Euskal diaspora | 2022ko Irailaren 22a
Euskal Herria ospagai, El Vasco, Arantzazu, Colorado eta Emazte Bazkaria
Joseba Etxarri
BUENOS AIRES. Jendetza bildu zen Buenos Aires erdiguneko Mayo Abenidan ezarri oholtza eta saltokietan 'Buenos Airesek EH ospagai' edo 'Buenos Aires Celebra' jaialdian parte hartzeko buruilaren 10ean. Bi urtez pandemiak baldintzaturik, biltzeko eta elgar berriz ikusteko gogoa handia zen. Hogeita hamar euskal etxe eta elkarte, 21 dantza talde, dozenatik gora gastronomia stand eta beste hamaika, liburu, bidaia, espartin, bitxi, zeramika, eskulan, oroitzapen, genealogia eta euskarari emanak, besteak beste, kolorez bete zuten programa, Xabier Aburruzaga trikitilaria Euskal Herritik gomitatu musikaria. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua egon ziren [heldu den urtean Ipar EHko Euskal Elkargoa ere?] eta ikusmolde guzien arteko bategite eta batasuna azpimarratu zion FEVA Argentinako euskal erakundeen lehendakari Arantxa Anituak HERRIAri, egunaren laburpena eginik.
'EL VASCO' FILMA. Joan den ortziralean estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian 'El Vasco', Argentinako euskal diasporan grabatu filma. Oroit, Euskal Herriaz nazka eginik den Mikel (Joseba Usabiaga) gazte euskalduna dela protagonista, urruntzeko Argentinako puntara joan eta bertan euskal komunitate arras bizia duen herri baten erdian bukatzen duela. Komedia da, eta ikusi dutenek gogoeta ere eragiten duela erran dute. Hegoaldean eta Espainian urriaren 7an estreinatuko da zinemetan. Argentinan eta Iparraldean ez dute oraino adierazi.
ARANTZAZU. Irailaren 9an ospatu zen Arantzazuko Ama Bijinaren eguna, eta Euskal Herrian ezezik À¢'€'"Gipuzkoako zaindaria baitaÀ¢'€'" leku gehiagotan ospatu zuten, adibidez Argentinako 'Cuatro Esquinas' landa-eremuko 'Arantzazu' (sic) kaperan, Cipollettin, Patagoniako Rio Negro probintzian. Gipuzkoatik ekarrarazia da bertan den Arantzazuko Amaren estatua. Inguruan bada euskal etxe bat, 'Baskos de la Confluencia' du izena, eta apezpikuak bertan eman zuen mezan, euskal opari batzuk eman zizkioten, ikurrinarekin.
GRAND JUNCTION, COLORADO. Heldu den ebiakoitzean eginen dute Colorado Euskal Etxeko euskaldunek heien piknik besta Grand Junction-en, Jean Urruty (1903-1983) donazahartarrak 1978an eraiki zuen Urrutia pilota plazan, 11:30etarik goiti. NABOko pilotariak pilota erakustaldia eginen, ardiki jatea izanen, haurrendako jokoak... Mayi (Berterretche) Petracek da Colorado Basque Club-eko burua.
ELKO, NEVADA. Larunbat huntan baita ere eginen du Nevadako Elkon urteko elgarretaratze eta besta, Nevada eta inguruko emazte talde handi batek, Florence (Etcheverry) Frye alma mater. Emazte topaketa da, eta hala du izena "Ladies' Luncheon, Preserving our culture" (Emaztea Bazkaria, Gure Kultura Babesten). Aitzina eta goiti, ongi ospatu, eta mila esker handi bat, emazteok!











