Herriz Herri - Irisarri (NB) | 2022ko Agorrilaren 04a
Pilota - “Aitzin gero” erakusketa
Pilota
Finalerdietan - Euskal Herriko xapelketako bi finalen ondotik, gure lehen mailako Etcheto-Arbeletche xapeldunek, arteko Berrogain-Bidart xapeldun-ordeek eta Mollon-Bidart gazteek, Frantziako xapelketako bidea hartu dute, final-laurdenak jokatuz. Lehen mailan Etcheto-Arbeletchek 30/14 landestarren kontra irabazi dute. Artekoetan Berrogain-Bidart 30/00 landestarren parean. Gazteetan Mollon-Bidart 30/20 Atzarriren kontra. Beraz aste hondar aberatsa gure hiru pareentzat eta orain finalerdien jokatzeko parada ukanen dute. Artekoak agorrilaren 5ean, Iholdiko plazan (20:00) ariko dira, Mauleren kontra. Gaztetan agorrilaren 6an, Hazparneko Zelai auzoan (18:00) Zaharrer Segiren parean. Lehen maila agorrilaren 7an, Donapaleuko kantxan (17:00), Airetik-en kontra. Berriz ere uztailean bezala gure pilotari atrebituentzat eta sostengatzaileentzat, pilotaren festibala dukegu. Deneri ongi etorri eta pilota on!
Gure Doian finalak - Duela hamabost egun, Gure Doia trinketean, apirilean hasi lehiaketaren finalak iragan dira, huna emaitzak:
3. mailan: Bachacou-Bidondo 40 / Dubois-Dunat 37.
2. mailan: Etchebarne-Izoko 40 / Etcheverry-Pochelu 15.
1. mailan: Idiart-Etcheverry 40 / Arambel-Camino 31.
Hemen ere eskertzekoak dira bai pilotariak eta antolatzaileak.
“Aitzin gero” erakusketa
Berriz oroitarazten dut“Aitzin gero” Irisarriko begirada erakusketa agorrilaren 27a arte Ospitalean irekia dela. Ene partetik aste huntan izan bainaz ez zaut dolutu,behin ere ikusiak ez nintuen argazkiak ezagutu baitditut. Batean neure burua 10 urtetan eskolako besta batean, haurrek moldatupiramide batetan, Sorhondo errientaren besoetara jauzi egin behar bainuen, iduriz gostuan naiz segur bainintzan ez ninduela erortzera utziko. Gure errienta goi mailako kirolaria zen errugbi XIII-an trebea. Badira denbora hartako eskolako argazkiak, ea nork bere burua ezagutuko duen!
Sartzea urririk, deneri irekia da, astelehenetik larunbatera (10:00-12:30 eta 13:30-17 30).