Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2022ko Irailaren 22a
Heriotze - Ezkontza - Herriko egiturak
Heriotze
Leizpartze Behereko-Etxeko Patrick Urrutia pausatu da, aitzineko astean, 67 urtetan, eritasunak eremanik. Laboraria ofizioz, bere sort etxaldean eman du azken hatsa. Doluminak Daniel eta Nicole anai-arreberi eta familia guziari.
Ezkontza
Baigorriko Martta Hirigarai eta Aldudeko Dominique Campistron andereak gure Herriko Etxean esposatu dira, joan den ibiakoitzean. Ezkontzaren zeremonia biziki hunkigarria izan da eta ondotik plazan Larrain dantza eman da, heien izaitearen eta borrokaren sinbolo den bandera koloretsua frontoiaren gainekaldean handizki hedatua zela. Besta giro loriagarrian segitu da Gamiako lepoko ostatuan.
Huna lagunek bi esposen ohoretan prestatua zuten kantuaren hitz zonbait:
Esku batean batek margoa, besteak aldiz palantxa
Bakotxak bigarren eskua besteari atxikia
Aitzina Domi, aitzina Martta
Ta kanta gurekin gora
Zer inporta ezkongaien jauntzia
Maitasuna biluzia da.
Aitzina Domi, aitzina Martta
Ta kanta gurekin gora
Maitasuna ta maite denarekin
Ezkontzeko dretxoa.
Baigorrin egun historikoa
Dugu gaur ospatzekoa
Bi emazteren ezkontza
Ohore Domi ta Martta.
Herriko egiturak
Herriko Etxearen aldizkaria gehienek eskuratua dukezue. Besteak beste, bi xederen berri emaiten dauku: igerilekua eta eskubaloia sala.
Euskal Elkargoak joan den maiatzean bozkatu zuen bere "igerileku plana", haur guziek igeri egiten jakiteko xedearekin. Baigorrikoa ere hortan sartu zuen eta 2 milioi euro inguru erabiliko ditu hemendik 2030era, berritzeko eta normetan ezartzeko!
Eskubaloi salari buruz, aitzin ikerketak eginak dira eta arkitektoen lehiaketaren lehen fasea hasi da, ekainean. Lanak 2024an hasiko dira, 2025eko udan idekitzeko ideiarekin.
Katixima
Parropiako haurrek katiximako sartzea egiten ari dute. CE2, CM1 eta CM2koak buruilaren 21ean hasi dira eta CE1ekoek buruilaren 28an dute lehen hitzordua. Ongi etorri Véronique Gillet, bosgarren katixima egile berriari. Bestalde, katixima egileek nahi lukete gaztetxo talde berri bat abiatu. Lehen komunioaren ondotik utzirik, konfirmazionea prestatzeko berriz hasi nahi luketeenak baditaizke. Orain kolegioan izanez, ez dira gehiago asteazken goizeko katixima klaseari lotzen ahal. Arduradunek nahi lukete talde berria abiatu, eguna eta tenoreak gaztetxo horieri egokituz. Zuen inguruan aipa eta xehetasunak ukaiteko edo izen emaiteko, deitu Jaun Erretora 06-09-39-05-52 zenbakira.











