotz-altxagarri, gure nortasun nasaiaren lekuko! Bai, zinez, badugu besta horien beharra eta ez entrabalekoa!

Beroan bero, beste besta bat ere nahi nuke aipatu. Donibane Lohizuneko elizan joan den astean iragan dena. Kattalin Ithurralde anderearen ehorzketak. "Bainan zer diozu gizona, zer duzu burua galtzen ari edo berdin arrunt galdua ere?" Badira beharbada lerro hauek irakurtzean holako galde zerbait jinen baitzaiote burura. Eta bizkitartean gisa hartako elizkizuna izan da. Lionel Landart erretorak ere ez du besterik erran, besta baten parekoa izan dela! Esker onezko omenaldia alabainan biziki jendetsua eta guziz kartsua! Ez ginuen nornahi Kattalin Ithurralde, sortzez Biolet, 107 urtetan pausatu dena! Gutti dira, gutti baino guttiago nolazpait, adin hortara heltzen direnak! Bestenaz ere luzaz eta luzaz hoin ernea eta hoin jendekina izanik! Ez hain aspaldi oraino ortziraletan bazoan herriko merkatura eta igandetan elizara, bidean nornahirekin solasean egonez, beti berdin goxoki eta lañoki! Ama familiako guziz goresgarria, errotik atxikia bere herriari, bereeuskaldungoari eta bere girixtino fedeari. Gazte gaztea zelarik Begiraleak elkarte baliosaren sortzailetarik izana. Beti egona gero elkarte horren kide argi eta laguntzaile suhar! Mezan, Ezpata-dantza eskainia izan zaio bildutasun handienean eta gero aurresku ederra! Bai, ehorzketak ziren joan den egunean eta denbora berean besta zen, han ziren anitzek bihotzaren zolatik azpimarratu duten bezala!

Egoki da gisa hortan prezia ditzagun gure bestak bainan biziak badauka besterik ere, hori da lur huntako legea, nahitez jasan behar duguna! Ez gira den hoberenetik ere alde bat bestaz-besta ibiltzen ahal! Gutien ustean badira arrangura saminak, buruhauste pisuak eta nahigabe guziz minberak! Uda huntan ere beti bezala! Gaitzeko suteak, idortea, eta idortearekin ur eskasa anitz lekutan. Han edo hemen noiznahi untsa gertakari hitsak eta ilunak! Hala nola, berriz Donibane Lohizunera joan giten, joan den egunean gertatu den izigarrikeria! Gizon batek, zentzua galdurik itxura guzien arabera, etxe bati su eman baitio, bere buruaz etsirik bizia galdu baitu, gorputza errekinen artean kausitu baitute. Nork erranen zuen holako gauza ikaragarria funts hortan gertatzen ahal zela Donibane bezalako herri batean?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3657. zbk

Gure Hitza | 2022/08/04

Bestaz-besta?

Janbattitt Dirassar

Bestak, pestak, festak, ez dugu denek beti hitz bera erabiltzen, bainan denak gauza beraz ari gira, denek, edo kasik denek, hoin maite ditugun besta horietaz! Bi urte eta erdiz nunbait han besta frango edo ez dira batere egin, edo arras murrixki, ezagun zen bazela hor eskas handia! Orain bestak berriz hor dira eta badute ikaragarriko arrakasta! Denek gogoan nolako mundua bildu den Iruñako San Ferminetan, gauza bera egun hauetan Baionako bestetan, beren 90 urteak guziz airoski ospatzen zituztela! Hoinbeste jende hoin harro, gehienak xuri eta gorriz jantziak! Egitaraua ere gisa hartakoa! Hor aipatzen ditugu aspaldian fama handi-handia duten bestak bainan beste anitzek ere nola ez dituzte bazterrak harrotu, izan Donibane Lohizunen, Hazparnen, Uztaritzen, Maulen, Donapaleun, Pausun eta beste anitz tokitan! Agorrileko Andredena Mariak ekarriko dituenak ere gaitzak izanen dira itxura guzien arabera, aroa batere alde izanez geroz segurik! Bai, jendea azkarki atxikia dago herriko b...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016