Herriz Herri - Aldude (NB) | 2022ko Irailaren 22a
Kintoan barna - Ezkontza - Kermeza
Kintoan barna
Joan den astean Kintoan Barna mugaz gaindiko proiektuak estreinatuak izan dira. Eguna, Baigorrin Mehaka zentroaren bisitarekin abiatu da, ondotik Bankan meategiko bidexkan barna ibiliz, Alduden Erreka Gorri aterpetxea ikusi eta, Urepelen Amerikanoinean pasatuz, proiektu horien emaitzak orok deskubritu dituzte. Hortik landa, Eugin, Fabrica de Arma deitu gunean estreina ofiziala egin da.Iruñako koru batek Agur Jauna kantuarekin harrera ezin hobea eskaini ondoan, proiektua lagundu eta sustengatu duten kargudun ofizialek hitza hartu dute, batzu bestek ekarri duten laguntza goraipatuz. Proiektu huntan egin diren obrek, %80ko diru-laguntza eskuratu dute. Mintzaldien ondotik, mahai hornitu on baten inguruan, lasaiki solasean segitzeko eta elgar ezagutzeko aukera ukan dute. Eguna Zubiriko aterpetxea eta Ezteribarren Zubiriko zubiaren bisitarekin bururatu da. Gertakari arraroa, ohitura iraunkor bat bilakatzea merezi lukeena.
Ezkontza
Joan den ebiakoitzean, Iputxaineko Dominique Campistron-ek biziko lagun hartu du Martta Hirigaray baigorriarra. Bikote hau Baigorrin bizi da. Goresmenak Dominique eta Martta!
Kermeza
Igandean kermeza da. Eguna mezarekin hasiko da, klikak eta eskolako haurren parte hartzearekin.Eguerdiko bazkariarentzat izenak lehenbailehen eman behar dira,Elodie Laxague deituz zenbaki huntarat06-42-82-52-04 edo Aurélie Baudour06-71-50-88-78. 20€tan bazkaria etxera eremaitea posible izanen da, baita ere untzietan basurde saltsa erostea 20€/kg. Egunean zehar, film desberdinen ikusteko parada izanen da, hala nola lehengo bestak, bai eta ere duela 25 urteko feriak.Oroitzapen eta emozioz beteak diren memento batzuk. Pilota partidak ere izanen dira. Ongi etorri deneri!











