Herriz Herri - Sara (L) | 2022ko Irailaren 22a
Sarako bestak - Sorospen formazioa - Bestetako kirolak
Sarako bestak - Bukatu dira aro eder eta beroarekin, gertakari guziak ongi pasatu dira, izan da jende. Igandeko eguna, gazteriak antolatua, auto mozorrotuekin desfile ederra iragan da, pilota partidetan errebotea ongi betea zen, ardi xakur lehiaketa ere ezin hobeki pasatu da. Aperitifa denboran eta dantzaldietan gazte horiek ongi jostatu dira, partikularki asteartearekin, beren eguna baitzuten. Haurrak ez ditugu ahantzi behar, igerilekuko aparkalekua dena jokoz betea zen eta bukatzeko, azkeneko uztarra suziriak ikusgarriak ziren, usaian baino anitzez ederragoak. Biba gazteria holako bestak antolatzeagatik, ahantzi gabe Zazpiak Bat-en dantzariak, astelehenarekin ongi eman dituzte dantzak. Heldu den urte arte.
Sarako Herriko Etxeak - Lehen sorospenen (1. maila) formakuntza proposatzen du UDPS64ekin, 18 urtetik goiti duten herritarrentzat, Herriko Etxean iraganen da (8:30-12:30 eta 13:30-16:30):
- Urriaren 8an, larunbata: 10 presuna gehienik.
- Hazilaren 5ean, larunbata: 10 presuna gehienik.
Zuen izena ematean eguna hautatu. Formakuntza bakotxeko izena emanak duten lehen hamarrak hartuak izanen dira. Izen emateak: ccas.saran@gmail.com ahalaz edo Herriko Etxean.
Formakuntzaren prezioa: 55€koa da, bakoitzak 20€ eman beharko ditu, gaineratekoa Sarako CCASak bere gain hartzen du. Zuen galdearen ondotik, izen emate fitxa eta formakuntzaren barne araudia helaraziko dira. Izenpetua Herriko Etxera itzuli beharko da, 20€ko txeke batekin (Trésor Public-aren izenean). Ondotik, mailez baieztatze mezua bidaliko da. Formakuntzara ez agertuz gero, dirua ez da itzulia izanen
Bestetako kirolak - Lasterka: 100 bat parte hartzaileizan dira, lehen Levoy Guillaume 44mn04, ondotik Lamolere Valentin 44mn36 atera dira. Lehen emaztea 38. lekuan, Marino Rebeca 1:01mn36, ondotik 41. Iralde Lea 1:02mn11. Pilota: Open joko-garbi finala, Carricaburu Frederic, Arieta Mathieu eta Petrissans Denis 40-38 irabaztun Franchistegui Robert, Etchevest Simon eta Larramendy Peioren kontra. Luzean: igandean Sara irabaztun 8-7 Baigorriren kontra. Astelehenean Uztaritze 11-01 irabaztun saratarren kontra. Asteartean Hazparne 10-4 irabaztun Senpereren kontra. Trinketean finala: Jauregiberry-Ducassou 40-31 irabaztun Echeverria-Iphar-en kontra. Esku Pilota plaza laxoko finala: Harismendy Thierry-Bereterbide Xabi 30-24 irabaztun Mendiburu Florian-Arbeleche Julien-en kontra.










