Mundu zabalean | 2022ko Irailaren 22a
Munduko futbol kopa ezin jasana
M.O.
Kronika huntan berean aipatu ginuen Qatar-en, azaroan iragaitekoa den munduko futbol txapelketarentzat lanean ari direnen baldintza txarrak. Ondorioz bederen 6.500 bat langile hilak izan dira, Qatarreko agintariek 37 bakarrik izan direla agertzen dutelarik. Gehienak indiar langile migratzaileak dira, baliatuak izanez, lan baldintza dorpeak jasan dituzte, miseriazko lansaria eskuratzen zutela. Munduko Kopako azpiegitura guziak eraikitzera masiboki etorri langileen bizimolde deitoragarria aipagai delarik, emirerriak tratu txar ala axolagabekeria ez dela izan defendatzen da.
Egoera hori dela eta, eraikuntza lanetan esplotatuak izan direnen alde, Amnesty International erakundeak nazioartean populazioak egoera horren berri ukan dezan eta beren iritzia adieraz dezaten, inkesta bat abiatua du. Helburua da jende horien kalte-ordainak kontutan hartuak izan daitezen. 17.000 pertsonek erantzun dute, %73a eskaera horren alde agertu da, horietan futbolzale anitz. Erantzun duten pertsonek, beren herriko futbol elkarte nazionalak kontrako jarrera azkarra har dezan galdegiten dute. Futbol-elkarte nazionalak FIFAko partaide izanez, langile migratzaileen kalte-ordainak, bai eta giza eskubideen nazioarteko arauen babesteko erantzukizuna dutela uste dute.
Txapelketa boikotatzeko deialdiak gero eta handiagoak dira. Horietan ezagunak diren Eric Cantona (Manchester United) edo Philipp Lahm (Bayern Munich) futbolariak, ez dutela parte hartuko abisua zabaldu dute, salatuz jendeen eskubideen urraketa izan dela. Momentuz, Qatarren jokatzeari uko egin dutenetan, ez da jokalari profesionalik, ez eta federaziorik. 2021eko martxoan Europako hainbat selekziok, hala nola Norvegia, Alemania eta Herbehereak egoera horren salatzeko ekintza sinbolikoak egin zituzten, zelaian kamisetak jantziz. Klase politikoaren baitan ere, ekitaldiaren inguruan anitzek erresalbuak agertu dituzte, baina gutik boikota egitera. Hedabideen aldetik ere mementoan ez da ihardukitze handirik, Reunion ugarteko egunkari bat salbu, "Gu gabe" titulu pean mezua agertu du.











