Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2022ko Irailaren 22a
"Herriarekin" dokumentala - Bilkurak herrietan etxe-hondakinen bilketa - Mediatekaren sartzea - "Argitze" biltzar nagusia
"Herriarekin" dokumentala Donapaleuko zineman
"Herriarekin" Jean-Pierre Vedelen dokumentalak, 70. hamarkadatik goiti, Ipar Euskal Herriko apezek Euskal Herriko gatazkan hartu duten lekua erakusten du. "Herriarekin" elkartea beren engaiamendu politikoa eta erlijiosoa partekatzeko sortu zuten. Gaur-egun borroka armatuaren eragileen eta biktimen arteko hurbilketa lantzen dute, pentsatuz atzoko etsaiek hitzen bidez bakea lortzen ahal dutela. Dokumental hau Donapaleuko zineman ikusten ahalko da, ostegun huntan, buruilaren 22an (20:30). Atxik Berrituz elkarteko kide zonbait hor izanen dira, filmaren ondotik debatean parte hartzeko.
Bilkurak herrietan etxe-hondakinen bilketa sistema berria hobeki ulertzeko
Amikuzen, etxe-hondakinen bilketa berrantolatua izanen da, heldu den urte hastapenetik goiti. Orain arte diren ontziak kenduak izanen dira eta horien orde erdi lurperatuak diren edukiontziak herri bakoitzean pausatuak izanen dira: bat etxeko zikinkeriena, beste bat paketatze eta paperena, bestea berina ontziena. Berrantolaketa hunen helburua bereizketa selektiboa errextea eta hobetzea da. Bakoitzak txartel bat ukanen du edukiontzien idekitzeko. Horietan sartzen ez diren hondarkinak, hondakindegira eraman beharko dira, orain bezala.
Proiektu hunen hobeki esplikatzeko eta galdereri erantzuteko, Herri Elkargoak herrietan buruil huntan eta urri hastapenean bilkurak antolatuak ditu. Jendea jakinean atxikitzeko, nun eta noiz antolatuak diren, gomitak etxe guzietara helaraziak izanen dira.
Amikuzeko mediatekaren sartzea
2022ko sartze kari, Amikuzeko mediatekak jakinarazten du idekirik dela asteazkenetan (9:00-12:30 eta 14:00-19:00), ostiraletan (14:00-19:00) eta ibiakoitzetan (9:00-13:00). Dohainik publiko guzieri 20.000 dokumentuz goiti eskaintzen ditu (gazte albumak, CD eta filmak, nobelak, aldizkariak, arteari, zinemari, sukaldaritzari, historiari... buruzko liburuak). Bestalde Internet gunea eta jostailu-gunea eskainiak dira. Leku egokia irakurtzeko, lan egiteko, jostatzeko, baita ere memento goxo bat familian edo(ta) lagunekin iragaiteko.
Dohainik den harpidetzari esker, hilabeteko bakoitzak 20 bat dokumentu hartzen ahal ditu. Bi liburuzain hor dira laguntza ekartzeko eta galdereri erantzuteko.
Bestalde, urtean zehar hitzordu desberdinak proposatuak dira (tailer, erakusketa, elkarretaratze, ikusgarri...). Urrian, eleberri lehiaketaren sariak emanak izanen dira eta beste animazio batzu proposatuak, mediatekaren 20 urteen kari.
Argitzeren biltzar nagusia
Donapaleuko zinemaz arduratzen den "Argitze" elkarteak, berrikitan 2021 urteko biltzar nagusia egin du. Jérôme Alkhatek urteko bilana aurkeztu du, azpimarratuz COVID-arengatik, lau hilabetez zerraturik egon zela. Hala ere 17.270 ikusle agertu dira, eskainiak izan diren 1.055 emanaldietan. Urteko gastuak 200.145 eurokoak izan dira eta sartzeak 235.760 eurokoak.
Aurten, zinema geletan ibiltzea azkarki apaldu da, Frantziako estatu guzian %50ez! Arazoak: film ospetsu guti, plataformen konkurrentzia (Netflix...) eta COVID-aren ondorioak. Hala ere ikuskizun galdera azkarra da (hilabetean lau) eta urte hondarra arte egutegia betea da.
Euskal Elkargoari "Argitzek" bere kandidatura pausatuko du, ondoko bost urtetan zinema gelen antolaketa segitzeko, orain arte egin duen bezala.
Ondoko hitzordu zenbait
Huna ondoko asteetan aipatuko ditugun hitzordu zenbait, jadanik egutegietan ezartzeko:
- "Antso azkarra edo Miramamolinen esmeralda" antzerkia Jostakin taldeak emanik. Aiziritzeko gelara jinen dira, urriaren 8an (20:30). Aitzin, giroan sartzeko, Kitzikazank amikuztar taldeak aperitifa alaitsura gomitatzen gaitu.











