Orotarik | 2022ko Irailaren 22a
AURKIKUNTZA?
Epelondo
Iragan uztailean, Frantzisko Aita Saindua Kanadan ibili zen, "penitentzia bidaia" deitu bisita luze baten karietara. Eliza katolikoak badu gauza asko barkarazteko, hainbat modutako abusu salatuetatik hasi eta, hemen berean, jada aipatuak ditugun barnetegi zakarretaraino. Ildo beretik ikusi dugu pasa den astean, Inuit herrikide talde bat Lyonen, Macron presidenteari, eraso sexual egilea izatea leporatzen dioten misionest zahar baten Kanadarako estradizioa eskatzen. Kanadan, Frantzian ez bezala, krimena horiek ez dira sekula preskribitzen. Eta Frantziak ez omen ditu bere hiritarrak estraditatzen, ustezko haur bortxatzaileak izanagatik...
Baina gure gaurko kronika ez doa hari horretatik. Mundu Berrian, Amerikar kontinentean alaina, elizak bere onerako finkatu zuen Aurkikuntzaren Doktrina ezaguna dabil indarrean. Autoktonoek espero zuten hitzik ez zuen ahoskatu Frantziskok doktrina horren kondenatzeko, indigenen eta elizaren arteko harremanak oinarri "egalitarioagoetan" berriz abiaraztearren. Aita Sainduaren isiltasuna, elkorra suertatu zen, oihartzun beldurgarrikoa. Doktrina hori, 1493an plazaratu zen Inter caetera bülarekin, eta horren arabera, Kristobal Kolonek "deskubritu" Amerika zabala, portugesen eta espainolen artean banatu zuen elizak. Autoktonoen lurrak inoren terra nullius delakoak izanki, konkistatzaile frantses eta ingelesek ere arraiki berengana zitzaketen iparraldean.
Elisabet II Ingalaterrako erregina joan zaigun honetan, -goian bego-, agertu dira Kolonbia Britaniarreko komunitateak galdera bera egiten Charles III Londresko erregeari, Lehen Nazioak funtsez eta duintasunez desjabetzea zilegitzen duen aurkikuntzaren doktrina abandona dezala hots, konkistatzaile eta konkistatuen arteko adiskidetzea bideratzeko.
Horrelakorik egitzen ahal baldin bada...












